Dokumentuaren akzioak
Entzunaldi saioak dituzte bihar ofizioko dantzari izateko ikasleek
2006tik bada PBZ, Profesionalizazioari Buruzko Zikloa, Iparraldeko Maurice Ravel Kontserbatorioan. Baina orain arte dantza klasikoa baizik ez zuten lantzen ikasleek, eta aurtengo berrikuntza dantza garaikidearen gehitzea izan da. Biarrizko Andre Malraux lizeoak ziklo horren jarraitzeko hautuzko ikasgaia proposatzen du, eta entzunaldiak eginen dituzte bihar kontserbatorioan.
Gaztedanik jada dantza klasiko edota garaikideko klaseak segitu dituzten ikasleei zuzendua zaie, lehentasunez, PBZ formazioa. Bizkitartean, profil hori ez duten nahiantekin ere mintzatzen dira arduradunak. “Beren xedea bada dantzari profesionala bilakatzea, molde bat atzematen dugu prestatzeko”, esplikatu du Elisabeth Lecussantek, Iparraldeko Kontserbatorioko zuzendariorde eta dantza sailaren arduradunak. Dantza teknika gordina lantzeaz gain, sormena, gorputzaren ezagutza eta mugimenduaren azterketa lantzen baitituzte. Ez du kentzen ez dela edozeini emana, dantza eskola handietarako prestatzea baita erronka. “Ez zaie gezurrik erran behar; kirolari handienen gisan ona izan behar da. Dantza ogibidea bilaka dadin, gorputz sendoa behar da, eta, nahi ala ez, performantziarako gaitasuna behar da”.
Gorputz heziketa
Malraux lizeoan zikloa egiten duten ikasleek araberako ordutegia dute, dantza oren anitz dituztelako astean. Orotariko irakaskuntza dute. Eginahala tresna eman nahi dizkiete ikasleei dantzari oso bilaka daitezen, eta ez bakarrik zangoz eta soinez trebe eta zainartak. “Huts bat da pentsatzea burua eta zangoak bereiz doazela. Dantzari batek ongi dantzatu nahi badu, pentsatu egin behar du. Koreografien kulturaz izan behar den jakintza orokorra funtsezkoa da”.
Dantzariek beren gorputza hobeki ezagutzeko metodoak lantzen dituzte. “Ez dira batere gihar edo indar ariketak, baizik eta adimena estimulatzen duten ariketatxoak”, dio Lecussantek. “Mugimenduaren jatorria; nondik heldu den bilatzea da helburua, dantzatzen dugularik gorputz eskema batzuk plantan ematen baititugu guhaurrenaz”. Zenbait aldiz, zauritzerat eraman dezaketen eskemak dira. Helburua da horietaz ohartzea, aldatu eta gorputzari ahal zabalagoen ekartzeko, eta lan handia eskatzen du.
Halaber, munta handikoa da dantzariak bere arrangurak, asaldurak, emozio gorabeherak ezagutu ditzan. “Beldur ukaitea ez da gaizki, odol jarioa bultzatzen baitu, baina batzuek ez dute batere menperatzen, eta perlesiaturik utz ditzake. Hersturak ez ditugu denek leku beretan: batzuek zintzurrean sentituko dute, besteek sabelean edo hertzeetan. Helburua da bakoitzak bere metodoa atzematea horien gainditzeko”. Olde berean, dantzariak zer eta nola jan behar lukeen aztertzen dute, gorputzen arabera. “Gorputz bakarra dugu, eta hauskorra izan daiteke. Ongi zaindu behar da eginahala luzaz lantzeko”.
Bahe hertsia
Malraux ikastetxean PBZ-n diren ikasleek lizeoko ohizko klaseak segitzen dituzte. Dantza ofizio bilakatzea gaitz da, toki guti delako eta maila biziki gora izan behar delako eskola nagusietara sartzeko. Hala, ondoan ikasketen segitzeari kasu egin nahi diote ikastetxeek.
Hautuzko gaia da dantza, dantza-artea deitzen dutena, balio baitu baxorako. “Gure lehentasuna beti izan da ikasketak egin ditzaten, eta ikasleak autonomia eta lanerako gaitasun horretara ekartzea”. Ohartarazi nahi diete, gainera, dantzak beste gaitasunak ekartzen dizkiela, dantzari profesional egitera heltzen ez badira ere: “Anitz dantzari izan ditugu kinesiterapeuta bilakatu direnak, adibidez; beste batzuk, arte komunikaziora joan direnak”.
Ez du kentzen anitz galdetzen zaiela ikasle gazteei. Egun guziz bi oren dantza klase badituzte, gehi gorputz mugimenduaren azterketa klaseak eta dantza mota ezberdinekoak. “14-16 oren dantza badute astean”. Aste egunetarik kanpo ere ikastaroak proposatuak zaizkie. Urtean zenbait asteburuz, koreografoekin tailerrak egiten dituzte. “Ohartzen gara biziki astuna dela, eta nahi genuke urtean zehar gehiago banatu, hala nola oporren erdiak erabili ikasturteko asteen arintzeko”.
Erreformaren menturak
Dantza eskola nagusietara sartzeko bidea hertsatzailea da, dantza akademiko nagusiak lehenesten dituztelako. Baionan eta Biarritzen den kontserbatorioak euskal dantzatik ere irekitzen die leiho bat lurraldeko dantzariei. Koldo Zabala moduluan formatzen dituzte —Koldo Zabalak (Getxo, Bizkaia, 1935-Biarritz, 2014) urteetan klaseak eman zituen Baionako kontserbatorioan, euskal dantzak eta formakuntza klasikoa uztartuz—.
Orain arte, eskualde kontserbatorio izateko baldintza zen dantza klasikoa, garaikidea eta jazza irakastea. Iparraldeko Kontserbatorioari ez zaio egokia iruditzen, jazz dantza ez baita biziki garatua eta arrakastatsua hemen gaindi. “Ministerioari maiz erran diot nahiago genukeela dantza tradizionalaren inguruko zerbait garatu. Zentzu handiagoa du lurralde honetan, euskal dantzak oso hizkuntza eta teknika aberatsak baititu”. Erreforma batzuk bidean dira, eta Iparraldeko Kontserbatorioak baliatu nahi luke euskal dantzari lotu diploma sortzeko.
Bihar arratsaldean, PBZ sailera sartu nahi duten ikaslegaiek entzunaldi saioak eginen dituzte.
Dokumentuaren akzioak