Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Erabiltzaileek mamituko dute Lekuona Dantzagunea

Dokumentuaren akzioak

Erabiltzaileek mamituko dute Lekuona Dantzagunea

Errenteriako Dantzagunearen erabilera arte eszenikoen eragileekin batera zehaztuko dute

Errenteriako Lekuona Dantzagunea egitasmoak beste urrats bat egin du: proiektu arkitektonikoa prest dute Gipuzkoako Aldundiak eta Errenteriako Udalak, proiektuaren bultzatzaileek. Ogi fabrika zenaren ondoan eraikin berri bat egingo dute, eta ingurunea zaharberrituko dute. Donostiako Vaumm arkitektura estudioak diseinatu du Dantzagune berriaren proiektua.
Egilea
Kristina Martin
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2013/09/19
Lotura
Berria

Bigarren fasea barruko egitura eta areto horien erabilera zehaztea da, eta hori datozen hilabeteotan egingo dute, parte-hartze prozesu baten bitartez. Parte-hartze prozesu hori dantzarekin eta arte eszenikoekin lotutako eragileekin batera egingo dute.

Horrela, gaurtik urrira bitartean, hiru lantegi antolatuko dituzte 20 eta 30 bitarteko kudeatzaile, teknikari, aktore, eszenografo, dantzari eta bestelako kultur ordezkariekin.

Lantegi horietan, eraikin berriak zer erabilera eduki beharko lituzkeen proposatuko dute, eta, hori kontuan hartuta, arkitektoek diseinatuko dute barrualdea. «Horrela bermatuko dugu Lekuonaren iraunkortasuna eta eraginkortasuna», adierazi du Ikerne Badiolak, Gipuzkoako Kultur Diputatuak.

2015erako lanak amaituta

Parte-hartze prozesu horren ondorioz sortuko den proiektua mamitzeko lanak datorren urteko martxoan hasiko dira. Lanek 15 hilabete inguru irautea espero dute Dantzagunearen bultzatzaileek. Hortaz, 2015. urteko erdialdean abian egon beharko luke.

Guztira, 5,5 milioi euro inbertituko dute. Errenteriako alkate Julen Mendozak eta Ikerne Badiolak «proiektu estrategikotzat» jotzen dute Lekuona Dantzagunea, bai Errenteriarentzat bai Gipuzkoa osoarentzat, azpiegitura hori dantzaren eta arte eszenikoen arloetako gune nagusi izan nahi duelako.

Egun, Donostiako Loiola auzoko Artelekuk eskaintzen du Dantzagunea zerbitzua, baina, auzo horretan gertatu ohi diren uholdeak direla eta, Donostiako Udalak lekuz aldatzea erabaki du.

Ondorioz, Dantzagunea zerbitzua Errenterian eskainiko dute, baina egungoa baino askoz ere osatuagoa izateko asmoz ari dira lanean Errenteriako Udala eta Gipuzkoako Aldundia.

Azpiegitura berriarentzat kokapena aukeratzeko garaian, Errenteriak dantza alorrean duen tradizioak eta kokapen egokiak pisu handia izan zuten. « Dantza alorrean erreferentea da Errenteria, arlo horretan tradizio handia du, eta Euskal Herriko hainbat dantza talde garrantzitsuren egoitza da», gogorarazi du Ikerne Badiolak.

Pizkundearen ikurra

Julen Mendozaren esanetan, Dantzagunea herrira eramatea «aukera ezin hobea da, bertan arte eszeniko guztiekiko errotze kulturala finkatu eta kanpora zabalduko baita».

Mendozaren iritziz, gainera, 90eko hamarkadara arte, Errenteriaren ekonomiaren bizkarrezurra industria izan zen, baina, azken urteetako gainbeheraren ondorioz, herriaren pizkundea «kultura eta sormenaren inguruan» izateko apustua egiten ari dira. «Lekuona gure trantsizioaren ikur bihurtuko da», dio Errenteriako alkateak.

Lekuona ogi fabrika herriko erdigunean dago, eta garraio publikoaren bidez egoki lotuta. Urte askotan irin eta legamia usaina zerion eraikina arte eszenikoen eta dantzaren ikaskuntza eta sorkuntza gune izango da 2015etik aurrera. Jon Muniategiandikoetxea arkitektoaren hitzetan, «egoera ekonomikoa kontuan hartuta, gure proiektuaren printzipioa gastuari eustea izan da». Horregatik, eraikin «malgua» diseinatu dute, erabilera askotarikoak ahalbidetzen dituena.

Lekuona ogi fabrika zenaren eraikinak 2.000 metro koadro ditu. Vaumm estudioaren proiektuak fatxada errespetatuko du. Horren atzealdean eraikin berri bat egingo dute. Biek batera 3.900 metro koadro jarriko dituzte arte eszenikoen eta dantzaren zerbitzura. Halaber, atzealdean, espazio publiko bat ere sortuko dute.

Barrualdea zehazki nola banatuko duten erabakitzeko dagoen arren, eraikin zaharraren barnean dantza areto handi bat izango da. Besteak beste, dantza, antzerki eta hitzaldi aretoak, aldagelak, ekoizpenerako guneak, biltegiak eta kafetegi bat edukiko ditu.

Julen Mendoza, Ikerne Badiola eta Jon Muniategiandikoetxea, atzoko aurkezpenean. / GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak