Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Erabateko komunikaziorako lanabes gisa hartzen du gorputza Joana Millet dantzariak

Dokumentuaren akzioak

Erabateko komunikaziorako lanabes gisa hartzen du gorputza Joana Millet dantzariak

Torrelles de Llobregat herrian sortu zen badira 27 urte, baina Londonen eta Bordelen egonaldi bina egin ondoren, egun Baionan bizi da Joana Millet Arias. Elikadura eta mugimendua gorputzarekin konexioa zaintzeko atal nagusitzat hartzen dituen dantzariak, gaurkoan, bere ibilbidearen berri eman digu.
Egilea
Maite Ubiria Beaumont
Komunikabidea
Kazeta
Tokia
Baiona
Mota
Albistea
Data
2024/11/18
Lotura
Kazeta
Heldu den abendutik goiti bere dantza ibilbidea Latinoamerikan segituko du Joana Millet Arias koreografoak.
Heldu den abendutik goiti bere dantza ibilbidea Latinoamerikan segituko du Joana Millet Arias koreografoak. (Patxi BELTZAIZ)

Bartzelonako Torrelles de Llobregat herrian sortu zen «tipitatik dena entseatzeko griña» sentitu zuen Joana Millet. Lau urterekin heldu zion gaur arte dantza munduarekin atxiki duen sokari. «Dantza klasikoan izena emanarazi zidaten gurasoek eta hortik goiti ez nintzen gehiago gelditu. Dantzaz gain gimnasia erritmikoan, patinajean edota futbolean aritu nintzen», oroitarazi du.

Gorputzarekin eraikitako harremanak markatu du bere ibilbidea. Tarteka lotura hori mingarria egin bazaio ere, finean trukaketa horretan ongi-izatearen iturria atzeman duela aitortu du. 

«Urte anitz, denbora anitz emana nion dantza klasikoa uzteko unea heldu zelarik erabakia zaila izan zen niretzat, eta hutsuneari erantzun nion sorlekutik alde eginez» azaldu du Ingalaterran eginiko egonaldiari lehen aipamena eginez.

Haurren zaintzera joan zen, au-pair bezala, baina 18 urterekin Londonen zen artista gazteak beste aurkikuntza bat egin zuen. «Dantza garaikidearekin egin nuen topo eta aldaketa itzela izan zen niretzat; dantza molde hori askoz errealagoa delako, arau gutiago dituelako eta, era berean, autonomia gehiago eskaintzen duelako», laburbildu du.

Urte eta erdiz Ingalaterran bizitako esperientzia askatzailea «terapia moduko bat» izan zela gehitu du. Dantza solik ez, bere gorputzarekin lotura berrairikitzeko bidean zinez lagungarria egin zitzaion Nottinghamgo Unibertsitatean egin duen sei hilabeteko formakuntza.

«Gorputz-pisuarekin izandako arazo batzuk tartean, nutrizioaren mundura bertaratu nintzen, eta esango nuke nirea gorputzaren esplorazioari begira une garrantzitsua izan zela, elikadura eta mugimenduari arreta berezia eskaintzen dizkielako geroztik; jaten dudan eta mugitzen naizen moduaren arabera pertsona bat edo bestea sentitu naiteke? Gorputza makina azkarra eta, gisa berean, malgua denez, konexio hori behar dut zaindu», gaineratu du.

Bartzelonara bueltan, bi ardatz horietan sakontzeko hautua egin zuen, alde batetik, dantza garaikideari buruzko formazio profesionala osatuz, eta bestetik, dietetika eta naturopatiaren gaineko gradua gaindituz.

«Erabateko komunikazio tresna da gorputza», aldarrikatzen du, airoski, bere formazio bikoitza bururatu ondotik eta, pandemiak ezarritako geldiunea gaindituta, Bordelen plantatu zen dantzariak. Dance Work Factory konpainiaren eskutik Alemaniatik bira egin zuen eta behin Itsas-Charente departamendura helduta, bertze bi urtez «ez-ohiko eszenetan», berdin kalostrapetan edo elizetan, dantzan eman zituen. Menuly Dance Cieren sortzaileetakoa, Bordeletik «modu naturalean» Euskal Herrira heldu zen.

Bordeletik Baionara, egitasmo berriak lantzeko

Bihotzean kilimak sentitu zituen Milletek Hendaiako Borderline fabrikan gurutzatu zuen Unai Gorri ezagututa. Entre Corpdes kolektiboa eratu eta Kankarro izeneko sorkuntza prestatzeari ekin zioten berehala. Arabarra bata eta Bartzelonakoa bestea, zirkoa eta dantza uztartuz, eta euskal kulturan sagarrak utzitako arrastotik tiraka, 2026ko udaran haien auzolanaren emaitza erakusteko asmoa dute. Ezin aipatu gabe utzi, ordea, 2022ko abenduan Euskal Herrian lurra hartzen lagundu zion Elirale Konpainia, ezta Rouge Elea ikuskizun eta ekintza artistikoen fabrikarekin ehundutako haria ere. Esker oneko hitzak baizik ez ditu koreografo gazteak bi egitura horien sortzaileentzat.

«Oso eroso sentitzen naiz Baionan, eta zu ondo zarela harremanak eta proiektuak heltzen dira», borobildu du, nlola ez, dantzaren balore terapeutikoari keinu eginez.

Hala, bortizkeria pairatu duten emazteei zuzendutako Je danse mon moi meme (euskaraz, Nire 'ni'a dantzatzen dut) egitasmoa oholtzara ekarri du. Orotara hiru atelier antolatu ditu Bagera elkarte feministaren eskutik, Hendaian. Azkena, azaroaren 29an iraganen da Denentzat zentro sozialean. Emozioz mintzatzen da esperimentazioari buruz. «Esperientzia zinez interesgarria izan da, denon artean eremu aberasgarria eraiki dugulako eta, era naturalean, modu batean hasi eta oso bestelakoan amaitu dugulako tailerra», adierazi du.

Gorputzari so eginez, eta ongi-izatea zainduz, bere ibilbidean beste urrats bat eginen du sortzaileak. Hala, heldu den abendutik eta 2025eko martxora arte Latinoamerikan izanen da. Atelier terapeutikoa eta bere 'solo'a eramanen ditu maletan. Bide batez, Peruko ondareari loturiko egitasmo bat garatzera doa. Erronka berriak ilusio handiz hartu baditu ere, «zalantzarik ez izan: Baionara itzuliko naiz», bota du despedidan, irri batekin, dantzari eta koreografo eusko-katalanak.

Dokumentuaren akzioak