Dokumentuaren akzioak
«Erbestea erabili nahi nuen gai garrantzitsuenetako bat zen, `Sarri' horrela bizi delako»
Mireia Gabilondo «Hnuy illa» ikuskizunaren zuzendaria
Lehenengo eta behin zorionak jaso berri duzuen sariagatik. Pozik, astelehen gauean gertatutakoarekin?
Hartu, jaso, beti pozik. Sari bat jasotzea oso gauza polita da beti.
Ustekabea izan da guretzat; saria beti jaso nahi baituzu, baina sekula
ez dakizu zer gertatuko den. Eta oraingo honetan bai, izan da. Oso ondo
pasa genuen. Hau hirugarren aldia da Kukai eta Tanttaka elkarlanean
aritzen garela. Lehenengo lana “1937” izenekoa izan zen eta harekin ere
Max sarietarako izendatuta egon ginen. Oraingoan berriro izendatu
gaituzte, eta «sagartxoa» etxera ekartzea askoz politagoa da. Gainera,
ikuskizuna gehiago saltzeko edo hor zehar izen pixka bat izateko balio
baldin badu, fenomeno! Saria Mikel Laboari eskaini diogu. Nik gogoa
neukan, gurekin lan egin zuen ikuskizun honetan eta ez zuen ikusi.
Niretzat Mikel beti izan da erreferentzia bat nire bizitzan eta berari
eskaintzea atera zitzaidan.
Zergatik jaso du «Hnuy illak» sari hau? Zer dauka berezia zuzendariarentzat?
Ez dakit, nik neuk ere ez dakit. Joseba Sarrionandiaren poesia oinarri
gisa hartzea oso unibertso polita, interesgarria iruditu zitzaidan, eta
hala izan zen prozesua, Sarri gehiago ezagutzea, gaur egungo egoeran
hartuta. Aspaldi neukan berarekin zerbait egiteko gogoa, baina orain
berriz hasten zara bere testuak irakurtzen eta, momentu batean sartzen
zara bere bizitzan. Oso polita izan da Sarri berriro bisitatzea.
Horrekin batera, Iñaki Salvadorrek oso musika polita, barrukoa egin du.
Irudiak ere badauzkagu, abstraktuagoak edo poetikoagoak. Hori dena
nahastuta (bizkotxoa egiten den moduan, batzuetan goxoagoa ateratzen
dela osagai berak botata ere), ez dakizula zergatik, zerbait pasatzen
da. Uste dut hori dela oraingo honetan pasa dena.
Zer ematen dizu 20 urte baino gehiago erbestean daraman idazle baten lanak?
Batez ere berak esaten du, hitzak berak jartzen ditu, eta hainbeste
dauka gainera kontatzeko, oso zaila egiten zaidala poesiak aukeratzea.
Gauza asko egin daitezke Sarriren poesiarekin eta hitzekin. Gauza asko
esaten ditu eta gauza asko kanpoan geratu dira ezinbestekoa zelako.
Orduan, aukeraketa hori egitea niretzat lan zailena izan da, oso
sentimendu desberdinez mintzatzen delako. Argi dago erbestea erabili
nahi nuen gai garrantzitsuenetariko bat zela, nola ez, bere bizitza
delako, bera horrela bizi delako. Adibidez, portugesez idatzitako
poesia bat erabiltzen dugu eta niretzat hori Sarrionandia asko
erakustea da. Bakardadea, isiltasuna, iluntasuna... baina ez nuen
bakarrik bere alde ilun hori erakutsi nahi. Amodioaz, adibidez, asko
hitz egiten du, baita desioaz ere.
Kukairekin etorkizunerako beste proiekturen bat buruan?
Proiekturik oraindik ez daukagu, ezer zehatzik ez behintzat. Baina gaur
egun osoan errepikatzen ari naiz gogoa behintzat badaukagula eta gogoa
izatea da garrantzitsuena, beraz, seguru asko egongo da beste bat. Ez
dakit noiz, ez dakit zertaz, baina ikusiko dugu. Oraindik berri samarra
iruditzen zait “Hnuy illa” eta hau zaindu behar dugula iruditzen zait.
Aurrerago ikusiko dugu hurrengoa zein izango den.
Dokumentuaren akzioak