Dokumentuaren akzioak
Emazteak lehen aldiz sartzen dira aurten dantzari gisa kaskarotetan
Otsailak 4 larunbatarekin Uztaritzeko kaskarotak Baiona ttipi zein handiko karriketan gaindi ibili dira, ihauteri sasoiko etxez-etxeko eskeari hastapena emanez. Hala eginen dute ondoko asteburuetan zehar Uztaritzeko auzoetan ere. Betiko tradizioa, emazteek ere dantza eta eskean parte hartzearen berrikuntzarekin. Jantzi berriak, taldearen bikoiztea eta rolen banaketa dira, besteak bete, proiektu berritua sortzeko gainditu dituzten erronkak. Maritxu Goyhenechek eman dizkigu xehetasunak.
Zer dira historikoki Uztaritzeko kaskarotak?
Hastapen batean, Uztaritzen kaskarotak emaztea atzemateko etxez-etxe pasten ziren gazteak ziren. Xuriz jantziak ziren eta bular gainean bitxiak zituzten, haien familiaren bitxi politenekin. Horregatik, haien jantziak atxiki dituzte beti eta gaur egun ere horrela janzten dira.
Bistan dena, urteak pasa ahala aldatu egin da, ez ziren gehiago emazteen atzemateko pasten etxez-etxe. Beste herrietan bezala, ihauteriak ospatzeko, udaberriari ongi emateko eta eskea egiteko pasten hasi ziren.
Horrela, berantago eskea egiten zutenak herritar guztiak izatetik dantza taldekoak izatera pasa ziren. Eskea musikarientzat zen lehenik eta hori ere garatu da poliki-poliki. Orain, dantza talde gisa pasten gira etxeetatik eta, horri esker, dantza taldea bizitzen ahal da, garai honetan biltzen dugunarekin urte osoan zehar proiektuak egiteko. Horretaz gain, jatekoa eta edatekoa eskaintzen digute etxeetan.
Zein da, zure ustez, kaskaroten berezitasuna?
Kaskarotak, existitzen direnetik, urtero izan dira, gerla garaian ere segitu dute eta, horregatik, guk Covid-19 garaian zehar ere segitu dugu, urtero, gelditu gabe, kaskarotak izaiteko.
«Pentsatzen dut emankorra izanen dela eta gauzak aitzinatzen lagunduko duela»
Aurtengo kaskarotek, aldiz, badute berrikuntza historiko bat.
Emazteak lehen aldiz sartzen dira aurten dantzari gisa kaskarotetan. Orain arte, dantza taldean proiektu ainitz egin dira neskek haien lekua atzemateko ihauteri garaian.
Hasteko, Uztaritzen zirtzilak badira aspalditik eta genero gabekoak dira, ez da ikusten gizon edo emazteak diren eta, beraz, emazteak rol horretan sartu ziren lehenik. Ondotik, orain duela bospasei urte 'Buruz behera' proiektua egin zen, emazteek zinez leku bat ukaiteko ihauteri garaian.
Taldekideekin eta dantzariekin aipatzean, emazteen nahia kaskarotak mutikoekin egitea zen. Lehen aldiz, neskek mutikoekin eginen dituzte kaskarotak, etxez-etxeko desfilea eginez. Proiektu oso bat muntatu dugu horrentzat, orain duela urte bat eta, azkenean, Uztaritzen eta Baionan dantzatuko dugu.
Zer aldaketa ekarri ditu emazteak sartzeak?
Proiektua, funtsean, berdin egoten da, erran nahi baitu, etxeen itzulia eginen dugu dantzatzeko, eskea egiteko eta biztanleen artean momentu bat pasatzeko. Aldiz, proiektua garatu dugu. Biltzar Nagusian hautatua izan zen dena eta Administrazio Kontseiluan erabakiak hartu ziren, hau da, dena elkartean egin dugu.
Helburua neskek mutikoekin kaskarotak egitea zen eta arazoa, berriz, neskak sartzen baziren dantzari kopurua bikoiztuko zela. Ez genuen etxeetan berrogeita hamarnaka sartu nahi, musikariak ere gurekin direla kontuan harturik. Dena berriz pentsatu behar genuen. Azkenean, auzoka berrantolatu gira eta, aldi oro, bi ibilbide eginen ditugu, bat egin beharrean. Kaskarotak doblatu ditugu, ber egunean bi auzo egiteko. Honi esker, auzo berrietan eginen ditugu kaskarotak, adibidez, Zokorrondon. Beraz, kaskarotak garatzen ditugu.
Gainera, dantzariak bikoiztu direnez, musikari gehiago atzeman behar genituen. Hor ere indarra lehengo dantzari batzuk taldera itzuli izana da, dantzari ohiak musikan trebatu eta musika-talde berri bat sortzeko.
Bi generoak nahasteak rolen banaketa berri bat eskatu al du?
Rolak hiru taldetan banatuak dira. Badira eskelariak, betidanik genero gabekoak dira. Batzuek badituzte gonak eta beste batzuek galtzak, baina horrek ez du generoa baldintzatzen, ber pertsonaiak dira. Bada ere ikurriñalari bat talde bakoitzean eta dantzariak. Hauetarako taldeetan neskak eta mutilak kopuru berean ematen entseatu gara.
Mutilak, beti bezala, xuriz eta papo gainean bitxiak soinean dira. Neskentzat, jantzi berriak sortu ditugu. Hau da berrikuntza handiena. Duela sei hilabete dena josten ari garela, biziki luzea izan da. Profesional bati galdegin diogu gonak sortzea eta espaldetan eramenen ditugun zapiak guk josi ditugu, eskuz, diruaren aldetik ere behartuak ginelako.
Beraz, dantzari guztiek, mutiko eta neskek elkarrekin, dena josi dugu. Ideia zen nesken jantzia mutikoen antzekoa izatea. Orduan, jantzi politak ezartzea eta bakoitzak papo gainean gure familiako bitxi bat ukaitea, polit jantzia izaiteko helburuarekin.
Maila sozialean, zein esanahi du berrikuntza honek?
Aurten nola pasako den ikusi behar da, baina aldaketa zinez emankorra dela uste dut. Dantza taldearen baitan, bai neska eta bai mutikoen aldetik egiten zen eskaera bat zen. Talde bat gira eta denbora asko pasten dugu elkarrekin, beraz, bazen gero eta gehiago ihauteri garaian ere elkarrekin dantzatzeko nahia. Horregatik pentsatzen dut emankorra izanen dela eta gauzak aitzinatzen lagunduko duela.
Dokumentuaren akzioak