Dokumentuaren akzioak
Emigratze behartuak
Faizal Zeghoudi eta Dyptik konpainiak
Emigratze behartuak izan ditugu hizpide Miarritzeko Dantza Maitaldiaren bigarren larunbatean, Faizal Zeghoudiren eta Dyptik konpainien eskutik.
Jatorri aljeriar-frantziarreko Zeghoudiren lanak beste batzuetan ikusi ditugu festibalean —Le chant de la gazelle eta Le sacre du printemps ou le cri de l'indépendance (2013) eta Choréografie de la perte de soi (2015)—, eta esan daiteke bere ezaugarrietako bat dela gaurko munduko kezkak eta nahiak dantzaren bidez plazaratzea eta dantzarien jarrera eta keinuei esangura ematea.
Oraingo No Land demain lanaren izenburuak jolas egiten du ingelesezko eta frantsesezko mezuekin, «bihar aberririk ez» eta «bihar goizik ez» aldi berean esanez, eta beren aberritik egotziak direnen egoera ekarri du taula gainera, zortzi dantzari kokatuz —launa emakume eta gizon— segurtasun-eremu karratua markatzen zuen zinta zuri-gorri baten barruan. Anartean, soinu-bandak itsasontzi baten sirena gorra, erloju baten tik-taka, aginte-ahotsak, telefono-hotsak, txilibituak eta beste hainbeste osagarri elkartu ditu erritmo bizi baina oso errepikakor baten egituran.
Dantzariak, bitartean, eskuak poltsikoetan edo izterren gainean ibili dira, erritmoaren aginduetara mugitzen, taldeka batzuetan, banaka beste batzuetan, baina inoiz ere elkar ukitu gabe, horrela nabarmenduz ez direla masa bat eta haietariko bakoitza kasu bakana dela, berez, milioiak izan arren. Paroxismo une baten ostean, amorruz kendu dituzte eremua mugatzen zuten zinta zuri-gorriak, baina hortik aurrera denak jarraitu du berdin antzera: eskuak atzean lotuta baleude bezala ikusi ditugu, erregutze jarrerak ugaritu dira, gorputzak ziplo jausten ziren lurrera... Baina, oro har, iruditu zaigu koreografoa migratzaile behartuen desesperazioa irudikatzera mugatu dela, ariketa-taula luze bat diseinatuz baina benetako koreografia bati eskatu ahal zaion konplexutasuna eta dentsitatea mamitu gabe.
Eskerrak gai bera beste era batean planteatu dutela Dyptik taldeko kideek Kasinoko kanpoaldean D-construction lanarekin. Hesi metaliko batek banatu ditu albo bateko zein besteko ikusleak, eta dantzariek kemen ikaragarriz irudikatu dute Europara noiz eta nola sartuko egonean dauden gazte magrebtar eta afrikarren ezina. Alde bietako ikusleok ere izan gara gonbidatuak haien odisean parte hartzera, eta amaitutakoan ikusle batzuek malkotan eta guzti eskertu dute proposamenaren engaiamendu kementsua.
Dokumentuaren akzioak