Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ena eta Lazkanok jantzi zuten Segurako txapela

Dokumentuaren akzioak

Ena eta Lazkanok jantzi zuten Segurako txapela

Egilea
Joxean Agirre
Komunikabidea
Gara
Tokia
Segura
Mota
Erreportajea
Data
2001/06/17

Seguran atzo jokatu zen Euskal Herriko XXV. Sueltoko Dantza Txapelketaren finalak akabera apoteosikoa izan zuen. Azken txanda tokatu zitzaien Kimetz Larrañaga eta Eneritz Epelderi, azken hiru edizioetan txapela Azkoitiara eraman duen bikoteari, eta animo oihu eta deiadarren artean egin zuten beren ohiko erakustaldia. Sei txanda lehenago beste azkoitiar batzuek egina zuten beren lana, Azpitarte anai-arrebak eta publikoaren zati handi bat txapeldunen alde agertu bazen ere, Azpitartetarrek ere jarraitzaile piloa zutela erakutsi zuten. Dantzaren munduan sarturik dabiltzanek, ordea, hirugarren bikote bat jotzen zuten txapeldungaien zerrenda horretarako: Asier Ena eta Maite Lazkano ziren horien faborito eta sari banaketa luze baten buruan irabazleen izenak jakiteko unea etorri zenean, bergararrek eman zuten sorpresa.

«Hiru edo lau bikoteko elite bat dugu gaur, eta ondoren, oso gertu, tropela datorrela esango nuke kontatu zigun saioa bukatu eta berehala Jose Juan Ugalde epaimahaikoak. Hiru edo lau bikote horiek ari dira herriz herri egiten diren txapelketetan txapelak jazten. Orain dela gutxi Lezon egin genuen txapelketan Kimetz eta Eneritzek jantzi zuten. Gaur Asier eta Maiteri suertatu zaie jaztea. Hiruak perfekzioaren mugan egiten dute dantza eta epaimahaian sei garenez, seion batez bestekoak erabakitzen du».

Puntualtasun harrizgarriz hasi zen, seiak puntuan, Segurako Dantza Txapelketa, baina zortzi eta erdiak ondo jota bukatu zen, zilarrezko ezteiak zirela-eta hogeita bost urteotan protagonista izan ziren guztiei omenalditxo bana egin baitzitzaien dantzarien lana bukatu zenean. Gillermo Areizaga txapelketaren sortzaile nagusiaren familiartekoak igo ziren lehenik; hogeita bost urteotan txistulari gisa parte hartu zuten Joxe Mari Telleria eta Nazario Telleriak ondoren; Nestor Basterretxeari ere opari bat eskaini zioten, berak etortzerik izan ez bazuen ere. Herrian hogeita bost urteotan izan diren hiru alkateak ere izan zuten omenaldirik. Epaimahaiko izan direnak eraman zituzten segidan jendaurrera. Eta omenaldi ugari horien artean hunkigarriena Axen Egañak, Euskal Dantzarien Biltzarreko idazkariak, jaso zuena izan zen, semeak, Aiert Beobidek, berriki gipuzkoar erako aurresku txapelketa irabazi duenak egin baitzion aurreskua, ondoren elkarri besakarda estua emanez.

Nostaljiarako nahikoa motibo ez bagenu bezala, hogeita bost urteotan txapeldun izan diren bikote guztiak igo ziren segidan gora, hogeita hamar bat lagun guztira eta argazki historiko bat egin zuten bertan. Omenaldien txanda horrenbestez amaitu zen, baina aurkezleek luzatu egin nahi izan zuten suspentsea. Lehen aldiz aurkeztu zen bikoterik onenaren saria Mikel Mujika eta Nagore Narbarte hernaniarrek eraman zuten, bikote gazteenarena Jon Otxoa eta Itziar Oiartzabal, Ibarrakoak; Segurako bikote onenarena Antton Fernandez eta Miren Gallastegik. Jantzien sariak eman zituzten azkenik: Miren Gallastegik eta Antxon Fernandezek lehen saria, eta Xabier Segura eta Lierni Martiarenak bigarrena. Eta horrenbeste luzapenen buruan iritsi zen jendearen irrika asetzeko garaia: Asier Enak eta Maite Lazkanok eman zuten sorpresa, bigarren Kimetz Larrañaga eta Eneritz Epelde, eta hirugarren Azpitartetarrak geratuz. Lehen saria 100.000 pezeta, txapela eta garaikurrak zituen berarekin; bigarrenak 80.000 eta garaikurrak eta 60.000 pezeta hirugarrenak.

Hogeita bat bikote izan dira Segurako txapelketaren kanporaketan parte hartu dutenak, finalera hamalau iritsi badira ere. Horietatik gazteenak 15 eta 16 urte zituzten, baina batez bestekoa hogeita lauren buelta horretan kalkulatu zuten antolatzaileek.

Epaimahaiko sei kideek izan zuten lanik aski txapela erabakitzen. Horretarako lau arlo edo alderdi begiratzen omen dituzte zorrotz asko: bien arteko koordinazioa edo harmonia lehenik; erritmoa bigarrenik; zailtasuna hirugarrenik eta osotasuna azkenik. Osotasuna esatean, irudiaren plastikotasuna, eta ederra eta orokortasuna esan nahi omen dute. «Aurten bi piezak berriak ziren eta horrek ere uste dugu eraginik izan duela, bikote batzuei gehiago kostatzen baitzie musika berri batera egokitzen», esan zigun Jose Juan Ugaldek.

Finala bikaina atera zen. Erdiko atsedenaldian presoen eta iheslarien aldeko ekitaldi xume bat ere egin zen, pankarta bat agertokiaren aurrez aurre jarriz.

Inoiz baino Euskal Herrikoago

Ipar Euskal Herriko ordezkaririk ez zen finalean, baina Hegoaldeko lurralde guztiak ordezkaturik ziren bertan. Hasiera arabarrek eman zioten, Amurrioko Aitor Alava etaAna Morenok dantza egiteko modu erabat herrikoiaren erakustaldia eginez. Bazirudien emanaldi etnografiko batean geundela, baina horrek aniztasun itxura ere eman zion finalari. Gisa horretan pasatu ziren agertokitik, Gipuzkoako bikoteez gainera, Portugaleteko Ander Garitanoandia eta Leire Palacios, Seastaoko Carlos de Las Heras eta Idoia Madariaga, eta Atarrabiako Iker Larunbe eta Edurne Mata.

«Ahalegin handia egiten ari gara partaidetza Euskal Herri osora zabaltzeko. Aurten Ipar Euskal Herrian ere saio batzuk egin ditugu bertako bikoteren bat ekarri nahian, baina ezin izan dugu», esan zigun Ugaldek.

Hamalauko zerrenda horretan izan zen bikote ikusgarri gehiago ere, Bergarako Aitzol Ena eta Donostiako Miren Illarretak osatua esate baterako, edo Hernaniko Xabier Segurak eta Lierni Martiarenak osatua.

Txapelketaren bukaeran, aurreko edizioetan bezalaxe, Zurartean txalapartari talde- ak, Elai Alai taldeko dantzariek eta Murumendiarazen Aukeran taldeak eman zuten ikuskizuna. Azken honek "Ezpaita" izeneko koreografia estreinatu zuen, dantza tradizionala eta garaikidea nahasiz.

Dokumentuaren akzioak