Dokumentuaren akzioak
"Emanaldian eduki nuen tenplea goraipatu zuten nire irakasleek"
Noiztik diharduzu Madrilen, Victor Ullateren eskolan ikasten?
Ikasturte honetan etorri naiz, eta nire asmoa da, hemendik abiatuta, dantzan modu profesionalean jardutea etorkizunean.
Aurretik Durangoko L’atelier dantza eskolan ibilitakoa zara.
Bai, hamaika-hamabi urtegaz hasi nintzen L’Atelier-en, DBHko lehenengo mailan nengoela. Oiane Azkonizagaren klaseak, ikastaroak etab. hasi nintzen jasotzen.
Zer aukera daukazu Victor Ullateren dantza eskola horretan?
Arratsaldeko klaseetara joaten naiz orain. Maila altuagoetan, goizeko klaseak jasotzen dituzte, eta ordu gehiago dira, eta klaseak, errepertorioa etab. jorratzen dituzte. Hortik, irakasleek edo Victor Ullatek konpainian sartu zaitezkeela esan arte egiten duzu lan.
Zergatik aukeratu zenuen Madrilera ikastera joatea?
Eskola oso ona delako, eta Victor Ullate bera ere oso ona delako dantzariak ateratzen. Ikusi nuen hona etorrita aukera gehiago izango nuela kontserbatorio batean jardunda baino.
Noiz eta zelan erabaki duzu zure etorkizuna dantzagaz lotuta eraiki gura duzula?
Orain bi-hiru urte erabaki nuen. Hasieran ez neukan pentsatua dantza klasikoan jardutea, baina asko-asko gustatu zitzaidan.
Asteburukoa lako ekitaldietan parte hartzen duten beste dantzariekin jardutea berezia da?
Bai. Dantzari profesionalak hain gertutik entseatzen ikustea bera ere oso berezia izan zen niretzat. Emanaldian zelan jarduten duten ere hiru metroko distantziatik ikustea oso hunkigarria izan zen.
Beste zer dantzarik hartu zuten emanaldian parte?
Euskal dantza modernoan diharduen Andoni Arestiren eskolako hamar dantzari inguru egon ziren, eta Royal Ballet-eko eta Munich-eko baleteko lehenengo bakarlariek ere hartu zuten emanaldian parte, besteak beste.
Ikusi zenuenetik zer iruditu zitzaizun bereziena?
Gehien gustatu zitzaidana dantzariek elkarren artean daukaten hartu-emana izan zen: bikotekideen arteko hartu-emana trasmititu egiten da dantzan, eta elkarren artean zelako erlazioa daukaten ikusteak harritu ninduen.
Zuk Carolina Chicok Granadosen musikagaz osaturiko ‘Mascherata’ lana aurkeztu zenuen zapatuan Bilbon.
Bai, Carolina Chicogaz montatutako koreografia da Mascherata. Enrique Granadosen musika dauka, eta azken astean Carolina Chicogaz eta L’atelier eskolako Oiane Azkonizaga zuzendariagaz prestatu dut. Dantza neoklasiko-garaikideko bost minutu eta erdi inguruko lana da.
Zer aipatu zizuten Bilbora ikustera joan zitzaizkizun irakasle, lagun eta lankideek?
Guztiek zoriondu ninduten. Irakasleek emanaldian zehar eduki nuen presentzia eta tenplea azpimarratu zituzten.
“Libre moduan,
neu sentitzen naiz dantza egiten dudanean”
Orain urte bi, epaimahaiaren aipamen
berezia jaso zuten dantza bikoteak eta Maider Gonezalezek Bilbon; iaz
dantzari gazteen lehiaketan lehengoa izan zen bakarlari legez.
Dantzari gaztearen orain arteko jendaurreko bereziena izan
zen zapatuko, edozelan ere, bere berbetan: emanaldiaren amaieran euskal
dantzak eskaini zituzten guztiek elkarrekin, eta zutunik txaloka
erantzun zuen Euskaldunako publikoak. Halako oholtza batetik jardun
arren, bere irakasleeek goraipatzen duten tenpleagaz jardun zuen
Maiderrek. “Ez nintzen urduri ipini”, diosku.
Euskal Herrian dantza ez dela serio hartzen ere esan digu Maider Gonzalez gazte durangarrak, eta dantzagaz lotuta Euskal Herrian konpainia baten inguruan dantza eskola bat sortzea lukeela amets.
Marta Hernandez dantzari profesionala
izandakoa du Madrilen irakasle: “Bizi izan dituen eran, berak erakusten
digu eskolatik kanpora zelan diren gauzak”.
Gorputzarentzako lan gogorra da, Maiderrek aitortu duenez,
egunero ordu bi eta erdian geratu barik dantzan jardutea, baina “dantza
egiterakoan ni sentitzen naiz, libre moduan”, dio.
Dokumentuaren akzioak