Dokumentuaren akzioak
Energia zoriontsua
Kritika, Lur-sagar
Zornotza aretoan ekin dio Dantzaz konpainiak denboraldi honetako birari, eta udako hautapenaren ostean hasitako hamar dantzari gazteek hiru koreografia labur aurkeztu dizkigute. Konpainia berriaren ezaugarri bat da koreografo bakar baten menpe ez egotea, eta izpiritu horri fidel izanik, jatorri diferenteak izan dituzte hiru lanek.
Hasierako zatian -Gael Domengerren Jaar Eden
- bi neska dira dantzari bakarrak, eta etengabeko mugimendu lasaian dabiltza, elkarren inguruan denbora gehienean eta paraleloan noizean behin, txoriak, kilkerrak, txitxarrak eta basoko beste hots asko jasotzen dituen akordeoizko soinu-bandak inguratuta. Batzutan badirudi beren artean jolasten direla, eta tarteka-marteka uretan baleude bezala mugitzen dira, koreografoaren nahia Paradisuko erreka irudikatzea izan ei delako. Edozein modutan ere, eta hasierako makaltasuna gainditu ostean, halako lasaitasun leun edo energia zoriontsu sentsazioa transmititu digu piezak.
Bigarrena Songeurs
deitzen da -Ameslariak-, eta bitxia da jakitea Christophe Garcia frantziar koreografoak hiru emakumerentzat diseinatu zuela jatorriz. Konpainiak, aldiz, hiru gizonezkorentzat moldatu zezan eskatu zion, eta moldaketaren ostean sorkuntza berri batez hitz egin ahal dugu. Printzipioz, egitarauko hiru lanen artean honako hau izan zitekeen klasikoena, alde batetik soinu-bandak erromantizismo izaera duelako eta bestetik dantzarien oinarri klasikoa beste zatietan baino argiagoa delako. Osterantzean, mugimenduan txertatutako txantxa ugariek beste kutsu bat komunikatzen diote, eta bide batez aukera paregabea eskaintzen digute hiru mutilen malgutasunaz, keinuen garbitasunaz eta erakustaldi teknikoaz gozatzeko, beren arteko laguntasun istorio polita garatzen duten bitartean.
Azken atalerako Itzik Galiliren Earth Apples utzi dute, hiruretan ikusgarriena delako. Taula gainean sei emakume soinekodun dabiltza eta haiekin batera mutil bakarra dago, bera ere gona moduko batekin jantzita, baina bularraldea agerian duela. Galili Mercedes Sosaren kanta eta erritmo telurikoetan oinarritu da lurrari atxikitako jende apala omentzeko, eta koreografian zehar behegainetik mugituko dira zazpi dantzariak, noizbehinkako altxamenduak deskribatuz eta lurraren fruituekin lotutako errituak irudikatuz. Haien artean, bereziki zirraragarria iruditu zait lur-sagarrak kanon erara aurrerantz mugitzen dituzteneko pasartea, eta baita ere gizonaren gorputza -gorpua agian- sei emakumeren artean eta lur-sagarren gainean desplazatzen dutenekoa.
Dokumentuaren akzioak