Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Emakumeekin, askoz hobe doa tradizioa

Dokumentuaren akzioak

Emakumeekin, askoz hobe doa tradizioa

Konnotazio ezkorrez beteriko diskurtso misoginoa hedatzen ari da, oharkabe, inkonstziente kolektiboan. Horrela, bada garaia historia hurbilaren beste bertsioa ere jakinaraztekoa. Hots, bada garaia emakumea eta euskal tradizioa, elkarbizitzaren eta aberastasunaren eskutik elkarbatu direla dioten kronika gozoak zabaltzearena.
Egilea
Xabier Lasa
Komunikabidea
Hika
Mota
Iritzia
Data
2005/04/05

Euskal tradizioari eta folkloreari begiratua ematen badiogu, ohartuko gara azken urteetan euskal emakumea ari dela, ari, integratzen. Eta modu zibilizatuan. Baina aparatu mediatikoen joera sensazionalista, jakina, zalaparta azpimarratzea eta konponbidezko elkarbizitzei ezikusia egitea dela ondo dakigunez, gertakizun horiek ez dira notizi. Ondorioz, gertakizun zoriontsu horietako askok ez dute ingurugiro naturaletik kanpo proiekzio publikorik izan.

Horratx zenbait kasu: Tolosan, eskopeteroen artean konpaini mistoak irteten dira Sanjuanetan aspalditxotik; Donostiako tanborradan duela 20 urtetik hona elkarte asko dira tanborrada mistoa kaleratzen dutenak; aintzina-aintzineko den Zanpatzarretan, Zubietakoan behintzat, emakumeak ere astintzen dituzte joareak; Lesakako Zaku Zaharretan, lastoz eta belarrez estaliriko zakuetan sartzen dira neska mutilak; Arano eta Goizuetako Zahagi Dantzan, makilen dantzarien artean emakumeak ere eskuhartzen dute; Amezketako Talai Dantza mistoa da azken urteetan; Errenteriako Axeri Dantzan formula misto irudimentsua aplikatu da (jakinik ere dantza horren jatorria maskulinoa zela, aurrerago adieraziko den eran); Zuberoako Pastoralak, Erdi Aroko herri antzerkiak, 1979az geroztik mistoak dira; Euskalerri zabalean egin ohi diren Santa Eskeak (Gabon Gauak, Puska Biltzeak, Santa Agedak...) mistoak dira gehienak (ez ahaztu, aspaldiko gaueko ordu txikietan-eta, kantuz, dantzaz eta musikaz eginiko usadio horiek maskulinoak izan ohi ziren, garaiko moralitatea kontutan izanda).

Eta abar luzea...

Jakina, tokian tokiko eskarmentuak ezin litezke beste inora itsuki estrapolatu. Izan ere, tokian tokiko tradizioen aniztasunean, nork bere ezaugarriak, idiosinkrasiak, esanahiak, sinbolismoak... baitauzka. Nolanahi ere, goiko tradizio horietan, eta gehiagoetan ere, zenbait faktore antzekoak mistoaren alde zein kontrako argudioak, konstrukzio mentalak, aurrejuzgu atabikoak... errepikatzen zaizkigula ohartuko gara. Den-denetan, zenbait konstante eman dira. Eta azkenean, jasan duten eboluzioa ezin aberasgarriagoa, berdintsua izan da.

Lehenengo eta behin, erlatibiza dezagun, Bidasoaldetik maiz erabiltzen den arrazoia (apelaezina bailitz). Hala dioena alegia: "zuek kanpotarrek ez duzue sentitzen gure-gurea den alardearen usadio hau guk bezain sakonki, eta hortaz, ez zaudete legitimatuak iritzia emateko". Badirudi eurek daukatela etxeko ohitura suharki maitatzearen sentimenduaren monopolioa. Aitzitik, arrazoi emozional subjetibo hori, mimetikoki erabil genezake goian aipatu herrietan. Usadio, dantza, desfile edo dena delako horiek ere, bertakoek maitatuak eta guztizkoak dituzte (Bidasoaldean bezainbat edo gehiago gainera), "munduan den jator eta autentikoena" adierazteraino.

Goiko adibide horietan denetan, emakumeen partaidetzarekin batera errezeloak azaldu zituztenek, beren tradizio hori degradatu, txirtxilatu eta beste espektakulo artifizial batean, karnabaleroan bilakatuko ote zen objezioak azaldu zituzten. Baina, goiz ala berandu, aurreiritziak aurreiritzi, trabak traba, eta, ika-mikatxoaren bat edo beste, tradizioak garaian garaiko bizimoduetara, mentalitatera egokitu dira. Egokitzen ez den ezer hil egiten denaren logikak agindu du horietan.

Leku horietan emakumearen presentzia onartu zela zenbait urte iraganez geroztik, denboraren joanak ematen duen perspektibatik ikusirik, tokiko herritarrei galdegiten badiegu gaur egun nola dakusaten tradizioa, ziur denek zera erantzungo digutela: ez dutela pentsatzen, alegia, beren guztizko ohiturek nortasunik edo apartekotasun antropologikorik galdu dutenik. Izan ere, leku horietan: emakumearen presentzia ekarpen baikorra gertatu da, festari aize freskoa ekarri diote, sentiberatasun berexia, aberastasun humano eta kulturala, laburki esanda. Errito edo errepresentazioari, plastizitatean eta esnezifikazioan ikutu berri bat eman diote. Eta faktore horietaz gain, lagundu dute historian zehar inoiz ez bezainbat herritar, beren herriko usadioekin identifika eta atxeki daitezen.

Eta zertzelada bat azkenik. Ohartuko zineten, goiko zerrenda horretan Goizueta, Arano, Zubieta, Lesaka, Amezketa... nekazari giroko herrixka nafarrak azaltzen zaizkigula. Horietan, garai modernoek eskatzen zuten naturaltasunez onartu dituzte emakumeak. Jokabide eredugarria, bai, beste herrietara esportagarria eta ikasgarria den jokabide zibikoa erakutsiaz. Gero esango da, topikoa berrerabiliz, nekazal giroko herrixkengatik --zer esanik ez Goi Nafarroaldekoengatik--, zakarrak, basatiak, atzerakoiak eta progresoari bizkar ematen diotenak direla. Auzitan, gutxienik, jarri beharko da Irun eta antzeko hiriekin irekiak, kosmopolitak eta ez dakit zenbat termino modderno zuri gehiago darabilen diskurtsoa.

Azken batean, goiko herri horietan eta beste hainbatetan, tradizioa atzera begira bizitzeko baino, aurrera egiteko tresna aparta dela jabetu dira. Tradizioan, bateragarria ikusi dute, aurre-aurreko belaunaldien bizimoduaren hondakinak gaurko belaunaldien odolberriaz txertatzearekin.

Beraz, jarreraz irekia dagoenarentzat beti dagoenez aldamenekotik zer ikasia, gatoz bada, gurera, gertu-gertutik ezagututakoarenera, tradizioa eta emakumearen arteko adiskidetzearen ixtori hurbilean, azkenekoz --oraingoz-- etorri den adibidera.

ANDOAINGO AXERI DANTZA. ERRITUAL INIZIATIKOA.

Emakumearen tradiziorako integrazioaren haritik, aurten gure herrian, Andoainen, bertako Axeri Dantza tradizioanalarekin eman den prozesuaren nondik norakoa adierazten saiatuko naiz ahalik eta laburren, eztabaidan ekarpentxorik egin dezakeelakoan. Balio antropologiko edo soziologikorik izan nahi ez duten lerroak dira ondorengoak; gehiago lotzen dira eztabaida piztu zenetik jasotako erreakzioen ondorengo sentsazio eta inpresioetara.

Dantzaren jatorriari dagokionez, nahiko onartua dago Axeri Dantzak berarekin daukan errito iniziatikoaren sinbolismoa (argitasun sakonagoa, Txema Hornilla antropologoaren El Carnaval vasco interpretado, Ediciones Mensajero).

Larramendi eta Iztuetaren idatziek argi uzten dute iraganean Axeri Dantza, Errenteritik Tolosalderainoko herrietan dantzatzen zela. Galai Dantza eta Oilasko Jokuarekin batera egiten zen, bizpahiru egunetako zeremonian, ihauterietan.

Egun soilik Hernani, Errenteria, Andoain eta Adunan dantzatzen da. Tokian tokian bere eboluzioa jasan du, eta Hernanin ez beste hirutan, zazpi hanka jokuez osatutako erritoa antzekoa da. Andoain-Adunan gerra aurrez galdu zen, eta 76an berreskuratu ahozko tradizioari esker, herriko Lizar Makil Dantza taldearen eskutik.

Gehiagi ez luzatzearren, ilustragarri gisa, zazpi jokuetatik Orratzakoa deiturikoa hartuko dugu, Axeri Dantzaren sinbolismo iniziatikoa adieraztearren. Honetan, ilara bakarrean dantzari guztiak jarri ostean, dantzaririk berrienak ilarako atzekaldetik aurreralderaino zeharkatu behar du, musikaren erritmoan oinak itxi-irekitzen hasiko diren gainontzeko dantzarien zangoen artetik. Hasberriak beraz, bidai iniziatikoa, beste guztiek jarriko dizkioten trabak gaindituz egin beharko du, belaunak ixten, blusatik heltzen.... beste dantzariak eragozten saiatuko baitira. Buruzagiak, nolabaiteko chamanak, bidai hori gertutik zainduko du, hasberriari jartzen dizkioten trabak neurriz kanpokoak izan ez daitezen. Bidai hau interpretatu beharko litzateke, descensus ad uterum --arriskutsua, traba eta zailtasunez beterikoa izanik beti-- gisa, iniziazio heroikoen eredua dena. Bidaia, infernuetako trantsitoa litzateke, eta bukaeran, buruan dagoen dantzariak besazpietatik heldu eta kanpora irteten lagunduko dio --erditzearen mimika bailitz--, bizitza berrira jaiotzen lagunduko dio. Nolabait amaren altzotik irten --pubertaroa utzi-- eta helduen gizarterako jausia antzeztuko litzateke horrela. Infernuko ilunpetatik argitara eramandako bidai hori, probantza gainditu duenaren seinale litzateke. Garai batean ostean egin ohi zen Oilasko Jokuan, baserriz baserriko puska biltzean, axeri harrapatzailearekiko likantropi hori egiaztatzeko aukera izango luke gazte iniziatuak.

Axeri Dantzaren koreografiako hainbat elementuek, hala nola, pertsekuzioak, zortzikoak, kolpeak, zaldikoak, garaipen irrintziak... eta, axeriaren dohai zuhurrak eskuratu dituen iniziatuaren probantza osatzen duten gainerako elementuek, zalantzarik gabe garamate aspaldi-aspaldiko --akaso kristautasun aurreko gizarte pagano politeistetako?--, mutilen erritu iniziatikoetara.

Baina, hortaz, zentzurik ba al du emakumea integratzea erritu matxista zen horretan? Hori da, hain justu, kontrakoen argudio sendoenetako bat. Jakina baietz! Izan ere, aintzinean, dantzaren sortzaileek ziurrenik dantza erabiliko zuten taldekide gazteenak, bizitza errealean, erritu iniziatikoaren bidean jartzeko, helduen gizartean integratzeko (ahaztu gabe, noski, aldi berean, irri-jolas dantza erabiltzen zutela une gozagarriak igarotzeko, itzulika, txingoka, jauzika, lasterka, irribarreka, irrintzika...) Sasoi bateko mentalitatearen unibertsoa islatuko luke hartara Axeri Dantzak. Baina, gaurko gizarteko mutilentzat anakronikoa gertatzen da, praktikan, dantza erabiltzea erritu iniziatiko gisara. Besteak beste, bere sozio-sikologiari atxekituago dauden beste sozializazio mekanismoak erabiltzen dituelako gaurko gaztediak.

Gaurko andoaindarroi dagokiguna da dantza hori gure arbasoen sinismenen argazkitzat hartzea. Argazki hori urtez urte Sanjuan egunean argazki dinamikoa bihurtzea beharko luke izan gure eginkizuna. Haien omenez, haien dantzatzen zuten eran dantzatu, eta bidebatez haiek gotzatzen zuten eran guk ere gozatu. Haien sortutako festan, eta haiek markatu zuten errepresentazio koreografikoa errespetatuz, haien ondorengoak izan gaitezela festaren protagonista zuzenak, herritar inoren esklusiorik gabe.

Euskal folklorean, gizonek betidanik egin duten dantza orain emakumeek egitea, astakeria dela dioen objezioari, zer esan? Integrazioaren aldekook, inoiz ez dugu erreibindikatu sistemaz mistoa izan behar dutenik dantza orok. Kasuistika aztertu behar dela baizik. Eta Axeri Dantzari dagokionez, kontuan izan behar dugu, irri-jolas dantzaratua dela dantza baino gehiago. Ez da Gipuzkoako dantza ugari bezain solemnea, zehaztua, serio-serioa, ttentte-ttenttea, dena gidoian idatzia daukana eta inprobisaziak tokirik ez duen erritua. Alegia bere osotasunean, bere ihauteriko jatorria dela eta, ADk alderdi ludikoa duela nagusiki, txantxetan, olgetan aritzeko aproposa dela. Bere funtsean dantza irekia eta eklektikoa dela, egilearen sexuari begiratu gabe edonori dantza egitera gonbidatzen dion horietakoa.

EZTABAIDA ETA EBOLUZIOA: ANDOAIN. Orain hiruzpalau urte entsaioetara zenbait neska dantzatu asmoz azaldu baziren ere --era marjinal eta ez oso landuan, egia esan--, ekimen serio gisa, 99ko abenduan bildu ginen zenbait dantzari mutil eta zenbait neska nahi luketenak dantzatu, hausnarketa prozesu bati hasera emanez. Horren emaitzak izan ziren, gerora, udaletxeko batzar aretoan egin genituen bi eztabaida saio, bertan elkartu ginelarik: beti-betiko dantzariak, azken urteetan Axeri Dantzara hurbildu diren gizonezkoen belaunaldi berriak, eta emakume dantzagogotuak. Zenbait beterano mistoaren alde jarri ziren, eta beste zenbait aurka, astakeritzat joaz ekimena, dantzaren esentzia galduko zelakoan. Hori bai, jarrera duina hartu zuten: dantza herriarena zela eta, argi utzi zuten ez zutela oposiziorik egingo, eta bidetik erretiratuko zirela. Eztabaida horietaz aparte, aurretik eta ondoren ere, herritarren artean, pribatuki, zenbait iritzi eta erreakzio estereotipatuak bildu ditugu.

Orohar, jarreretan Bidasoaldeko muturkeriarik ez da eman, hori egia da. Hala ere, han-hemen iritzi asko entzun ostean, sikologi pittin bat aplikatuko lukeen edonork, laster aterako lituzke ondorioak, jendeen errezeloen atzean zeuden aurrejuzgu atabikoei buruz (matxismoaz eta paternalismoaz bustirikoak zenbait).

* Emakumeak dantzarako prest zeudela publikoki adieraztearekin bat, mozorroa kendu genion lehen aurreiritzi faltsu bati: 76an Axeri Dantza berreskuratuz geroko 25 urteetan mistoaren kontua inoiz zabal eta publikoki planteatu ez zelako, ustea zegoen herrian emakumeei, barne barnean, historian sekula ez zitzaiela sortu Axeri Dantzarekiko irrika. Herriko usadioak bizitzen ez zituzten pertsonai inanimatuak, sentigaitzak bailira. Tartean gurekin zen emakume baten testigantza paradigmatikoa gertatu zen, herriko zenbait emakumeengan zegoen irrika zenbaterainokoa zen neurtzeko. Aitortu zigun, urteetan izkutuan eramaniko bizipena: Axeri Dantza Goikoplazan Sanjuan egunean egin ohi zenetan, bera etxezuloan entzerratzen zen, ezin dantzatuaren amorrua eta inbidia otzantzeko. Hala ere, etxean, balkoiko leiho-zirrikitutik doinuak sartzen zitzaizkion, eta, ekintza erreflejuz eta instintiboki, zango parea mugimenduan jartzen zitzaion, Axeriaren zazpi hanka jokuak aidean marraztu nahian. Latza, benetan latza gertatzen zitzaion geldi egonean eta isiltasunean eman beharra herriko dantzarekiko ahierra!

Zenbaitek onartu nahi ez duten arren, andoaindar emakumeak aspaldi-aspalditik zeukan, arimaren izkutu-zokoan, gogo hori; zenbaitek noski, ez denek. Noiztik, eta, Axeri Dantza sortu zenetik esango nuke, emakumeekiko enpatia ariketa egitera jarriz gero. Izan ere, mendeetan zehar, hainbat esparruetan, eta gehienbat kultur kutsukoetan, partehartzaile aktiboa izatea ukatu zaiolako, euskal emakumeak egundoko atsekabea eta frustrazioa barneratu behar izan ditu. Gizonezkoek gizonezkoentzako egindako gizartean bizi izan delako, emakumeak ezintasuna, amorrua, umilazioa, etsipena jasan behar izan ditu berekiko. Egitura sozialak halakoak zirenez, kristau erresignazioa besterik ez zaio geratu.

Baina hori dena gogorarazi arren, herrian, orduan eta oraindik orain zenbaitek jarraitzen du pentsatzen, AD dantzatzeko emakumeen gogoak erreibindikazio feministan duela hasera eta bukaera; aldarrikapena lortuz gero amaituko direla horien dantza grinak. Ezdakitnondik datorren kontsigna politiko desestabilizatzaileari segi dioten automatak bailira emakumeak (Goikoplazan 2000.go AD kontenplatu berri duenak, ordea, ezin dezake hori mantendu, ikusirik zein ilusioz, kemenaz eta alaitasunez jardun duten emakumeek dantzan...)

* "Ohartuko zineten, bada, zuek neskak, zerekin ari zareten arinki jolasean, eh! Ez uste huskeri batekin, baizik eta aspalditik andoaindarroi datorkigun euskal kulturaren altxor preziatuarekin!". Hala moduzko ohar-errietatxoa ere entzun behar izan dute emakume dantzazaleek.

Tradizioan parte hartzeko emakumeen gogoa benetakoa den, badirudi auzitan jarriko den beste faktorea dela. Gogoan dut eztabaidetan, noizbait, kontrako batek nola bota zien emakumeei begira, "benetan nahi duzuela dantza egin? Beno, orduan, esijituko zaizue, AD dotoreziaz eta maitasuna diozuela erakutsiz, egin dezazuela". Hortaz, badirudi emakumeei, guri gizonoi inoiz esijitu ez zaiguna esijitu behar zaiela. Nonbait, fiskal horiek, susmopean eta azterketa iraunkor eta amaigabe batean edukiko dituzte, urte betez, bi urtez, hiru... froga gainditu bitartean. (Neri pertsonalki, dantzari mutil naizen partetik, inoiz ez didate azterketarik egin, nola egiten dudan dantza, zenbateko pasioz egiten ote dudan, zenbat sinisten dudan euskal tradizioetan.... Hori dena suposatzen zitzaidan, nonbait, gizona nintzen aldetik...).

Horrelako zalantzarik ezin plantea zezakeen, Andoaingo eta EHko errealitate soziokulturala ezagutzen duenak. Izan ere, gaur egun, Andoaingo herrigintzak orohar eta euskalgintzak zehazki, emakume horien aktibismoa da daukan aktiborik aberatsena. Hala baita! Azken urteetan, femeninoa dugu Andoaingo ondare kulturalari auspo eta aupada biziena eman dion gizataldea. Eta zehazki esanda, AD dantzatu nahi zuten emakumeak, herri kulto, progresista, moderno eta aldi berean bere sustrai eta tradizioen zale izango den Andoain baten alde, eginahal biziak egiten dituzte emakumeak dira (euskal folklorera lotzen bagara zehazki, datu hori erruz betetzen da. Ondo bai baitakigu dantza taldeetan dagoen mutilen eskasia, emakumeekin ez bezala. Eta halaber, dantzen trasmisioa emakumeen eskuetan dagoela gehienbat, egun, hori ere konstatazioa da).

Nire irudipen apalean, guk gizasemeok baino estimatuagoak, maitatuagoak izan dituzte, historikoki ez ezik baita orain ere, herri adierazpide horiek. Nork bestela, gizonezkooi trasmititu digu, titiari zupa-zupa egiten hasi bezain pronto, eta lehenago ere sabel-altzoan ginelarik, gure izate kolektiboan sustraitzen zenari atxekitzearen arra, amak ez beste inork? Gure historia kolektiboa, biztanlegoaren erdia zokoratua, gutxietsia izan duenaren historia da. Nolanahi ere, gaitzetatik ere onik atera liteke. Emakumeak nork bere baitan egin dezakeen aktibitatera baztertu izate horretan, gizonezkook gure gizongerretan, eta, zakarkeri eta mokolokeri-erakustaldietan jolasten genuen bitartean, emakumeek beren zokotoki behartuan --sukaldean...--, garatu izan dituzte guk garatu ezin izan ditugun birtuteak.

Birtute horiek beren arimetan iraun izan dute belaunaldiz belaunaldi. Inskontzientearen mekanismoek lan klandestino eta isileko asko egiten baitu. Ezin dira kendu, zapaldu, galerazi... Nork bere baitako jarduera horietan, garatu izan dituzte emozioen eta sentimenduen unibertsoarekin zerikusia duten fazetak; eta bestetik ere, garatu izan dute memoria kolektibo historikoarekin, hots, ahozko tradizioarekin lotzen den fazeta.

* Azaldu da denbora honetan, belaunaldi jatorrenaren sindromea daukanik ere. Alegia, irizten duena, bera partaide den belaunaldia dela arbasoekiko inoiz izan den jatorrena, tradiziozaleena, zintzoena. Eta, aldiz, beren hurrengo belaunaldiak direla lotsagabe, ajolagabe, euskal baloreen galtzaile...

* Dantzaren eginkizunean ere, objezioren bat edo beste entzun da. Balore femeninoak dantzari eransteak, aberastu ez, urritu baizik egiten omen dute AD, emakumeen dantzakera eta gizonezkoena ez denez berbera. Alegia, berrikuntzak, elementuen eransketak, eta, dantza ulertzeko eta praktikatzeko modu ezberdinek, beti, sistemaz, galera ekarriko balute bezala. (Esan beharra dago, dantzarion artean, daudela emakumeak, zeinak daramaten urte piloa talde erdiprofesionaletan dantzan. Aldiz, dantzari gizonezko asko gaude tartean, ezin dantzari traketsagoak garenak, dantzaren ohiturarik ez dugulako landu gaztaroan. Hortaz, neska horien eta gure artean, konparaketak egiten hasiz gero, noren dantza izango ote den finagoa, plastikoagoa, teknikoagoa, ikusgarriagoa..., zalantzarik ez dago).

* Aldi berean, bazen beldurra azaltzen zuenik emakumeak onartzearekin, ADk bere defuntzio agiria sinatu zuelako. Emakumea sartzen den lekuan, badakizue, gizona inhibitzen da --ez delako emakumearen konplizitateaz fido, nonbait-- eta hitz batean, saltsa eta zikina sortzen da. Giroa mikazteaz mintzo diren horiek ez zuten asko ikusi AD dantzatu aurreko eta osteko egun beteko zeremoni guztian (hamaiketakoa, bazkaria, tertuliak, kale-erromeria, kantusaioak, parranda...) jarri zuten piper eta gatz bixi bixia. Argi eta garbi aurreko urteetako AD maskulinoan, mutilok mutilokin jartzen jakin ez genuona... (Izan ere, zein gutxi garen gizonok emakumerik gabe --gizonok holaxe, ozenki, aitortuko ez dugun arren...).

* Objezioak jarri izan dituzten beste zenbait gizonezkoen hitzetatik susma daiteke, azpi azpian, halaber, maskulinitatearen hegemoniaren galera. Azken batean, ekainaren 24ko dantza eta gainerako egun osoko zeremonia, festa eta ebasio eguna da. Elkarte gastronomikoek, esaterako, eskaini ohi duten legez, dantzari batzuek gizonen espazio murriztaile hori desiatzen dute, eta ADk aukera hori ematen du --zuen, barka lapsusa--. Hari horretatik tiraka, gurean ere, esan behar, ADren aitzakian, gizon-dantzariaren protagonismoa argia zela Sanjuanen testuinguruan. Bizitzako egunerokotasunetik at, egun seinalatu hori blusa gorriz bizitzeak, plazan emakume ikusleen txaloak, zera, kalean protagonismoa, festaren hegemonia, eta hitz batean, herritarren artean ospea eta begirunea eskaintzen zuen (alardeak eskupeta sorbaldan desfilatzearekin, alardeak zenbaiti eskaintzen dien arrotasun haizea bezala, kasik).

Gogor egiten zaie zenbait gizonei, gogor, protagonismo hori elkarbanatu beharra. Izan ere, historian zehar gizonon nagusitasunaren poderioz, kultur adierazpenetan gure baloreak, ikuspuntuak agertarazteko joera nabarmendu da gizartean, eta aldi berean, emakumezkoen partehartzea eragotzi eta haien gaitasunak gutxietsi dira. Eta panorama eroso hori kuestionatu, eta muzin egitea, ez da batere erraza zenbait gizonentzat.

EMAITZA. Iragan dira egunak, lehenbiziko aldiz bere historian, Axeri Dantza mistoa dantzatu delarik Andoainen. Eta balantzea ezin pozgarriagoa egin behar halabeharrez. Telegrafikoki adierazita: Goikoplaza 40 gizonezko eta emakumezko blusa gorridunez betea azaldu zen Sanjuan eguneko eguardian. Ikusleen txalo zaparradek emakume dantzarien aurreneko urduritasunak berehala uxatu zituzten. Txalo horiek, Axeri Dantzaren festa integraziorako bide behar duela izan, herritarren oneritziaren adierazle izan ziren. Ondorengo bazkari eta kale-erromerian ere, gaua sartu bitartekoan, aspaldian Andoaingo kale bazterretan ezagutzen ez zen euskal giro jator eta festazalea eman zen. Eta bai gauza kuriosoa, aldizka aldizka, lagunak zein ezagunak hor hurbiltzen zitzaizkigun, hitza emanez hurrengo urtean aterako zirela dantzan (tartean, ustezko polemikaren errezeloz dantzatzera ausartu ez ziren emakumeak).

Azken urteetan herriko gizonezko ajolagabeok ia bizkar eman genion Axeri Dantzari, beste 25 urtez dantzatzeko oinarriak jarri zaizkiola esatera ausartuko nintzateke. Axeri Dantzak zeraman askorentzat zeukan irudi itxia kasik elitista, dantzari iaiotu bakar batzuen dantza zenaren idei erratua alegia, uxatu dugu. Dantza bera ia ezagutzen ez zuten belaunaldi gazteak hurbildu dira, estimazioan hartu dute, eta ezin argiago geratu da, AD bera, identitate kaskarreko Sanjuanekin eta Andoaingo herriarekin identifikatzeko tresna ezin baliagarriagoa izan daitekeela.

Eta ezeren gainetik Axeri Dantza tradizionala, ideologi, adin, sexu eta lagungiro anitzeko herritarrontzat topagune natural, moderno eta erakargarria bihurtu zaigu.

Dokumentuaren akzioak