Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Emozioen kulunka

Dokumentuaren akzioak

Emozioen kulunka

'Sehaska balleta' obra estreinatu du Kresalak, Faustino Aranzabalen eta Idoia Ibarzabalen lan berria

Egilea
Xabier Martin
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Erreportajea
Data
2007/01/05

«Primeran joan zen lehen agerraldi hura, eta harrera beroa egin ziguten. Gu hustu egin ginen oholtza gainean, eta ikusleek hori eskertzen jakin zuten». Pozik dago Faustino Aranzabal Sehaska balleta obraren zuzendaria eta koreografoa. «Oso sentipen onak izan genituen, jende asko hunkituta atera zela ikusi eta gero». Urte eta erdi eman du Kresalak Sehaska balleta prestatzen eguneroko lan saiatuan, taldeka eta bakarka, «bakoitza bere buruarekin».

2002an Marixe, panpinen balleta eman zuen taldeak; «familia osoari begira» egindako lana izan zen hura. Orain, berriz, «helduentzako» sortu dute dantza ikuskizun hau, eta horretan ibilbide historiko bat egiten dute dantza adierazpideen bidez. «XVII. mendeko dantza barrokotik hasi eta XX. mendea arte iristen gara, garai guztietako zertzeladak emanez». Denborak marraztutako bide horretan zehar bi oinarrirekin egiten dute aurrera dantzariek oholtza gainean. «Herri dantzen inguruan kokatu ohi den ongi egotearen erakustaldia da lehena, erromantizismo positibista nolabait; bestetik, sentipen horretatik atera gabe eta sentipen hori areagotu aldera, bigarren zutabea gaineratu dugu osagai gazi-gozoekin, dantza garaikideko bakarkako saioak».

Arte garaikideko bakarkako saioak eta talde lanean gauzatutako herri dantzak desberdinduta aurkezten dituzte asmo jakin batek bultzatuta. «Izaerazko dantza estilotik urrun, barne mundua azaltzeko estilorik egokiena da dantza garaikidea, eta sentipen haiek azaltzeko erabili dugu obra honetan». Nolanahi ere, «dena dago herri dantzaren barruan». Tradizioaren funtsak dauka lehentasuna, alegia.

HARI NARRATIBORIK GABE. «Talde bateko kide izatearen emozioa» adierazten duten taldekako koreografiek eta «galtzearen sentipena» azaleratzen duten bakarkakoek osatzen dute Sehaska balleta. Obrak ez dauka hari narratiborik, istorio linealik, ikuslearen irudimenak eraikitzen baitu istorioa. «Hari abstraktua dauka, sentimenduei dagokien kontakizuna nolabait».

Dantzarien jantziak, musika eta gainontzeko ezaugarriak ez dituzte aukeratu aldagai estetikoari lotuta bakarrik. Osotasuna da gakoa, Aranzabalen hitzetan. «Oro har, ikuskizun osoa, bai dantzak, bai musika eta jantziak, baita zentzu etikoa ere, osotasun batean ulertu dugu, hau da, herri dantza da, baina sorkuntza ere badago. Herri dantza modernoa da berez, ez dugu zertan modernizatu. Askotan identitate konplexuak aipatzen dira halako modernizazio bat defendatzen denean, baina herri dantza serio lantzen denean, ez du zertan sorkuntza alde batera utzi». Dantza irakaslearen ustez, «diziplina bakoitzak bere nortasuna dauka», eta ongi jorratuz gero, transmisioa bermatua dago, «pasioa bistan geratzen da».

Herri dantzen ezaugarri garrantzitsuena, beharbada, energia izan ohi da, eta iturri hori erabili dute Aranzabalek eta Ibarzabalek euren ikuskizunerako. «Zortzi herri dantza berrietan, energia hori beste modu batean lantzen saiatu gara, betiere kanporanzko begirada batean». Garai barrokoan kokatutako kontrapasatik hasita, segalariena, pastoralarena, xisteren dantza, sehaskarena eta karrikaren koreografia interpretatzen dituzte, besteak beste. Koreografia horien aurretik dantzari bakar batek, Miriam Perezek, bakarkako ballet garaikideko bost dantza egiten ditu barrualdera begira, «gabezia, galera, amatasun, lotura eta bakardade sentimenduen inguruan landutako piezak». Amaia Zubiriak a cappella abestutako bost kanturen doinuekin mugitzen da Perez bakarkako agerraldi horietan.

HERRI MUSIKA ETA EGILE EZAGUNENA. Dantza ikuskizuneko musikaren erdia herri musika da, tradiziozkoa. Beste erdia egile ezagunek konposatutako pieza entzutetsuek osatzen dute. «Pierra Bordazarre, Julen Lekuona, Pascal Gaigne, Amaia Zubiria, Juan Mari Beltran, Mikel Laboa... Euskal gizartean oso barneratuta dauden doinuak dira, herrian txertatutakoak». Zuzeneko musikarekin mugituko dira dantzariak emanaldietan, bakarkako dantzetan salbu; Amaia Zubiriaren kantu grabatuekin egingo dituzte pieza horiek. Besteak interpretatzeko bost musikari izango dira oholtzan. Horretan ere dantza estiloak desberdintzeko saio nabarmena dago.

Kresala taldeak ez dio uko egin sorkuntzari, Sehaska balleta obrak frogatzen duenez, baina taldearen zeregina dantzarien trebakuntza da gehienbat, «%90 bai behintzat». Beste %10a sormen lanean ematen dute, «apurka eta ongi pentsatutako proiektuetan». Hala ere, Faustino Aranzabalek ez du uste herri dantzak oinarri hartuta sorkuntzan aritzea berria denik, azken urteetan ildo horretako ikuskizunak asko ugaldu diren arren. «90eko hamarkadan, esaterako, Sokadantza sortu genuen, eta 80koan, Ioiak».

Aurten, berriz, Sehaska balleta ahalik eta herri gehienetan emateko asmoa du Aranzabalek. Otsailean hasiko da Kresala taldea jardun horretan.

Dokumentuaren akzioak