Dokumentuaren akzioak
Eneko Etxaniz: Gazte gehienentzat futbola dena da niretzat dantza
Odolean darama Eneko Etxanizek dantza. Familiatik datorkio dantzarako, eta, oro har, kulturarako zaletasuna, eta ume-umetan hasi zen dantzan. Inazio Bereziartua Dantza Eskolako ikaslea da, eta azken urteotan txapelketetan ere lehiatzen da. Txapelak ere jantzi izan ditu, azkena oraintsu, berak irabazi baitu Gazteen Mailako Aurresku Txapelketa Nagusia, gipuzkoar eran. Aurrera begira ere dantzan jarraitu nahi du, pausoz pauso, bidea egiten, dantzaren sokari helduta.
Gazteen Mailako Txapelketa irabazi berri duzu.
Bai, gipuzkoar erako txapelketa irabazi dut. Euskal Herri osoko gazteek hartu dezakete parte berez, baina gehienok Gipuzkoakoak izaten gara txapelketa honetan. Gazteen Mailan aurtengoa izan da nire azkena, datorren urtean nagusien mailan hartuko dut parte, eta salto handia izango da. Horrelakoetan beti igartzen da aldea.
Nondik datorkizu dantzarako zaletasuna?
Familiatik, bai amaren aldekoak eta baita aitaren aldekoak ere oso kulturzaleak dira. 2 urte nituenerako hasi nintzen ni dantzan etxeko egongelan, amamarekin, eta 6 urterekin hasi nintzen dantza eskolan. LH5ean nenbilela, txapelketetan hasi nintzen.
Denbora asko eskaintzen diozu dantzari?
Ahal dudana. Lehen gehiago, agian. Balletera eta aerobikera ere joaten nintzen, baina orain horiek utzita ditut. Dantza eskolak astean bi egunez edukitzen ditut, eta gero, tarteka txapelketa. Koronabirusak dena aldatu du, eta dantza eskolarik gabe egon gara hainbat hilabetetan, baina nik konfinamenduan ere ia egunero egiten nuen dantzan. Ordenagailuan jartzen nituen dantza ezberdinak eta nire kontura dantzatzen nituen.
Balleta, aerobik, euskal dantza... denetik egiten duzu.
Bai, niri dantza gustatzen zait, bere modalitate guztietan, eta uste dut dantza batek besterako ere laguntzen duela. Modalitate baten lantzen denak, besterako ere balio du. Osagarriak dira bata bestearekin, eta baten ikasitakoa ondo etortzen da besterako ere. Baina zaletasun gehiago ere baditut: pilota, musika, igeriketa... astegunetako arratsaldeak bete-beteak izaten ditut, eta beti ibiltzen naiz batetik bestera korrika. Momentuz ikasketekin ere ondo moldatzen naiz, baina egunen baten agian zerbait laga egin beharko dut. Saiatzen naiz dena pasioz egiten, baina egia da denari ezin diodala dedikazio bera eskaini. Aurten esaterako, dantzan ondo ibili naiz, baina pilotan nahiko urte txarra izan dut.
Udan ere ez duzue oporrik hartu. Beharrezkoa da ahalik eta etenik txikienak egitea?
Irailean daukagu hurrengo txapelketa eta garrantzitsua da udan ere entseatzea. Irailean txapelketa bat dugu eta azaroan beste bat.
Haritz dantzari taldea daukagu Elgoibarren. Gustatuko litzaizuke bertako kide izatea?
Bai, jakina. Baina oraindik ezin dut. Gu Inazio Bereziartua dantza eskolako dantzariak gara. Normalean Batxilergoko lehenengo mailan ematen da Haritzerako pausoa, baina ez dakit gure kasuan noiz eta nola izango den. Nik nahi dut aurrerantzean ere dantzan jarraitu eta asko gustatuko litzaidake Haritzeko kide izatea. Haritz dantza taldean dantza berriak ikasteko aukera izango nuke, Gipuzkoatik irten eta beste probintzietan dantzatu... Niri betidanik gustatu izan zait dantza eta beti identifikatu izan naiz dantzarekin. Kirola ere gustatzen zait, eta pilotan eta igeriketan ere banabil, baina dantzak eta kulturak beste zerbait ematen didate; nik horrekin gozatzen dut. Sortzea eta kontsumitzea gustatzen zaizkit. Dantzatzea beste gustatzen zait dantzak ikustea; bertsoak idaztea, kantatzea eta entzutea ere gustatzen zait, musika ere bai... tronboia jotzen dut, gazteen txarangan ere banabil, eta asko gustatzen zait. Beste gazte askorentzat futbola dena da niretzako dantza. Elgoibarren gazte gehienak futbolean hasten dira, baina iristen da puntu bat ezin dutena aurrera jarraitu, futbolak ez duelako denentzako aukera ematen, baina dantzari etorkizun luzeagoa ikusten diot, aurrera jarraitzeko aukera gehiago ematen du. Hala ere, zaila dauka dantzak kirolarekin konpetitzen. Gazteen artean, lagunartean arrakasta gehien duena beti da futbolean edo eskubaloian onena dena; kirolak prestigio handiagoa ematen du dantzak baino. Gizarte honek mailak sortu ditu, eta dantza bigarren maila batean jarri du. Nesken artean agian ez horrenbeste, maila mutiletan dantzan edo pinturan ibiltzea ez da horrenbeste baloratzen.
Zer ematen dizu dantzak?
Ni batez ere geratzen naiz beste dantzariekin lortu dudan harremanarekin, bai herrikoekin eta baita beste herrietakoekin ere. Txapelketetan aritzen garen Elgoibarko dantzariok lagun giro oso ona daukagu eta oso polita da. Batzuk dagoeneko ez dabiltza txapelketetan baina hala ere mantentzen dugu harremana. Ordu asko eman ditugu elkarrekin, eta lagun talde polita daukagu. Txapelak ere etorri dira, etapa baten amaiera moduko bat izan da txapelak lortzea, eta hori hor geratuko da betiko, oroitzapen oso ona izango da, baina hori ez da garrantzitsuena. Dantzak erakutsi dit baita ere jende aurrean moldatzen. Azken batean oholtzara irten eta jende aurrean zu bakarrik egote horrek ere ausardia puntu bat eskatzen du, eta dantzak hori ere erakusten du. Urduritasuna normala da, eta gainera iruditzen zait nerbioak beharrezkoak direla jende aurrera irteteko. Kultur ekitaldietan transmititu egin behar zaio publikoari eta iruditzen zait nerbio puntu batekin gehiago transmititzen dela, erabat lasai egonda baino. Helburua ikusleak gozatzea da eta norberak gozatzen duen mailan gozarazten du ikuslea ere. Norberak gozatzea da garrantzitsuena. Txapela irabazteak azkenean erakusten du helburuak ondo barneratu ditudala, baina hori baino garrantzitsuagoa da niretzat dantzak ematen duen satisfazioa. Nik dantzan egiten dut, horrekin gozatu egitendudalako. Nire ustez dantzari onena ez da ondoen dantza egiten duena, baizik eta gehien gozatzen duena eta publikoari gehien transmititzen diona. Plazagizona naizela esan izan didate beti, baina ez dakit benetan banaizen. Ekintzetan parte hartzekoa izan naiz beti, dela marrazki lehiaketan, bertsotan edo dena delakoan, eta horrek azkenean ekarri dit jende aurrera irten beharra.
ELKARRIZKETA osorik BARREN aldizkariko 1210. zenbakian -PDF-
Dokumentuaren akzioak