Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Erantzi iluna eta jantzi kolorea: Inauteriak datoz!

Dokumentuaren akzioak

Erantzi iluna eta jantzi kolorea: Inauteriak datoz!

Egilea
Oihana Elorza Gorostiza
Komunikabidea
Goiena
Tokia
Oñati
Mota
Albistea
Data
2024/02/08
Lotura
Goiena

Inauteri txikia bihar eta ostean dator zapatuko jai nagusia. Zortzi pieza prestatu dituzte Oñatiko inauterian parte hartuko duten herritarrek; horietako bat, 'Kilika' dantza, berria. Martitzen iluntzera arte iraungo dute Aratusteek aurten ere.

Oñatiko Inauteri Txikian parte hartuko duten hiru ikastetxeetako LH-5 eta LH-6 mailetako ikasleak eta irakasleak izango dira aurten ere herriko Inauteriak ospatzen lehenak. Gaur, Eguen Gizena, arratsaldean egingo festa eurek, Olaitturritik aterata, eta martitzen iluntzera arte iraungo du.

Makilak indarra hartuko du

Zapatuko Oñatiko Inauteri festa izango da jendetsuena. Abenduan hasi zituzten entseguak herritarrek, Eltzian, eta martitzenean egin zuten azkena. Dantzari horiekin batera aterako dira, noski, Hartza eta Kondea eta Kondesa, Borreroak inguruan dituztela. Kalez kale ibiliko dira goizean zein arratsaldean. Zortzi pieza dituzte prestatuta: bost dantza –Ume handia, Habanera, Ordu txikitan, Artzaren polka eta Kilika–, bi kalejira eta balsa. Kilika dantza, gainera, berria da; Mikel Albistegik egin du pieza eta Oñatiko Inauterietako lantaldeak sortu du dantza. Makilak pisu eta indar handia hartuko du aurtengo dantzetan. Dantza horien doinuak, bestalde, musika estudio batean grabatu dituzte, Inauterietako musikariak eurak Mutrikuko estudio batera joanda. Hezkuntzara bideratutako Hurretik plataforman zintzilikatu dituzte gero, herriko ikasleek lantzeko eta ondare moduan gordeta izateko. Bestalde, Oñatz dantza taldekoek ere parte hartuko dute neguko ospakizun horretan. Domeka arratsaldean ibiliko dira kalez kale bolant dantzak egiten.

Pailazoen ikuskizuna

Martitzen arratsaldean, berriz, Gari, Lontxo eta Joxelontxo pailazoak joango dira Txaplin ikuskizuna eskaintzera Zubikoara. Ohiko tokietan daude salgai sarrerak, hiru eurotan. Bestalde, ikuskizun hori bukatu orduko egongo dira elizbarrutiko misio taldekoak txokolatea banatzen plazan. Gineako Oñati ikastetxerako izango da batuko duten dirua. Iluntzean plazan egingo den DJ festarekin bukatuko dira aurtengo Inauteriak.

Ikastetxeek ere bai

Zelan ez, herriko ikastetxeak ere batuko dira Inauteri festara. Horrela, eta eguraldiaren arabera, kalean edo barruko espaziotan ospatuko dituzte. Bihar, egubakoitza, kaldereroz eta Oñatiko Inauteriz jantzita ospatuko dituzte Errekalde Urgaineko ikasleek eta irakasleek –11:00etan hasita, Zubikoako kantxa berdean txarra egiten badu–, eta Lantzeko Inauteriz, berriz, Txantxiku ikastolakoek –15:15ean hasita, Zubikoako pilotalekuan eguraldiak horretara behartzen baditu–. Elkar Hezikoak datorren martitzen goizean mozorrotuko dira, kalera irtenda eguraldia ona bada edo ikastetxe barruan txarra bada.

Eta eguaztenean, berriz, garizuma, karapaixoen sasoia hasiko da.

Dokumentuaren akzioak