Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Emakumeak dantza tradizioetan

Dokumentuaren akzioak

Emakumeak dantza tradizioetan

Egilea
Oier Araolaza
Komunikabidea
Argia
Mota
Iritzia
Data
2005/04/24

Halako batean, Eskiulako gazteek emakume hutsez osatutako maskaradak plazaratzea erabaki zuten. Maskarada horiek eragindako erreakzioak, iritziak eta gertaerak bildu zituen Kepa Fernandez de Larrinoa antropologoak saiakera-liburu interesgarri batean. Oztopoak oztopo, 1992an plazaratu zituzten Eskiulako emakumeek maskaradak. Bazirudien barrikada guztiak gainditu zituztela. Baina, gaur egungo maskaradetan bereizketa lerro batek indarrean jarraitzen duela antzeman daiteke. Emakumeek dantzari lanak egiten dituzte, baina buhame eta kautera orru-zale, narrats eta zakarren taldeak gizonezkoen eremu dira. Zuberoako mutil gazteek ez dute dantzarako irrikarik, eta baloirik gabeko mele baldarrak bakarrik erakartzen ditu tradiziora. Beraz, Eskiulako emakumeek rol guztiak betetzeko gai zirela frogatu arren, praktikan gizonezkoek nahi ez dituztenak egitera mugatzen dira. Maskarada gorria eta beltzaren bereizketa klasikoan ezaugarri berri bat dugu orain: generoa.



Hondarribia eta Irunen iskanbilak gertatu badira arrakasta izan duten tradizioak direlako da. Mota horretako alardeak badira beste zenbait tokitan baina ez dute horrelako jendetzarik biltzea lortu. Batzuk bizirauten nahikoa lan. Nik ez dakit zergatik izan duten arrakasta Hondarribia eta Irungo alardeek. Akaso instrukzio militarra, uniformearen erotika eta parranda ongi uztartzen asmatu dutelako. Auskalo. Baina, Antzuola edo Elorrioko alardeetan gertatu bezala, konpainia txiki bakar bat osatzeko zailtasunekin jarraitu izan balute, ziur aski emakumeen parte hartzeak ez zuen sesiorik eragingo.



Bidasoaldeko alarde atzerakoien aurrean genero berdintasunaren eredutzat Tolosako alardea aipatzen denean ni harrituta geratzen naiz. San Joan egunean Tolosan festa eta tradizioak gailurra jotzen dute. Elizatik ateratzerakoan sortzen den une magiko horretan, kanpaien hotsa eta txistu doinuak eskopetarien salba eta ke artean nahasten diren tarte berezi horretan, plazaren beraren antolaketa genero bereizketaren argazki bikaina da. Nagusiki emakumez osatutako eskopetarien konpainiak plazaren bazterretan daude, denak plazara begira, eta plazaren erdi-erdian hogeita bost protagonista, hogeita bost dantzari, hogeita bost gizonezko. Tolosan, Zuberoako maskaradetan bezala, emakumeek gizonezkoek nahi ez zituzten tokiak bete dituzte, baina bordon-dantzari taldea gizonez osatzeko arazorik ez dute momentuz, eta beraz, hor ez dago emakumeentzat tokirik.



Arrakastatsu dirauten tradizio gehienetan ez dago momentuz emakumeen parte-hartzeko aukerarik: ez Tolosako bordon-dantzan, ez Lesakako zubi-gainekoan, ez Iurretako dantzari-dantzan, ez beste hainbat dantza tradiziotan. Eta hain zuzen ere, orain, gauzak bakean daudenean, eta lasai hitz egiteko giroa dugunean, aztertu eta eztabaidatu beharko genuke aurrera begira zer nolako tradizioak izan nahi ditugun. Aldarrikapenak sortu aurretik. Istiluetan hasteko gutxi behar izaten baita, eta gatazka sortzen bada zaila izango da konponbide onik aurkitzea. Aurrea hartu behar diegu horrelako egoerei, gaia aztertu, hitz egin, eta gure tradizioen etorkizuna gaur bertan egiten hasi. Tradizioaren ustezko jagoleok bultzatu beharko genituzke hausnarketa horiek, tradizioak maite ditugulako, eta beraz, genero bereizketarik gabeko tradizioak nahi ditugulako.

Dokumentuaren akzioak