Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Emirraren guduka, pastoralaren ataka

Dokumentuaren akzioak

Emirraren guduka, pastoralaren ataka

Pettarreko lau herrik 'Abdelkader' pastorala emango dute uztailaren 25ean eta 30ean eta agorrilaren 1ean eta 8an, Urrüstoi-Larrabilen. Jean-Louis Davantek idatzi du obra, XIX. mendeko emirraren bizitza oinarri hartuta
Egilea
Allande Sokarros
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2021/07/20
Lotura
Berria
<em>Abdelkader</em> pastoraleko azken kantua, �rr�stoiko pilota plazan egin duten mustrakan.
Abdelkader pastoraleko azken kantua, �rr�stoiko pilota plazan egin duten mustrakan. ALLANDE SOKARROS

Pastoral baten antolatzea, batez ere gaur egungoak, ez da sekula erraza izan, baina, Pettarreko lau herrik (Zuberoa) hots Ainharbek, Ezpeize-Ündüreinek, Sarrikotapeak eta Ürrüstoi-Larrabilek eskuz esku paratu duten Abdelkader trajeriaren kasuan, nekeak pilatu egin dira.

Jean-Louis Davant euskaltzainak idatzitako obra hori 2020ko udan antzeztekoa zen, baina COVID-19aren pandemiaren ondorioz eta bi hilabete pasako itxialdiaren eraginez, mustrakak edo saialdiak ez ziren egin ahal izan. Hortaz, pastoral batek bospasei hilabeteko trebaldiak behartzen baititu, antolatzaileak urte batez atzeratzera behartuak izan ziren.

Haatik, 2021. urte honetan ere, koronabirusak eragindako osasun egoerak gorabeherak dituenez gero, pastoralaren prestaketa ataka zailetatik ibili da. Hala, urte hasieratik berriz ere trebaldiei ekin zietelarik, gelditzera behartuak izan ziren, aktore batzuek COVID-19a harrapatu baitzuten. Gainerat, hasieran arizale izateko asmotan zen andana bat uko egitera behartua izan da. Hala eta guztiz ere, Battitta Berrogain errejentaren agindupean, 70 bat aktorek, nekeak neke, jarraitu dute saialdietan, eta Abdelkader pastorala ikusgai izango da uztailaren 25ean eta 30ean —bigarren agerraldia gauez egingo delarik—, eta agorrilaren 1ean eta 8an.

Lau agerraldi, beraz, egunezkoak 15:30ean eta gauekoa 20:30ean hasiko direlarik, Ürrüstoiko pilota plazan, baina horiek ere pandemiak sortutako egoera zailak baldintzatuak izango dira. Izan ere, osasun segurantza neurriei jarraitu beharrez, ikusle kopurua 1.000 jendetara mugatua da. Horiek horrela, ia-ia segurta daiteke, lehen bi agerraldien kasuan behintzat, dagoeneko ez dela lekurik izango. Hortaz, urrundik etortzeko asmotan liratekeen pastoralzaleek hobe dute zinez lekurik baden edo ez aurretik berri hartzea, mezu bat bidalita helbide honetara: xiberokojaunaalkartea@gmail.com. Hori gutxi ez balitz, Frantziako agintariek hartutako azken neurriek txertatze osoa hartu delako egiaztagarria edo PCR osasun ziurtagiri bat erakustera behartzen dute 50 lagunetik gorako ikuskizunentzako, baita horiek kanpoan egiten badira ere.

Trajeriak —hori da pastoralaren izen zaharragoa— dituen 25 jelkaldietan (ateraldietan), horien barne hamabi abesti eta bi dantza sorkuntza daudela, berezitasun aski aipagarriak topatuko dituzte ikusliarrek. Horietarik nabarmenena da Abdelkader heroia eta haren lerrokoak ate urdinetik jalgiko direla, eta ez gorritik. Ate gorritik jalgi eta erretiratuko direnak frantses guti edo aski kristauak izango dira.

Dena den, hori ez da arrarokeria bat izango inola ere. Ezen, kiristi eta türk izendatze horiek garai batean asmatutakoak dira, Otomandar Inperioa indarrez hedatzeak mendebaldeko herrietan piztutako izualdiari lotutakoak. Tragedia zaharretan aurrez aurre azaltzen diren bi multzoei deitu ohi zaie onak eta gaiztoak edo urdinak eta gorriak. Hortaz, Davanten obrak ez die pastoralaren erro zaharrei funtsezkorik ezer aldatu. 

Pastoralean egongo da berezitasun gisa har daitekeen beste pasarterik. Hala, Abdelkader emirra Paueko jauregian preso egon zela irudikatzen duen jelkaldian aktoreek kantu bat bearnotarrez abestuko dute. Gisa berdintsuan, Abdelkader arabiarra zela gogoan edukita, jelkaldi bateko arizaleek Magrebeko dantza bat emango dute, bertsoak arabiarrez botatzearekin batera. Pastoral bati arretaz begiratzen diotenek eta haren antolaketa ezagutzen dutenek ikusiko dute, halaber, berezitasun bat badela ate urdin, zuri eta gorriak zaintzen dituztenen aldetik. Ohikoan eginbehar horretan jarduten duten teatro andere edo plaza andereen ordez, emakumezkoak eta gizonezkoak badaudela ohartuko dira. Hori halaxe izango da, pastoraleko aktoreek beraiek txandaka beteko baitute zeregin hori. Horra hor Zuberoako pastoralak beti eraldatzen jakin izan duelako froga bat gehiago, gaitasun horrek, besteak beste, bermatu duelarik haren iraupena.

Azken berezitasun bat, haatik, zalantzazkoagoa da, hau delarik pastoral baten kontakizunaren ondorioztatzeak ateratzen dituen azken perediküaren emateko egin izan den hautua. Baten batek erranen du lehen perediküaren eta azken perediküaren kantatzeko modua ez dela ukitu behar, funtsezko arauetatik dela. Dena den, errejentari horretaz oharra egiten ahal bazaio ere, haren hautua errespetatu behar da. Izan ere, Abdelkader emirraren eta hari eskainitako pastoralaren erakusbide eta irakasbide bat baldin bada, tolerantziaren kontua da.

Frantziari buru egin zion

Abdelkader ibn Muhieddine emirrak (1808-1883) Frantziari aurre egin zion, Aljeria militarki eraso zutelarik 1830eko ekainean, kolonizatzeko asmoz. Erlijioso familia aberats bateko seme hori emir, hots, buruzagi erlijioso eta militar gisa izendatu zuten 1832. urtean, garai haietan Damaskoren jabetzapean zegoen Aljeriako zenbait leinuk. Ordutik eta 1847. urte amaieraraino, Frantziako indar okupatzaileei armaz buru egin zieten Abdelkaderrek eta bere aginduetara zeuden gudulariek. Buru egin soilik ez, behin baino gehiagotan garaitu ere egin zuten garai haietan munduko armada indartsuenetatik bat zena, hala nola Mactako gudukan.

Alabaina, Abdelkaderrek amore eman behar izan zuen 1847ko abenduan. Bere etxetik atera ezinean atxiki zuten, lehenik Toulonen, gero Paueko jauregian (Labriteko Joana Nafarroako erreginarenarena izan zena), eta azkenik Amboiseko palazioan.

Napoleon III.ak aske utzi zuen 1852ko urrian. Abdelkader atzerrietara joan zen bizitzera, lehenik Turkiara eta azkenik Damaskora, hantxe zendu zelarik 1883ko maiatzaren 26an.

Dokumentuaren akzioak