Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara
Nabigazioa
Dokumentuaren akzioak
Urtero San Juan sua pizten dutenean, hilaren 23an, Kemen Dantza Taldeak plaza hartu, eta Aurreskua eta Soka dantza dantzatu ohi dituzte taldeko gizonek. Aurten, urteetako hausnarketaren ondoren, dantza taldeak erabaki du emakumeek ere parte hartuko dutela Soka dantza-n.
Genero bereizketarik gabe egin nahi dute dantza, eta hortaz, jantzi berdina erabiliko dute dantzari guztiek taldeak hala erabakita. Soka dantzara gonbita egingo diete herritarrei ere, baita ondorengo fandango eta arin-arinean parte hartzeko ere.
Eder Valladares taldeko kideak adierazi du dantza hori 1979. urtetik egiten dela hirian, eta data hori historiara pasa bada, aurtengoa “inflexio puntu” bat izanik,”garrantzitsua eta gogoratzekoa” izango dela ziur da, “aldaketatxo bat da”.
‘Ezpata dantza’ eta ‘Brokel dantza’ lehen aldiz karriketan
Ezpata dantza Euskal Herriko herrietako jai askoren parte da, eta Irunera bueltatu egingo da. Hilaren 26an herrian zehar ibiliko dira Kemenekoak, eta kasu honetan ere emakume zein gizonek parte hartuko dute.
Orain arte Ezpata dantza oholtza gainean egiten zuten ikuskizunean ikus zitekeen hirian, baina testuinguru bat eman nahi diote dantzari. Valladaresen arabera, dantza hori interpretatzeko egun egokiena San Pedro Eguna da, udalbatzak Aurreskua dantzatzen duen egunean, hala egiten da beste herrietan zen eta Irunen. Ildo horretan, dokumentu historikoetan dantza hori San Pedro Egunean Irunen egiten zela topatu dutela azaldu du Kemeneko kideak.
Etorkizunera begira Ezpata dantza-k bere lekua bereganatuko duela sinetsita dago dantzaria, eta ez du berritasun gisa ulertzen horren buelta: “Berritasuna, baino ohitura zahar bat XXI. mendera egokitzea izango da”.
Horrez gain, egun berean Brokel dantza ere karriketan dantzatuko dute. Ezpata dantza-rekin bezala, taula gainean bakarrik ikus zitekeen, eta aurten bere lekua hartuko du. Valladaresek dio Gipuzkoako dantza hori ikusteko apenas dagoela egun zehatzik, esate baterako, Añorgan abuztuaren 15ean ikus daiteke, baina ez dago aukera gehiagorik. “Nahi dugu kokatu Gipuzkoako plazan normalean kokapenik gabekoa duena, testuinguruan sartu nahi dugu”.
Ibilbidea Ama Xantalen ermitan hasiko dute, Urdanibia plaza zeharkatu, San Juan plazara igo eta Triangelu plazara iritsiko dira. Bertan, brokel dantzetako bat eskainiko dute, bertatik Artalekura igo, eta Kale Nagusiaren goiko aldean Ezpata dantza dantzatuko dute. Hori bukatuta, San Juan plazara jaitsiko dira eta Ezpata dantza eta Brokel dantza osorik eskainiko dituzte. Gutxi gorabehera 13:30ean izango da udaletxeko plazara iritsiera.