Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Elkarrizketak» goiburu hartuta enpatia landu nahi du dFeriak

Dokumentuaren akzioak

«Elkarrizketak» goiburu hartuta enpatia landu nahi du dFeriak

«Elkarrizketak» lemapean abiatuko da dFeria, Donostiako Arte Eszenikoen 22. edizioa, kultura eta arte alorren elkar ulertzea komunikazioaren bidez soilik lor daitekeela adierazteko. Aurten, estreinakoz, opera bat ere izango da jaialdiaren programazioan.

Komunikabidea
Gara
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2016/01/12
Lotura
Gara

Komunikazioa elkarbizitzarako eta ezberdinen artean enpatia eta ulermena lortzeko ezinbesteko tresna dela sinetsita, “Elkarrizketak” izenburupean abiatuko da dFeria, Donostiako Arte Eszenikoen Jaialdiaren 22. edizioa. Azokaren aurtengo irudia Andoni Garcia Alkorta ondarroarrak egindako “Viendo Vigas” lana izango da: kartelak gaztelaniazko esan bati egiten dio erreferentzia eta ondokoen begiradak ikusten duenaz jabetzeko gonbita egiten dio ikusleari.

Aurten martxoaren 7tik 10era bitartean egingo den azokaren goiburua eta irudia aurkezteaz batera, programazioaren aurrerapena ere egin zuten dFeriako zuzendari Norka Chiapusok eta Donostiako Udaleko Euskara eta Kultura zinegotzi Miren Azkaratek. Orotara, 22. edizio honetan 31 ikuskizun eskainiko direla jakinarazi zuten, programan dantza eta antzerkiaren arteko oreka izango dela ziurtatu zuten eta, estreinakoz, dFeriako programazioak opera bat ere hartuko duela iragarri zuten, “Quatro santos em três actos”.

Opera bat estreinakoz

Teatro do Barrio konpainia portugaldarraren eta Ar de Filmes ekoiztetxearen opera orain artean ez da Estatu espainolean taularatu eta, aurkezpenean azaldu dutenez, «ezohiko opera hau» Virgil Thompsonek konposatu zuen 1927an, Gertrude Steinen libretoa oinarri hartuta. Ikuskizuna martxoaren 7an emango dute, Victoria Eugenian.

Chiapusoren hitzetan, obra hau iraultzailea izan zen bere garaian eta, protagonistak Santa Teresa Jesusena eta Ignazio Loiolakoa badira ere, operan zehar «egiazko zein asmatutako» hogei santu ingururi egiten zaie erreferentzia. «Ignazio Loiolakoaren gaia lantzeak animatu gintuen hona ekartzera», azaldu zuen Chiapusok, eta zuzeneko orkestraren musikarik ez dela egongo argitu zuen.

Victoria Eugenia antzokian aurkeztuko dira ere Kukai Dantza Taldeak Marcos Morau eta La Veronalekin elkarlanean egin duen “Oskara”, Gelabert eta Azzopardi Companyia de Dansaren “Foot-ball” eta Emilio Aragonek ekoitzi eta Fernando Bernuesek eta Patxi Barcok zuzendu duten “Aire”.

“Oskara”-k euskal kultura tradizional zein garaikidea jorratzen ditu eta, hil honetan Donostia Kulturaren egitarauaren barnean estreinatu ostean, dFeriaren programaren barnean martxoaren 8an emango dute. Kukai taldearen obra berri hau Donostia 2016ren Mugalariak proiektuaren barnean kokatzen dela ere nabarmendu zuen Chiapusok.

Dantza izango da hurrengo eguneko protagonista ere, Victoria Eugeniak “Foot-ball” ikuskizuna hartuko baitu. Azokaren zuzendariak azaldu zuenez, Cesc Gelabert konpainiako dantzariek Bartzelona futbol taldearen «jokaldirik onenak deskodetuko dituzte», ikusleek jokaldi horiek ikus-entzunezko batean ikusten dituzten bitartean.

Azkenik, Aragon sendiaren zigilua duen obra da “Aire”. Gabi pailazoaren lau semeek (Alejandro, Alonso, Gonzalo eta Rodrigo Aragon) dantza, kantu flamenkoa, musika eta poesia uztartu eta taula gainean zenbait objekturekin eta jostailuzko musika tresnekin aritzen dira. Obra hau Madrilen estreinatu zen eta, Chipausoren hitzetan, «kritika bikainak» jaso ditu.

Atzo aurkeztu zituzten lau obra horiek, eta «bakoitzak bere arloan, zeresana» emango duela ziurtatu zuen Chiapusok.

Aurrekontu hirukoitza

Bestalde, Miren Azkaratek 2015ean Donostiako arte eszenikoen azokak utzi zituen datuak izan zituen hizpide. Iaz dFerian aurkeztu ziren obren 155 funtzio saldu zirela azaldu zuen, horrek dirutan 608.000 euroko ekarpena ekarri zuela eta horrek dFeriaren aurrekontua hiru aldiz handitzea ekarri duela.

Azkenik, Chiapusok programazio osoa otsailaren 4an ezagutaraziko dutela iragarri zuen eta aurten ere sarreren salmenta fase (eta salneurri) ezberdinetan egingo dutela azaldu zuen: azoka hasten den unetik sarrerak 12 eta 20 euroren artean eskuratu ahalko dira, eta aldez aurretik erosita merkeago lortzeko aukera izango da.

Informazio gehiago eta iragarritako programazioa: www.dferia.com.

Dokumentuaren akzioak