Dokumentuaren akzioak
Emakumea, Nietzsche eta laguntasuna
Carolyn Carlsonen, Traspasosen eta Agerre Teatroaren lanekin hasiko da XIII. Antzerki Feria
Antzezlanak ez ezik, omenaldia ere izango da gaur. Antzerki Feriak omenaldia egingo baitio uztailaren 1ean hil zen Idoia Sagarzazu aktoreari.
Carolyn Carlson
Emakumea da Carolyn Carlsonen (AEB, 1943) Inanna lanaren gaia. Inanna jainkosaren gaineko koreografia da estatubatuarrak eskainiko duena.
Orain dela hiru mila urteko jainkosa sumertarra da. Carlsonek dioenez, «haren poesia irakurtzen ari nintzela emakume garaikidea iruditu zitzaidan, nahiz eta hiru mila aurreragokoa izan». Lanean emakumeez hitz egitean, baina, baditu lehentasunak: «Egun, asko interesatzen zaizkit, misterioz beteta, beloaren atzean dauden emakumeak; emakumeek politikan duten indarra; eta emakumeen bizitza. Orain, hasi da gizartea emakumea alor horietan aintzat hartzen. Inanna jainkosak, ordea, duela hiru mila urte hitz egin zuen emakumeak alor horietan izan beharko lukeen zeresanaz». Emakumeak politikan duen indarra interesatzen bazaio ere, ez da politikaz ari lanean, «lana ez da ari boterea nahi duten emakumeez, emakumearen intuizioa eta misterioa jorratzen dira. Ez da istorio bat kontatzen, poema bat da, egin ditudan lan gehienak bezala».
Francesca Woodman argazkilari italiarrari omenaldia ere bada Inanna, Carlsonentzat inspirazio iturri baita. Emakumeen argazkilaria izan zen Woodman, eta hogeita hiru urterekin bere buruaz beste egin zuen. Ikuskizunaren aurretik italiarraren argazkiak eskainiko dituzte.
Emakumeen energian eta ikusgarritasunean oinarritzen da lana. «Emakumeen energia zazpi dantzariekin landu dut. Antzezten dutena eurek garatu duten pertsonaia da». Eszenografiari dagokionez, argazkiak dira nagusi.
Aktoreei eta eszenografiari musikak ere laguntzen die, lan horretarako Armand Amarek sortutako musikak. «Amar entseguetara etorri zen, eta ideien eta energiaren trukea egin genuen. Egun bat ere pasatu genuen haren etxean, dantzariei grabatutako ahotsak entzuten; dantzarien ahotsak ere soinu bandaren barruan daude».
Bi emankizunez gain, dantza modernoaren gaineko ikastaroa ere zuzenduko du. Dantzari amateurrak zein profesionalak arituko dira Carlsonen esanetara. «Denbora, espazioa, forma eta mugimendua landuko ditugu. Ikasleak ezagutu arte ezin dezaket zehaztu zer landuko dugun gehiago eta zer gutxiago. Nahiz eta, zerbait prestatuta badudan ikasleen mailaren arabera, inprobisatzea ere asko gustatzen zait». Carolyn Carlsonek badu esperientzia irakaskuntzan, 2004tik Frantziako Roubaix Nord-Pas de Calais Koreografia ikastetxe nazionaleko zuzendaria baita, eta munduan zehar hainbat ikastaro zuzendu baititu.
'Demasiado humano'
Nietzscheren azken egunen gaineko antzezlana da Traspasos taldearen Demasiado humano. Antzezlanaren zuzendariak, Mikel Gomez de Segurak, adierazi duenez, «antzerkian Nietzscheren teorien errealitatea eta egia erakusten dira; eta baita Nietzsche gizatiarra zela, gizatiarregia. Beti pentsamenduaren manipulaziotik ezagutu dugu filosofo alemaniarra. Horregatik, pentsamenduaren manipulazioaren hauskortasuna lantzen dugu».
Antzezlana filosofoak arrebaren etxean pasatu zituen azken egunez ari da. Etxetik irten gabe ematen zuen eguneko tarte handia, zuen gaixotasun batek ez baitzion uzten eguzkiak jo zezan.
«Izenburua irakurrita, filosofia astunez betetako antzerkia dela iruditu badaiteke ere, ez da horrela. Tragedia eta komedia aldi berean lantzen dituen lana da. Ez dago umorezko momenturik edo momentu tragikorik, biak uztartzen dira une oro. Aipatutakoaren adibidea da antzezlanaren amaiera, jendeak aldi berean barre eta negar egiten duen unea baita» dio Gomez de Segurak. Horretaz gain, umoreari dagokionez zera zehaztu du: «Ez diogu Nietzscheren pentsamenduari barre egiten, Nietzscheren pentsamenduarekin egiten dugu barre».
Pertsonaia guztiak dira errealak, hau da, Nietzscheren bizitzan izan ziren pertsonak. Pertsonaiak honako aktoreek antzezten dituzte: Alfonso Torregosa, Elisenda Ribas, Rafael Martin, Goizalde Nuñez, Eduardo Mac Gregor, Susana Hernaiz eta Txema Blasco. Antzoki Zaharrean arituko dira guztiak 22:30ean.
'Haur kabareta'
Agerre Teatroaren eta Mi Cabeza Que Hablaren gaztelaniaz antzeztuko duten Haur kabareta antzezlana izango da Antzerki Feriako lehen antzezlana.
Laguntasunari, norbera onartzeko beharrari eta norbera maitatzeko beharrari buruzko kabareta da. Bi dira kabareteko protagonistak: Mari eta Paki. Biekin batera, ipuin kontalari bat ere badago eta musikaren bitartez jolastu, eta gainontzekoekin euren fantasiak eta ezinegonak partekatzen dituzte.
Antzezlan interaktiboa da: haurrek parte hartzen dute antzerkian eta ikasten dute edonor izan daitekeela musika zuzendari eta edozein tresnak balio duela musika egiteko.
Kantez, animazioz, txotxongiloz eta dantzez osatuta dago. Ainhoa Pineda kabereteko aktorearen hitzetan, «ikuskizuna gustagarria da haurrentzat, gaztetxoentzat, gazteentzat eta gurasoentzat. Guztientzat izanagatik antzerkia ulerterraza da guztientzat, eta guztiek ikusten dute euren burua kabaretean islatuta, guztiei eragiten dizkieten gaiak lantzen direlako».
Idoia Sagarzazuri omenaldia
Idoia Sagarzazu zena omenduko du XIII. Donostiako Antzerki Feriak. Haren omenezko ekitaldiak egingo dira, emankizunen aurretik, Antzoki Zaharreko ekitaldian zein Gazteszenan eta Viktoria Eugenian. Ekitaldietan, senitartekoak eta lagunak ere elkartuko dira.
«Inanna jainkosaren poesia irakurtzen ari nintzela emakume garaikidea iruditu zitzaidan»
«Lana ez da ari boterea nahi duten emakumeez, emakumearen intuizioa eta eta misterioa lantzen dira»
carolyn carlson
koreografoa
Dokumentuaren akzioak