Dokumentuaren akzioak
Erbesteko dantza
Tanttaka taldearekin elkarlanean eta Juan Mari Beltranen musika oinarrian hartuta prestatu dute obra
«Lur hotza, lur beroa, lur hila, lur bizia, lur nabar, lur argia, lur astun, lur arin, lur samin, lur atsegin, lur gogor, lur gozatsu, lur iraundu, lur maite, lur jator samurra». Bitoriano Gandiagaren hitzek idazleak berak irakurriak ematen dute ongietorria, agertokiaren goialdean dagoen oihalak gerra irudiak erakusten dituen bitartean. 1937an gaude eta Espainiako Gerra gordin astintzen ari da Euskal Herria. Egoera hartatik ihesi, urte hartako maiatzaren 7an, Euskal Herriko milaka haurrek erbestera alde egin behar izan zuten, etxean senideak utzita eta noiz itzuliko ziren jakin gabe.
Gaztetxo haietako zazpiren istorioa kontatzeko asmoarekin eta Juan Mari Beltranen Arditurri diskoko doinuak oinarri hartuta, Kukai dantza taldeak eta Tanttaka antzerki taldeak 1937, gogoaren bidezidorretatik ikuskizuna osatu dute.
Azaroan estreinatu zuten Errenterian, eta orduz geroztik, beste pare bat aldiz ere eskaini dute. Nolanahi ere, heldu den asteburuan, ostiraletik igandera, eta aurreneko aldiz, musika zuzenean joko dute Beltranek eta bere taldeak. Emanaldiak Donostiako Antzoki Zaharrean izango dira.
Dantza, antzerkia eta musika
Dantza, antzerkia eta musika uztartzen dituen ikuskizuna izanik, partaide guztien ekarpenak ditu beharrezko. Izan ere, une jakin batean batzuen ideiek eta besteen lanek elkar topo egin izanaren emaitza da ikuskizuna, Jon Maia Kukaiko dantzari eta zuzendariak dioenez: «Bidean topatu dugu elkar. Tanttakakoak bazebiltzan dantzarekin zerbait egiteko gogoz, eta behin hitz egin eta gero, proiekturen bat abian jartzeko asmoa agertu genuen denok. Juan Mari Arditurri prestatzen ari zen orduan, eta lan horretako materiala entzun nuenean, zerbait egin zitekeela pentsatu genuen».
Zuzeneko musika eta dantzak egokitzen aurkitu ditugu musikariak eta dantzariak. Lehenengo entsegua izanda, oraindik ez dira bete-betean egokitzen baina txukunketa batzuk eginda aurrera egin dute.
Beltranek dioenez, esparru horretan dantzariek egin behar izan dute lan bereziki: «Musika aukeratuta, beraiek osatu behar izan dute dantza. Dena dela, gero tranpa txiki batzuk egin dituzte, eta guk moldatu behar izan dugu musika». Horretaz gain, dantzarako ezohikoak diren doinuak aukeratu dituzte: «Molde zailetan sartu dira, edo, gutxienez, ezohiko neurriak dituzten doinuak erabili dituzte», dio Beltranek.
Dantza, komunikaziorako bidea
Dantza, musika eta irudiak dira 1937, gogoaren bidezidorretatik obraren funtsa, artxibokoak zein ikuskizunerako espresuki prestatuak. Dantzariek 66 urte egin dute atzera, eta 36ko gerrako haur bilakatu dira. Irudiek haurrez gainezka doazen itsasontziak erakusten dituzte txalapartaren erritmora, eta agertokia zazpi umeek bete dute. Ez dute elkar ezagutzen, baina bakardadeak batu egingo ditu. Bakardadeak eta dantzak, aurrerantzean hori izango baitute bizi duten egoera erosoago bizitzeko bidea. Ingalaterrako barnetegian dantzan ikusiko ditugu haurrak, festa giroan, bihurrikeriak egiten eta baita maitemintzen ere.
Maiak dioenez, «dantza tradizionalaren formazio hertsiarekin hautsi behar izan dugu». Izan ere, dantzaren bitartez kontatzen dizkigute beren bizipenak haurrek: «Hori izan da helburua: euskal dantzekin zerbait kontatu ahal izatea. Emozioak transmititu nahi izan ditugu».
Mireia Gabilondok landu du gidoia eta obra zuzendu. «Esperientzia ezberdina izan da, orain arte antzerkian egin dudalako lan, eta hizkuntzak ezberdinak direlako. Baina elikagai ederrak nituen, dantzari gazteak, musika ederra
eta horrekin guztiarekin puzzlea osatzea izan da nire lana».
Ikuskizunaren ardatza dantza bada ere, aktore lanak ere egin behar izan dituzte dantzariek, bai agertoki gainean, bai artxibokoekin tartekatu dituzten irudietan. Beren eremu naturala ez da hori, baina Maiaren esanetan, «poliki-poliki joan gara moldatzen. Ez gaude ohituak keinuak egitera edo batak besteari begiratzera, baina ez da zaila izan».
Ikuskizuna bi formatutan eskainiko dute. Batzuetan, musikariekin ariko dira zuzenean, eta besteetan, grabatutako musika erabiliko dute: «Merkatua nola dagoen ikusita, ezinezkoa da leku guztietara joatea, eta halakoetan, grabatutako musika eramango dugu».
Dokumentuaren akzioak