Nola egin duten? Bada, Bilbaok idatzitako testuen eta June San Sebastian ilustratzaileak egindako irudien artean QR kodeak txertatu dituzte. Eta bertan aurki daitezke Kukai dantza taldeko partaideak, Maite Larburu musikariak konposatutako erritmoetan dantzan. Horiek bideoan jasotzeko ardura David Bernuesena izan da, eta guztia koordinatzen Maia ibili da, bera izan baita proiektuaren zuzendari artistikoa.
Hitzaz haragoko «espresio bideak»
Izan, Maiaren burutapen batetik hasi zen proiektua. «Sentsibilizazio eta kontzientziazio lana» egitea oso garrantzitsua dela azpimarratu du hark, baita arteak kontzientziak «astindu» behar dituela ere. «Momentu honetan dugun errealitateari erreparatu behar diogu, eta bizi garen lekutik gure begirada bat eman. Batzuetan badirudi familia nahiz eskola girorako zerbait egiten duzunean koloreak, puxikak eta serpentinak izan behar dituela, eta harritu egiten gara istorio bat tristea denean». Horrez gain, estetikoki ariketa «oso ederra» izan dela aitortu du dantzariak, lengoaia artistiko guztiak biltzeko balio izan duen formatuarekin «asmatu» dutelako.
Bilbaok azaldu du dei batekin hasi zela dena: «Jonek [Maia] gauza interesgarri asko esan zizkidan, eta, horien artean, euskarri fisiko berri bat izateko gogoa zuela bota zidan. Izan ere, bazuen nolabaiteko sentipena dantzarien jardun eszenikoa oholtzan hasi eta bertan amaitzen zela askotan, beste euskarririk izango ez balu bezala». Azkenean, «lan berezi bat» egin dutela iritzi dio idazleak, literatura, ilustrazioa, musika eta dantza proiektuaren «espresio bide» izatea lortu baitute.
«Momentu honetan dugun errealitateari erreparatu behar diogu, eta bizi garen lekutik gure begirada bat eman» JON MAIADantzaria eta 'Klera'-ko zuzendari artistikoa
Elkarlanean, «bata bestea elikatuz» ibili direla adierazi du Maiak, eta horixe bera berretsi dute gainerako artistek ere. Bilbaok, esaterako, testuaren «isiltasunak» beste diziplinek betetzen dituztela nabarmendu du, eta bakoitzak «bere bidea» egin duela. «Nire kasuan, eszenetan irudikatu nuen kontakizuna, eta horrela kontatzea erabaki dut».
Halaber, San Sebastianek, hark egindako ilustrazioen inguruan azalpenak eman ditu: «Oso garrantzitsua izan den elementu grafiko bat kolorea izan da. Funtsean, horren gai gordina izanik, haurrengana hurbiltzeko elementu gisa erabili dut». Horiek horrela, zuriari eta beltzari koloreak txertatzeko beharra sentitu duela esan du ilustratzaileak. «Horregatik gorriaren errepikapena, beste zenbait elementu txiki batzuen antzera».
Larburuk, bestalde, sortzailearen «luxua» mahaigaineratu du: «Nola bihurtu gerraren hotsak soinu? Gerra batean murgilduta, ezinezkoa da hori sortzea. Guk gerra bat soinuekin eta irudiekin islatzeko luxua dugu. Distantzia batetik ari gara, eta hori ere aldarrikatu behar dugu».
«Nola bihurtu gerraren hotsak soinu? Gerra batean murgilduta, ezinezkoa da hori sortzea. Guk gerra bat soinuekin eta irudiekin islatzeko luxua dugu. Distantzia batetik ari gara, eta hori ere aldarrikatu behar dugu»
MAITE LARBURUMusikaria
Errealitate hori islatzeko doinu «opakoak» eta «distiratsuak» erabili ditu musikariak. «Larruari egindako harramazkak, harriak, pausoak eta perkusio hotsak erabili ditut nagusiki doinu opakoetarako». Eta adibide batekin jarraitu du: «Lehen bideoan agertzen diren bonba hotsak benetakoak dira, Palestinakoak hain zuzen. Leherketa hots errepikatuen gainean harmonia ziklo bat hasten da, eta hor dago distira».
Horrez gain, soinuak bere «espazio propioa» izatea beharrezkoa dela onartu du musikariak: «Sarritan irudia laguntzeko lan egiten dugu, eta hori ere gozagarria da, baina oso ederra iruditzen zait lau ikus-entzunezkoez gain, bi audio artxibo ere bertan egotea, irudirik gabeak. Uste dut horrek ipuinari arnasgune bat ematen diola».
Haurrak protagonista
Haur baten istorioa kontatzea izan dute helburu, baina ez da horregatik bereziki haurrentzako lan bat; umeekin partekatzeko liburua da. «Ez dira jarraibideak eman behar liburu bat nola irakurri behar den esateko, baina uste dut liburua beste dimentsio batera igarotzen dela baldin eta irakurketa partekatua egiten bada; hau da, ahots ozenez irakurtzen bada», adierazi du Bilbaok.
San Sebastianek ere haurrei egin die keinu: «Fikziozko istorio bateko protagonista konkretu bat irudikatu dut. Kasu honetan ile beltza eta bota gorriak izateak ez du esan nahi haur jakin bat irudikatu nahi izan dudanik; kontrara, beste edozein haur izan zitekeela aldarrikatu nahi izan dut». Haurraren unibertsaltasuna eta anonimotasuna mantentzeko «tentuz eta ongi pentsatuta» ilustratu duela azaldu du. «Horregatik, kasu askotan haurra urrutitik ikusiko da, edota bizkarrez, anonimotasun hori mantentzearren».