Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Entsegu-lokal berriak estreinatzeko irrikaz

Dokumentuaren akzioak

Entsegu-lokal berriak estreinatzeko irrikaz

Egilea
Hasier Larrea
Komunikabidea
Goiena
Tokia
Arrasate
Mota
Albistea
Data
2023/03/31
Lotura
Goiena
Arrasate Musikaleko dantza-irakasle Jana Fuente, ikasleekin, egungo lokalean.

Juan Arzamendi Musika Etxearen irekiera-ekitaldia egingo dute gaur, Arrasateko Udalak deituta, 19:15ean. Arrasate Musikaleko, AGAko eta Goikobaluko kideek girotuko dute hitzordua. Lokaletako giltzak jasotzeko gogoz daude erabiltzaileak.

Juan Arzamendi Musika Etxea erabiltzeko prest dagoela jakinarazteko ekitaldia egingo dute gaur arratsaldean. 19:00etan Arrasate Musikalen egungo egoitzatik, Monterron jauregitik, irtengo da musika eskolako banda kalejiran, Nafarroa etorbiderantz, eta behin iristen direnean ekingo diote JAMEn irekiera ekitaldiari. Eguraldi ona eginez gero, kanpoaldean hartuko du hitza Maria Ubarretxena alkateak, eta musika eskolako sortzaile eta zuzendari izandako Juan Arzamendiren familiari lore-sorta banatuko dio. Txistulariek eta dantzariek aurreskua interpretatuko dute une horretan, eta musikak protagonismoa izaten jarraituko du, musika eskolako, Goikobaluko eta Arrasateko Gazte Abesbatzako kideek zenbait pieza plazaratuko dituzte eta; tartean, Arrasate Musikalen ereserkia.

Segidan sartuko dira JAMEko auditoriumera, aretoa estreinatzeko kontzertuari hasiera emateko. 198 lagun sartzen direnez, kabitzen ez direnek kanpotik jarraitu ahalko dute ekitaldia, pantaila erraldoia egongo baita. Jatekorik ere ez da faltako, barbakoa egingo baitute.

Giltzak banatzea falta da

Ikasturtea bukatzeko hiru hilabete eskas falta direnez, musika eskolako kideek lekualdaketa datorren ikasturte hasieran egitea erabaki dute, baliabide asko mugitu behar dituztelako. Baina badaude erabiltzaile izango diren bi kolektibo, Goikobalu abesbatza eta Arrasate Musikaleko ballet taldea, material astunik gabe moldatzen direnak. Haiek, beraz, Arrasateko udal ordezkariek giltza ematen dieten unean bertan sartu ahalko dira, eta, bietako ordezkariek adierazi dutenez, egun hori ahalik eta lasterren heltzea espero dute.

Goikobalu, Harresi aretotik

Kulturola zaharra izan zuen egoitza urte askoan Goikobalu abesbatzak. Eraikin berria egiteko obrek eta pandemiak hainbat tokitan entseatzera eraman zituen azkenaldian. "Arizmendi Ikastolako areto batean, San Frantzisko elizan eta Harresi aretoan –Iturriotz kalean– egin izan ditugu azken hiru urteotako lan-saioak. 35 urte beteko ditu Goikobaluk aurten, eta, agian, berandu samar datorkigu merezi dugun lokala; baina bai, pozik gaude JAMEko instalazioekin", adierazi du Maider Ruizek, abesbatzako lehendakariak.

Goikobaluren gela handia, tarimarekin.

Izan ere, taldetxotan banatzeko aukera emango die haien eskumenekoak diren lau lokal txikik eta denek batera aritzekoa espazio handiagoko gela batek. Gela horrek tarima izatea garrantzitsutzat jo du Ruizek: "Modu horretan, ahotsek ez dute elkar oztopatuko, abeslariak mailakatuta egon gaitezkeelako". Bestalde, gunearen "sonoritate sikua" modu positiboan baloratu du, akatsak gehiago igarriko direlako.

Gaur egun, haur, gazte eta helduendako taldeak daude Goikobalu abesbatzan, eta JAMEko auditoriumak aukera eskainiko die tarteka emanaldi txikiak egiteko: "Hala, kide berriak erakartzeko oholtza ere izango da kontzertuetako aretoa".

Goikobalu abesbatzako gazteak.

Balleta eta gehiago

Iritzi berekoa da Arrasate Musikaleko dantza taldeko irakasle Jana Fuente Lucas. Hura eta ikasleak –80, denera– Udaltzaingoaren eraikinaren alboko lokal batean aritu izan dira orain arte, Trikiti Eskolari itsatsitako gelan, "egoera kaskarrean". Ondorioz, ilusio handiarekin daude lokal berrira joateko.

Gasteiztarra izatez, 5 eta 50 urte arteko dantzazaleei ematen dizkie ikastaroak duela 27 urtetik: "17 urterekin hasi nintzen, eta zaletasuna transmititzea, beldurrak askatzea eta sentimenduak adieraztea da irakasle moduan daukadan helburua; ni neu ere etengabe ari naiz ikasten, garai berrietara moldatzen". Horren erakusle da dantza urbanoetan trebatzen hasi dela, baina barra klasiko modalitatea ere lantzen du: "Balletaren adar hori herrialde askotan doa gorantz; dantzan sekula egin ez duten amei gomendatzen diet probatzeko".

Arrasate Musikaleko dantza taldearen gela.

Dokumentuaren akzioak