Dokumentuaren akzioak
Elorrion estreinatuko du Dantzazek bere azken ekoizpena
Osagai berezi ugari dituen 'Harri, Orri, Ar' datorren larunbatean, martxoaren 4an, taularatuko da Arriola Antzokian
Gainera, Enrique Fleischmann sukaldariaren laguntza du ikuskizunak, obran agertzen den 'atrezzo jangarria'-ren egilea bere baita, euskal sukaldaritzaren osagarri berezietan oinarritu delarik. Adibidez, 'pikilo' piperretan edo txibiaren tintan. 'Harri, Orri, Ar', hain zuzen, Dantzaz, Eragin eta Fleischmann´s Cooking Group-en arteko koekoizpena da. Fleischmann sukaldari mexikarraren Bailara Restaurant-eko lantaldeak (Jesús Mena, Nahuel Pazos, Jesús Viejo eta Enrique Fleischmann bera) egindako harri eta paper jangarriek ezinbesteko papera jokatzen dute ikuskizunean.
«Sormenaren eta jolasaren amaigabeko aukeren aldarrikapena» den ikuskizunak sOrkuntzaren aldetik interesgarriak diren zenbait galderari erantzun nahi die: nola txertatu gastronomia eta dastamena koreografietan? Nola adierazi dena isiltasuneko segundo batean?
Bost herrialde desberdinetako 12 dantzari gaztek osatzen duten konpainiak aurkeztuko duen ikuskizunak osagai oso bereziak ditu, hala nola aipaturiko atrezzo jangarria edota 'mariachi musika, zirkoko elementuak eta oso fisiko eta enerjetikoak diren koreografiak…Ikuskizuna aurkezteko zabaldu duten oharrean diotenez, «denak du lekua sormen honetan, umeentzako jolasetan gertatzen den bezala».
Sara Olmo eta Victor Launay (Les Vikings), lana da ikuskizunaren lehen koroegrafia, 'Historia de un segundo' deiturikoa. Gutako edonork izan dezakeen elkarrizketa batean murgiltzera gonbidatzen ditu ikusleak. Zenbat gauza pentsatu ditzakegu segundo bakar batean? Horietako zenbat pentsamendu ahoskatuko ditugu? Burutazio hauek dira piezaren oinarri, Europako zirko garaikidearen giroa berreskuratuz eta akordeoiaren soinuarekin lagunduta. Obra Dantzazen 2017-ko programako egonaldi artistikoen baitan sortua izan zen, Frantziako Sens-eko Concours Choreographique Jeunes Compagnies 'Les Synodales'-en “Dantza Saria” irabazi eta gero.
Bigarren sormenak, 'Complete Surrender' izenekoak, ukitu garaikidea du. Bere sortzaileak, Jorge Jauregui Allúe-k, bakarkako eta taldeko espazioen arteko mugara eramaten gaitu. Koreografia honetan dantzarien gorputzek talka egiten dute batak bestearen kontra, eta besarkatzen dira, aldizka, oreka bilatuz. Jauregiren esanetan, pieza hau gaur egungo gizartearen metafora da, «hainbestetan gure buruari eutsi eta jarraitu edo amore eman galdetzen diogula».
Jauregiren proposamenak Enrique Fleischmann sukaldari mexikarraren sinadura daraman beste proposamen bati egingo dio leku. Euskadin bizi den chefak 'Harri, Orri, Ar' piezan agertzen den atrezzo jangarria egin du, harri eta paper bereziak sortuz, taula gainean erabiltzeko, baina baita ere, ikusleei dastatzeko aukera emanez. Paolo Mohovich koreografo italiarrak egindako epilogoan, dantza «aukeraz betetako jolasa bezala ikusteko aukera izango dugu, xarma eta topaketako jolasa».
Dokumentuaren akzioak