Dokumentuaren akzioak
Emakumea, dantzaria, sorgina, kalabaza... Denetariko panpinaz beteko da Leitza
ORANTZARO BEGIGORRI
Leitzako Alke kultur elkartea duela hamar urte hasi zen bertako Orantzaro berreskuratzeko lanean. Juan Mari Barriola eta Fernando Oiartzun kideek kontatu digute testigantzak jaso zituztela eta abenduaren 24 gaueko antzerkia prestatzen hasi zirela Aurrera elkartekoekin. «Leitzako eredua berreskuratu nahi genuen, galduta baitzegoen. Zaharrek esaten zuten hemen Orantzaro ezberdina zela Euskal Herri osoan indartu den ikazkinaren ereduarekin konparatuta. Lehenago edozein modutako panpina jartzen zen, ez zuen ikazkina izan behar. Emakumezkoak ere jartzen ziren, gainera», azaldu digu Barriolak.
Hori dena etxean aditutakoarekin uztartu zutela dio Oiartzunek. «Nik askotan entzuten nuen, baina gaztetan ez nuen kasurik egiten. Gure amak beti esaten zuen lehen askoz ere politagoa zela Orantzaro. Orduan, gure ama-eta txikiak ziren garaian, panpina goitik behera eskuz egiten zen. Aurpegia egiteko tela bat margotzen zuten eta begietarako botoiak josi. Gainera, urtero berria egiten zen, desberdina. Jendeak sekulako lana hartzen zuen; dena sortzen zuten. Gero bat-batean igeltsuarekin aurpegia egiten hasi zirenean, eta bakarra, gure amak-eta esaten zuten hori ez zela hemengoa. Kexu ziren».
Irakurritako iturrietatik eta entzundakoetatik gero eta gehiago sakondu zuten. «Jose Migel Barandiaranen garaietatik Leitzakoari buruz jasotako guztia bildu, eta hori kontrastatzen saiatu gara zaharrei galdetuta. Puzzle bat osatu dugu erabat desberdina».
Ataungo apaizak bere betaurrekoekin aztertu zuen tradizioa. 1920. urtean ibili zen Leitzan eta batzuek panpina gonarekin eta bertzeek galtzekin janzten zutela jaso zuen. Ez zion horri jaramon gehiagorik egin. «Panpina emakume irudian orokortasun batean hemengoa dela dirudi, baina Leitza edo Leitzaldean izaten ahal da. Guk Leitzakoa jaso dugu», argitu dute Alkeko lagunek.
40 testigantza inguru
Duela zortzi-hamar urte 40 bat elkarrizketa egin zituzten herriko adinekoekin. Batzuek argi eta garbi erraten zuten halako etxetan emakumea jartzen zutela sorgin jantzita, edo jostun, edo segalari. Sormenaz gain, garaiko modak islatzen zituzten panpinek. Aristokraziako ezkontza ponpoxo bat izan zela behin eta horren gisako Orantzaro bat jarri zutela dio testigantza batek.
Hemen indiano ugari zegoen eta amerikano jantzitako Orantzaro baten argazkia lortu dute. 1949. urteko Leitzako festetako programa ere topatu dute. Ezizenarekin sinatzen duen eta oraindik nor den ez dakiten norbaitek bere kronikan kontatzen du urte horretan Orantzaro guziak festei lotuta egin zituztela, istorio bat osatuz. Lehenengo etxean, behealdean, baserritar bat jarri zuten bizarra kentzen, bertze etxe batean aizkolari bat, urte hartan Leitzako aizkolari batek txapelketa bat irabazi zuelako, goraxeagoko etxe batean txistulari bat zegoen, eta bukaeran, goian, festetako amaiera bezala gazte bat ikusten omen zen tristerik.
Txintxoa eta gaiztoa
Barriolak aipatu du hemen, Euskal Herri osoan bezala, Olentzero hitza gailendu zela baina eurek «Orantzaro begigorri» aditzen zutela etxean. Orantza legamia da eta aroa garaia. Jatea, ogia egitea, oparotasuna adierazten du. Herrian Orantzaro beti txintxoa zen; panpina jarriz gero zorte ona ematen zuen. Baserrietan, aldiz, gaiztoa zen: haurrak ez baziren txintxo portatzen, tximiniako zulotik etorri eta eraman egiten zituela erraten zen. Sua mugitzen bazen Orantzaro inguruan zela pentsatzen zen. Panpina goi batean jartzen zen, balkoian, leihoan edo tximinian.
1986an leitzar emakume batek, Maria Jesusek, Orantzaroren festaren aldaketaz idatzi zuen. Salatzen zuen duela 60 urte inguru Leitzako tradizio hain aberatsa lehiaketa batera eraman zutela. Saria beti eredu zehatz bati ematen zioten, hain zuzen herrikoa ez zenari, gizonezko ikazkinari. Maria Jesusen etxeko balkoian emakume dotorea jarri zuten, saskitxo bat besoan, eta purrustaka hartu zuten: «Beño, beño, nola okurrittu zatzo emakumea ittea?». Aberastasuna galtzen hasi zen, eta jendea lotsatzen.
1986an, idatziarekin batera, Maria Jesusek-eta emakumezko Orantzaro egin zuten. «Hori izanen zen segur aski garai honetara arte emakumez jantzitako azkenekoa. Gero bolada batean ikazkinak jarri ziren beti eta duela hamar urtetik berriz hasi da zabaltzen», agertu du Barriolak.
Duela hamar urte elkarrizketatutako emakumeek 80 urtetik gora zituzten eta, hortaz, gehienak jada falta dira.
Bitxia da herritarrek uste zutela herrian bakarrik jartzen zirela orantzaroak, baina ohartu ziren baserrietan ere bazela tradizioa. Ikertzen hasi eta ikusi zuten auzo guztietan jartzen zirela orantzaroak, herrian bezainbertze edo gehiago. «Askoz kutsu erlijiosoagoa zuen. Gehiago zen sua, enbor handi bat eramatea eta sukaldean erretzea eta agian denbora dexente irautea. Orantzaro panpinaren sorrera izan daiteke, enbor hori apaintzen hasi zirelako».
Enborra eta kalabaza
Orantzaro-enborrak dotorea izan behar zuen. Baserriren batean aipatu diete barreneraino sartzen zutela bi behik lagunduta, sala erdian izaten baitzen sua. Agian 15 egun irauten zuen erdi pizturik erdi itzalirik. Elementu hori antzerkian berreskuratu dute.
Testigantza batzuek diote etxeko bakoitzak enbor handi horren kontra arrail bat jarri behar zuela (egurra aizkoraz haustean gelditzen den zatia), zorte eta osasun ona izateko eta Orantzaro ospatzeko. Zaharrenak handixeagoa jartzen zuen, adinaren araberakoa zen tamaina. Zenbait etxetan kalabazak jartzen zituzten. Barrua hustu, bi zulo egin eta kandela bat sartuta, begi gorriak ikusten zitzaizkion. Orantzaro batzuei buru gisa jartzen zieten kalabaza. Urrutitik mamuak ziruditen, gaueko piztienen antzeko begi gorriekin. Onaren eta gaiztoaren arteko izaera bikoitz hori zuten. Ez ziren ez gizonak ez emakumeak. Bizi laburra zuten, egun batekoa bakarrik.
San Joan gauarekin antz handia zuen, baserri batzuetan sua barrenean eta kanpoan egiten baitzuten. Kanpoan saltatu eta guzti egiten zuten 24 iluntzean. Suaren ondoan orantzaro txiki bat jartzen zuten, orantzaro-ninia. Etxe batzuetan bere jai propioa egiten zuten, kutsu intimokoa.
Egun horretarako oilo bat gordetzen zen, edo axuri buztana, eta otordu berezia egiten zen. Opariaren kulturarik ez zegoen, baina bai aipatu izan diete etxeko aitak espartinak edo galtzerdiak estreinatzen zituela eta horrekin batera detaileak egiten zirela. Adibidez, amonak umeentzat gailetak prestatzen zituen txokolate pixka batekin. Ze festa!
Eta orain, nola berreskuratu tradizioa hainbertze aldatu den ospakizunean? «Informazio ahalik eta gehien zabalduz. Ez da erraza. Telebistak eta kultura orokorrak izugarrizko eragina dute. Errotuta dago Olentzerok ikazkina behar duela. Baina lanketa honen harira jendeak etxean galdetu du eta ohartu da egiten zela. Ilusioz hartu dute Leitzako eredu hau eta berriz ere, zorionez, dantzariak, sorginak, almadiazainak edo txistulariak ikusten ari gara. Kalabazak ere bai.
Bihar iluntzean (18.30ean) eginen den antzerkian ere izanen dira kalabazak. Jasotako elementuekin osatuko dute ekitaldia: sua, hemengo izaki mitologikoak, arrailen jartzea dantzariekin... Herriko kanta ere abestuko dute. Adineko jendeak gaztetatik aditu gabe izan arren ongi oroitzen duena eta emozio handiz hartu duena. Gonbidatuta dago nahi duena tradizio berritu polit honen magian sartzera.
Dokumentuaren akzioak