Dokumentuaren akzioak
«Emozio haundia sentitu izan dut Bordon-dantza dantzatzen»
Ane BERASAIN GOIA, Berako gaztea
Lan egitea tokatuko zaio sanestebanetan ere, baina hori ez da aitzakia bestarik ez egiteko. Bilatzen du tartea. Lanera joateko ohatzetik jaikitzea «zaila» egiten zaiola onartu badigu ere, aipatu digu, «ahal bezain ongi» moldatzen dela lana eta besta bateratzeko. Berak dioen bezala, «bestazalea» delako eta are gehiago herriko bestak baldin badira. Gustukoak ditu, eta batez ere, «egun osoan dagoen bestetako giro berezia da» gehien gustatzen zaiona: «normalean jendea kontent egoten delako».
Dantza taldearekin
Lanean libre baldin badu, txoznetako bazkarira joatea maite du: «lagunekin joatea aunitz gustatzen zait», dio. Baina hortaz aparte, Gure Txokoa Dantza Taldean ere badabil: «12-13 urterekin hasi nintzen». Bere irudiko, «nahiko berandu, normalean jendea ttiki-ttikitatik hasten delako». Baina geroztik, aukera baldin badu, ez du hutsik egiten besten aitzinetik dantza taldeak egiten duen jaialdian. Aurten abuztuaren 1ean izanen da, 19:30ean Eztegara pilotalekuan. Hori prestatzeko «ordu aunitz» pasatzen dituztela adierazi digu Berasainek: «gehienbat helduek, baina ttikiekin ere ordu dezente pasatzen ditugu, batez ere azken errepasoekin».
Ez da jaialdi horretara mugatzen besten bueltan Anek egiten duen dantza saioa. Izan ere, San Esteban Egunean Gure Txokoa Dantza Taldekoek egiten dituzten dantzetan ere parte hartzen du. Duela hiru urte hasi ziren emakumezkoak Bordon-dantza dantzatzen eta tartean zen Ane. Gabezia bat sumatu zutelako hasi ziren: «emakumeok ere herriaren parte izanda, herriko bestetan Bordon-dantza ez dantzatzean plazan hutsune bat zegoela ikusi genuen, eta gu ere dantzatzen hasi ginen». Kontatu digunez, saltoa ematea «ez da batere zaila izan, jende gehienak bere babesa eman digu eta hori ere eskertzekoa da». Gehiago ere azaldu digu Berako gaztak: «emozio handia sentitu izan dut Bordon-dantza dantzatzen, batez ere jendea animatzen aditzen duzunean».
Alde horretatik, hutsunea ez du dantzan bakarrik sumatzen Berasainek. Goldatz Berako Emakume Feminista Taldeko kidea da eta feminismotik begiratuta, «toki gehienetan bezala, Beran ere hutsune handiak» daudela uste du. Hala ere, lanean ari dira: «hutsune horiei ahalik eta hobekien aurre egiten saiatzen gara, bai egunerokotasunean eta bai bestetan ere». Erronka «ugari» omen dituzte Goldatzen barrenean, «baina orain, bestetan zentratuak gaude». Horien artean, eraso sexistak prebenitu eta hauen kontzientziazioa jendarteratzeko, eta eraso bat dagoenean erantzun antolatu bat emateko protokoloa landu dute.
Kontuak kontu, lanean bai, baina baita dantzan eta bestan ere. Hola ibiliko da Ane Berako bestetan.
Dokumentuaren akzioak