Dokumentuaren akzioak
Emakumeak nagusi
Seine Saint Deniseko Nazioarteko Topaketa Koreografikoak (eta II)
Seine-Saint Denisko Nazioarteko Topaketa Koreografikoen harira, pasa diren larunbat eta igandean izan dira Bilboko plataformako II. eta III. ekitaldiak.
Larunbatean hiru emakume bakarlari aritu ziren eta Blanca Arrieta izan zen haietariko lehena Frida Kahlori eskainitako lan batekin. Vertigo piezan dantza garaikidearen parametro ederrenak azaleratzen ditu dantzari bilbotarrak. Beraien artean aipatzekoak dira mugimenduaren soiltasun dotorea, elementu eszenikoen erabilera neurtua, argumentu logikoaren gainditzea eta errealitatearen berrikuspena sortzailearen barne ikuspegitik. Dentsitate handiko pieza labur honetan Arrietak, esandako ezaugarrietara ederki moldatzeaz gain, dantzari osoa dela erakutsi digu, figura, estilo zein teknika aldetik.
Larunbateko bigarrena Sofia Asencio izan zen. Asencioren Donde quieras piezan galdutako edo akaso inoiz existitu ez den amodio batek emakume batengan sortutako gainbehera erakusten da. Bartzelonako dantzaria bertako General Elèctrica dantza konpainiaren kide da eta mugimendua, hitzak, ustekabeak eta antzerkia elkartu ditu after punk dei geniokeen estetikaren inguruan, lan gordin, soil eta zintzo hau sortu arte.
Konpainia bereko Idurre Azkueren lana aurrekoarekin erabat uztartuta hasi zen. Azkue gipuzkoarrak oso emanaldi dibertigarri eta polita eman zigun Gora bihotzak piezan, bertan «mundu honetan sufritzen hobekien dakien emakumearen» planta eginez. Estilo propioari darien energia eta gozotasuna eman zituen keinu bakoitzean, mugimenduak bere neskatila gorpuzkerari egokituz eta duen begirada pikaroarekin edozer gauza burutzeko gai dela erakutsiz.
Probokazioaren bidetik
Igandeko txanda Elena Cordobari tokatu zitzaion. Madrilgo koreografoaren Sin correa lana Javier eta Carlos Marquerie, Rodrigo Garcia eta abarrekoen inguruan sortutako faktoriaren estiloaren zorduna da guztiz.
Lehenago aipatu dudan after punk korronteari jarraiki, inprobisazio kutsuko dantza pasarteak, bortizkeria eszenak, super 8 formatuan errodaturiko familia film inozoak, berba eta ekintza gordinak (gure aurrean txiza egitea, esaterako) eta Rodrigo Garciaren testuak (25 minutuko bakarrizketa zentzugabea barne) nahastatzen dituzte Pixies, Van Morrison edota Mahlerren soinuekin.
Dena den, elementuen erabilera gehiegizkoagatik eta planteamenduaren egitura eskasagatik, aspergarri samar egin zaigu probokatzaile eta nabarmena izan nahi zuen lan hau.
Dokumentuaren akzioak