Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Emakume politikoak

Dokumentuaren akzioak

Emakume politikoak

La Sangre de los Árboles / Medea

Lekuak: Donostiako Imanol Larzabal aretoa (Lugaritz) eta Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Martxoak 7.
Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2017/03/09
Lotura
Berria
Donostiako Antzerki Feriako bigarren egunean, emakumeak izan dira protagonista: goizean goiz Hika taldearen Koadernoa zuri aurkeztu da gaztelaniazko bertsioan —aurreko egunean jatorrizkoan eman zen eta estreinaldiarekin bat komentatu genuen orriotan—, eta arratsaldeko lehen saioan Reverso konpainiaren La Sangre de los Árboles ikusi dugu.

Luis Barrales txiletarraren testu horrekin eta haren zuzendaritzapean, hiru emakumek hartu dute eszena betetzearen ardura, haietariko bi —Juana Viale eta Victoria Cesperes— antzezle lanetan eta Jacqueline Oroc biolontxeloan. Hirurak jantzi dira Opus Deiko kideak balira bezala —seguruenik nahita, kontuan izanda Erakunde Santuak herrialde hartan daukan itzala—, goi mailako burgesiari dagokion estilo dotore neutroan, tentazio oro uxaturik, baina beharbada horregatik erakargarri. Ni, behintzat, ez naiz estetika horren zale: horretarako Camino irakurri behar, eta ez dut inoiz gogorik izan.

Betiere ildo subliminaletik, eta nazi erbesteratuek Hego Konoan hartu zuten pisua azaleratuz —Colonia Dignidad gogoan—, espainieraz ongi ez dakitenen antzera mintzatu dira bi protagonistak hasiera batean, aditzak infinitibo hutsean jarrita, eta behin baino gehiagotan aipatu da Alemania bien arteko solasaldietan. Hain zuzen ere, solasaldi horietan erakutsi du egileak bere trebezia, esaldien errepikapenetan aldaketa txiki baina esanguratsuak tartekatuz eta egoeren errepikapenak ausazko eran txandakatuz. Hala ere, egileak ez du bakarrik nazien eragina, Pinocheten torturatzaileen ondorio pentsaezinak eta goi burgesiaren deformazioak jaso nahi izan, eta emanaldian zehar agerian tratatu ditu harreman lesbikoak, balizko senar baten rola, etorkizun profesionala eta zahartzea bezalako gaiak. Hala ere, eszenaratzeak eta testuak eduki duten izaera intelektualista gogorrak hoztasun sentsazio nabarmena eman diote azken emaitzari.

Eguneko beste obra nagusia Medea deitu da. Andaluziako (Espainia) Pilar Tavorak sortu duen bertsioan Sofokles eta Euripidesen testuak gaurko hitz eta pentsamenduekin konbinatu dira, orduko tragedia hura gure egunetara ekartzeko, eta —herri hartan ezinbestekoa denez— presentzia handia hartu dute dantza eta cante flamenkoak proposamenean.

Garai bateko itsasontzi baten belak izan dira dekorazioren elementu nagusia, eta portu bateko sareek, bultoek eta egurrezko kaxek apaindu dute eszenatokia. Izan ere, itsasoa zen jatorrizko tragediaren marko geografikoa, eta oraingo bertsioan itsasotik datozen etorkin desanparatuak dira protagonista, bai zati deklamatuetan bai off-eko ahotsetan. Atal dantzatuetan beren gaitasun eta jenio ikaragarria erakutsi dute Maria Tavorak Medearen rolean eta Jesus Herrerak Jasonenean, eta pasarte abestuetan Magrebekiko lotura kontzientea erakutsi du kantari batek. Amaiera aldera, hesi metaliko batek banandu gaitu etorkin haiengandik eta Pietà garaikide bat eratu da egurrezko kaxen gainean, arrosak banatu dira lurretik eta fededun batek Koraneko hileta-hitzak irakurri ditu gizakien arteko errespetua irudikatuz eta itsasoan itotako desesperatuen omenez.

Dokumentuaren akzioak