Dokumentuaren akzioak
Emakumearen bila dabilen «Don Juan» aurkeztuko du gaur gauean Ballet Biarritzek
Glucken musika baliatuta eta Molieren pertsonaian oinarrituta dantza abstraktu eta konplexua aurkeztuko dute
Thierry Malandain eta Ballet Biarritzeko dantzariak mundu osoan izaten ari diren arrakasta lan gogorraren ondorio da. New Yorketik ailegatu berri diren honetan, zuzenean gaur estreinatuko duten Don Juan lana prestatzen hasi dira. Udaberrian eta udan, biran jarraitu baino lehen, sortu zuen koreografoak azken lan hori. Garai horretan grabatu zuten bideoaren irudiak baliatuta, eta aste gutxi batzuetan Urrezko Mendean Andaluzian bizi izan omen zen galaiaren nondik norakoen ikuspegi berri horixe prestatu dute Biarritz Balleteko dantzariek gaur gauerako.
Molieren pertsonaia libertinoan oinarrituta, baina aldi berean Commedia dellarten aurkezten den Don Juan neskazale eta malenkoniatsua ere baliatuta, ikuspegi modernoagoa eman nahi izan du koreografoak. Bertsio psikologiko, konplexu eta abstraktua egin du Malandainek, eta Molieren pertsonaiaren ezaugarriak hartuta idazlearen istorioa alde batera utzi du. Hasieran oso obra narratiboa da, baina pixkanaka geroz eta abstraktuago bilakatzen da, protagonista bizi den mundu zoroaren isla baita.
Dantzak oinarri duen Glucken musikak bultzatu zuen koreografoa obra horretan pentsatzera, baina behin musika aukeratuta, istorioak berak erakarri zuen. Gizakiaren konplexutasuna ikusi zuen obran, heriotzatik ihes egin nahi duen gizonaren istorioa. Don Juanek egiten dituen konkista guztiak, erakartzen dituen emakume guztiak, «emakumeen bidez emakumea bilatzen duen pertsonaiaren ideia» gisa interpretatu du Thierry Malandainek, eta irudi hori dantzan adierazi nahi izan du.
Hiru dira Don Juanen papera egiten duten gizonak, eta Elvira hainbat dantzariren artean antzezten dute. Bakarka edo bikoteka, pertsonaiak aldi berean eszenatokiaren gainean agertzen dira, horrela Don Juanek famatu egin duen lizunkeria adierazteko. Elvira dira dantzari neskak, baina, aldi berean, galaiaren konkista anitzak ere badira, eta, horrela, protagonistaren maitasun nahasmena grafikoki eta abstraktuki islatzen da balletean.
Pertsonaien banaketak bezala, eszenatokiaren egituraketak ere Don Juanen, eta beraz, gizakiaren konplexutasuna erakusten du. Puzzlea osatzen duten hainbat triangeluz egina dago eszenatokia. Triangelu bakoitzak memento eta egoera bat erakusten du, baina osotasunaren barnean; horregatik obran Malandainek hainbat bikote jartzen ditu dantzan aldi berean, bakoitza bere triangeluan, Don Juanen nondik norakoen irudi modura. «Triangeluz osatutako puzzlea hasieran horizontalean kokatua dago, Da Vinciren Azken afaria lanean bezala, perpendikularrean. Baina dantzaren bukaeran bertikalean ezartzen da, protagonistak infernura egiten duen jaitsiera bidaia irudikatzeko», azaldu zuen koreografoak.
Gluckek inspiratuta
Don Juanen istorioa emakumeen atzetik dabilen galai batena da, bere burua bilatzen duen bitartean edozein emakume liluratzeko prest dagoen gizon erakargarriarena. Konkistekin plazer hartzen duen gizona da, eta aldi batetik bestera korrika ibiltzen da, gelditasunean plazer hartzen ez dakielako. Ekintza gizona izanik, balletean etengabeko mugimenduan irudikatu dute.
Emakume guztien artean Komendadorearen alaba ezagutuko du. Amorante berriari serenata eman eta bere jokoetara erakartzeko mementoan Komendadorea ailegatuko da, eta bi gizonen artean duelua egongo da. Orduan Don Juanek Komendadorea hilko du. Blasfemaria den eta heriotza errespe- tatzen ez duen galaiak Komendadorearen mamuaz barre egingo du, eta azken horrek hilerrira gonbidatuko du. Kanposantuan Komendadorearen eskulturak damutzeko aukera emango dio, baina Don Juanek ez du egingo. Munstroak agertuko dira, lurra oinen azpian irekiko da, eta infernura eramango dute.
Christoph Gluck konpositore ezagunaren lanak erakarri zuen Thierry Malandain Don Juanen istorioan murgiltzera; horregatik, musikaren gailentasuna atxiki du balletean. Koreografiak konpositorearen musikarekin bat egiten du; memento alaiak ditu, baina orokorrean, dantza tragikoa da. Hasieran dantza eta narrazioa ulerterrazak dira, baina istorioak aurrera egin ahala, gero eta konplexuago eta abstraktuago egiten joango da.
Dokumentuaren akzioak