Dokumentuaren akzioak
«Irteera duen bidea kultur aniztasuna da. Gu multikulturalak gara»
Juan Antonio Urbeltz
AEBetatik itzuli berri da; hango hiru unibertsitatetan hitzaldiak ematen izan da. Eskuartean dituen ikerketek hartzen dizkiote eguneko eta gaueko orduak. Idatzi nahi dituen guztiak idazten erabat lanpetuta dago, ikuskizun berria dauka buruan, eta, hala ere, ongi hartu du bi arratsaldetan mamitutako elkarrizketa hau.
Ikasketak oso gazterik utzi, eta lanari heldu zenion.
Gure aitak ez zuen asmatu nik egin beharreko ikasketak hautatzean. Merkataritza Peritu ikasketak eginarazi zizkidaten, eta niretzat letrak ziren egokienak. 40ko hamarkadaz ari gara; lau anai-arreben artean nagusia nintzen. Gabezia handiko urteak izan ziren. Gurasoek gaizki pasatu zuten, eta gu horretaz konturatzen ginen. Beraz, 15 urte nituenean, lanean hasi nahi nuela esan nion aitari. Petoa jantzi, eta tailerrean hasi nintzen, erraztu, ofizialei erremintak eraman, eta tornuan, fresatzeko makinan, soldatzen, sutegian lan egiten ikasi… Ofizial guztien antzera. 21 urte bete nituen arte aritu nintzen han, soldaduskara joan nintzen arte. 15 urte nituenean, betazaletatik oinetako azazkaletara, koipez beteta heltzen nintzen etxera. Ondoren, Merkataritza Zuzenbidea eta Kontabilitatea ikasi nituen, eta bankuan jardun nuen lanean.
Nola sartu zinen dantzaren munduan?
18 urterekin, gau eskoletara joaten nintzen. Jaime Albillos ezagutu nuen bertan. Dantza egitea gustatuko litzaidakeen galdetu, eta Goizaldi taldera bideratu ninduen. 1960an, Caceresera [Extremadura, Espainia] joan ginen Goizaldirekin, jaialdi batera. Nik 19 urte nituen, eta ezpata-dantza aurrean dantzatzen nuen. Hiru aritzen gi-nen aurrean, Ignacio Gordejuela, Javier Urbieta eta hirurok. Caceresko jaialdiaren ondotik, dantzarekin erabat interesatu nintzen. Ikasketa antropologiko programa bat egin nuen neure kasa; diziplina anitzeko egitaraua zen, eta, armiarma bezala, sarea ehuntzen jardun nuen. Ez dut inoiz izan ni zuzentzeko irakaslerik.
Jakin-minhori dantzarekiko interesaren ondorioz sortzen da?
Jakin-min handia izan dut beti. Lehenengo eta behin, gure herriak eta historiak erakarri ninduten. 18 urterekin, Manterola liburu dendan Buenos Airesko Ekinen liburuak erosten nituen. Etxean arduraz ikusten zuten; «kontuz ibili behar da», esaten zidan aitak. Ez zidan inoiz ezer galarazi, gauzak gaizki joan ez zitezen zaindu bai. 1961ean, Goizaldirekin Gisorseko jaialdira [Frantzia] joan ginen. Talde guztiak ikusi nituen, den-denak. Ez hori bakarrik, Marian [Arregi, emaztea] eta biok doinuak idazten genituen, paperezko zapietan, treneko txartelean, edozein tokitan. Eta orain, hor nonbait agertzen dira, eta gogoratzeko modua ematen digute oharrok. Marianek soinua hartu eta jo egiten ditu. Jakin-minak ez nau utzi inoiz.
Bada, halako batean, Goizaldi taldea utzi zenuen.
1965ean, Greziatik itzultzean, Marian eta biok ezkontzeko asmoaz hitz egiten hasi ginen. Lantokiz aldatu nahi nuen, eta, ikasteko astia izateko, Goizaldi utzi nuen. Baina, orduan, Argian zeuden batzuk etorri ziren, Patxi Cano —Harkaitz Canoren aita–, Mikel Lizarza… eta haiekin hasi ginen lanean. Izugarri harritu ninduen Jerusalemgo Unibertsitate Hebrearreko ikasleen taldeak. Elkarrizketa asko izan genituen haiekin. Neofolklore oso ederra zuten. Guk oso gauza gutxi ezagutzen genuen. Dena berriz egin beharra genuela ikusten nuen, egin, berregin eta berrinterpretatu. Tokian tokiko dantzak ikasteaz gain, teorikoki prestatzeko ahalegina egin zenuten orduan… Berehala ohartu nintzen bi kontu daudela konpondu beharrekoak, teoria eta praktika; eta biak elkartu behar ditugula.
Teoria eta praktika beraz…
Hiru gauza daude. Bata tokian tokiko bilketa zen, eta horrek urte asko hartu zizkigun. Behin bilketa lana egin duzunean, material horren aplikazioa eta material horiek erabiliz duzun sormen aukera dago, alegia, eszenaratzea. Eta horrek produktu bat izateko aukera ematen dizu, emaitza moderno bat, beste arte eszenikoen parean jartzen duen emaitza interesgarri bat. Eta gero, tripode horren hirugarren hanka, ezagutzak eta interpretazio lanak emango digun sinboloen mundua da. Modu horretan, teoria batek babestuko du egiten eta eraikitzen duguna.
Zure ibilbidean funtsezkoa izan da Oteiza. Zer eman dizu, zehazki, Oteizak?
Nire baitan nituen kezkak formulatuta aurkitu nituen harengan. Intuizioa, diziplina aniztasuna, linguistika, etnografia, historia, filologia, erlijioen historia… mataza hori dena, diziplina horiek guztiak, eta denen arteko elkarrekintza. Noski, aldea da berak zoragarri adierazten zuela hori dena. Hasieratik interes handia izan zuen egiten genituen gauzekin.
Argiak tradizioa berrikusi eta antzokirako prestatu izan ditu haren emanaldiak. Zeren arabera?
Beti prestatu ditut dantzak eszenara begira. Egin dudan edozer gauza antzokiarekin lotuta egon da. Bere baitan balio estetikoa duen produktu bat da hau, eta, beraz, ez du axola non egiten den; antzokian ala Iturengo plazan, berdin gozatuko dut. Jakina, agertokia eta herriko plaza desberdinak dira, baina hori ez da kontua. Dantzaz hitz egiten ari gara. Moisseiev hemen ikusi genuenean, lehenengo eta behin, konturatu nintzen dekorazioa jantziak zirela. Beti saiatu naiz elementu tradizionalekin sortu ditugun gauzek bi alde izan ditzaten. Agertokian bai, baina agertokitik kanpo ere dantza ditzakegu. Horregatik, ia beti gortina beltzak erabili ditut atzean, besterik ez. Jantziak koloretsuak dira, nahi dugun kolore guztia dute. Argiekin handikeriaren bat egin izan bagenu, segur aski gehiago hondatuko genuen irabazi baino. Xalotasuna lortu nahi izan dugu beti, eta artifizioak erabiltzea baztertu, ez baita interesgarria. Dekoratuak ere saihestu ditugu, dantza bere jantzi eta bere musikarekin utzi, eta horrela atera. Atzealde beltza ondo egindako kutxa bat da, eta horrekin ibili gara. Dantzen balioa jantzien koloreetan eta dantzen indarrean dago. Beti izan dut irudi hori, eta ez dut inoiz banandu dantza pilota jokotik. Indarrez egin behar da dantza, pilotan egiten den bezala.
Euskal dantza tradizionalaren alorrean, badirudi bakoitza bere aldetik ari dela. Ez da asmatu indarrak helburu bakarrera bideratzen. Zer gertatu da?
Zer gertatu den? Bada, egituratu gabeko herri bat, arazo politiko benetan larriak izan dituen herri bat. Arazoa ezin izan da konpondu, eta ataka horretatik atera ezinda geratu gara. Sufrimendu handia tartean. Noski, horrenbeste sufrimendu duen herri batean, esadazu noiz duen jendeak lasaitasun apur bat, ez nuke esango normalagoa izateko, baina bai, behintzat, gizalegea ohikoago izateko. Horrekin batera, hemen gertatu dena gaitasun kritiko eskasiaren ondorioa da. Zuk egitasmo bat baduzu aurrera, martxan jarriko duzu. Edozein proiektutan. Hori izan da nire karrera. Eta orain ari naiz jasotzen urte askoko lanaren emaitzak.
Luze eman duzu prestatzen.
Hemen badira bi gauza bizitzarako balio dutenak: lehena, ohartzea bizitza zerbait baldin bada, maratoi lasterketa bat dela; eta bigarrena, aurrezki libreta bat ere badela, zenbat jartzen duzun, horrenbeste jasoko duzula. Eta horrek ez du atzera bueltarik. Emazteak eta biok asko jarri dugu. Marianek umeak zaindu, eta lan asko egin du. Umeak hartu, eta dantzak biltzera joaten ginen hara eta hona. Uharte Garazin [Nafarroa Beherea] geundela Faustin Bentaberrirekin jauziak ikasten, Marianek musika guztiak apuntatzen zituen, nik urratsak ikasten nituen, eta Faustinen emazteak Mikel seme txikitxikia zaintzen zuen… Horrela ibili gara seme-alaba guztiekin. Nik beti prentsatu dut egin dugun guztia estrategia politiko baten adierazpen dela. Ez sigletan ez alderdi politikoetan adierazten ez den estrategia politiko bat. Irteera duen bidea euskaldunok daukagun kultur aniztasuna da. Gu multikulturalak gara. Nola ez gara izango, ba! Gure eskualde guztiak desberdinak dira bata bestearengandik, eta herri bera dira aldi berean.
Dantza taldeen ereduak ez du funtzionatu behar bezain ondo…
Nire ustez, kolore espezifiko bat falta zaigu. Musika tradizionalak ere soinu espezifiko baten falta du. Orain 40 urte, dantza talde guztiek dantza egitarau berdintsua zuten, denok gauza antzekoak eta berdin samar egiten genituen.Tokian tokiko azterketa lanak egiten eta dantzak berreskuratzen hasi ginenean, zegoen beharrarekin, berehala hartu ziren denak, eta orain denbora asko pasatu beharko da urak bere onera etorri eta gauzak finka daitezen. Ordena apur bat falta zaigu, taldeek orain baino energia gutxiago gastatuta funtzionatzeko modua izan dezaten. Etengabe bilatzen dabiltza orain, berritzen saiatzen, oinarria aurretik asko landu gabe. Denbora pasatu beharko da eustea merezi dutenak indartu eta berreskura daitezen.
Azken urteetan inauteri eta udako hainbat tradizio ulertzeko giltza izan daitekeen proposamen interpretatibo bat plazaratu duzu.
Nekazari gizarteek hainbat tradizioren bidez emankortasuna lortu nahi dutela esan izan da. Nire iritziz, gaitza uxatu nahi izan dute. Gaitzik ez dagoenean gauzatuko da emankortasuna. Horrek ikuspuntua aldatzeko aukera eman dit. Dantza asko gaitza aldentzeko konjuru dantzak dira. Inauteriak, hein handi batean, horrela ulertzen ditut. Nekazariek beren kezkak jarri dituzte plazan —umore handiz, noski, umorearen zentzu zahar eta isekaria baitute—; nekazariek badakite egiten duzuna egiten duzula gauzak beti lehengo tokira itzultzen direla; eta egindako guztiak eginda ere, halako batean badatorrela txingorra, eta dena pikutara doala. Badakite, milaka urteko kultura da. Aurrerabidearekin, 200 urteko ilustrazioarekin, munduaren ikuspegi optimista zabaldu da, baina, nekazarientzat, hori ez da izan inoiz horrela.
Zer moduzko harrera izandute zure proposamenek?
Zerbait berria proposatzen denean, alferkeria apur bat izaten da beti hor sartzeko. Proposamen berriek pentsarazi egiten dute, ahalegina eskatzen dute... eta nork pentsatzen du? Begira zer gertatzen den gaur egun. Telebista da mundu guztiak ikusten duen komunikabidea, eta munduko albisteak 30 minutu dira. Beraz, ez dago arazo handirik! Dena horrela ematen bada, eta niri 500 orrialdeko liburukote bat ateratzen bazait, nork irakurri behar du? Nire liburuak Koldo Mitxelenan geratuko dira lo kuluxka egiten, norbait etorri eta irakurtzen hasi arte. «Urbeltzek hau esaten zuen…» pentsatu, eta ikusiko du berak noraino irits daitekeen. Ni iristen ez naizen tokira jaitsi ahal izango da segur aski. Horixe da herri batek beldurrik gabe aurrera egiteko duen aukera bakarra, guztia etengabe kritikatuz, baina eraso pertsonalik gabe. Horixe baita arazoa hemen: maiz kritika eraso pertsonalarekin nahasten dela.
Benito Lertxundiren zenbait kanta ezagunen hitzen egilea zara. Nolatan da hori?
Marianek soinua jo zuen Benitorekin, 1976tik 1985era edo. Hasierako emanaldietan, Marianekin joaten nintzen ni, baina, denborak aurrera egin ahala, etxean geratzen nintzen umeekin. Haiei afaria eman, ohera sartu, eta nik lanean jarraitzen nuen. Orduan poema batzuk idatzi nituen; batzuk ez dira oso onak, baina beste batzuk ez dira hain txarrak ere… Eta, batzuetan, Benito gaueko hamarretan etortzen zen, eta goizeko hirurak ematen zizkiguten, diskoak jartzen, hizketan, eta orduan, «poema hau zer iruditzen zaizu?», «aizu, hau emango zenidake?», eta horrela. Gauza batzuk hartu eta gorde egin zituen, eta bide eman die, eta asko eskertzen diot egin duena.
Horietako batzuk ereserkia dira iaia: Urrundik heldu naiz, Baldorba…
Baldorba… Gure birramona Mina Olletakoa zen, Orbaibarkoa. Etxetxo bat genuen han, eta bertan esan genuen gogorra izango zela herrixka horietan adinekoek ikustea herria nola doan desegituratzen, nola doazen galtzen hizkuntza, ereduak, balioak… Hortik sortu ziren poema batzuk. Orbaibarko nire arbaso guztiek, Mina amatxi arte, euskaraz hitz egin dute. Arraioa! Nola gal daiteke 30 urtean 18, 15, 6 edo auskalo zenbat mila urte dituen ondare bat!
Oteiza fundazioko kide zara. Buruko minen bat eragin dizu horrek?
Bai, arazo asko sortu dira. Lehenengo eta behin, Oteiza ikonoklasta bat da, ezarritakoaren aurka dago, eta, beraz, ez da zilegi haren alde egotea, haren irudia, haren ondarea eta uzten duen guztia gurtzea, horri buruzko jarrera garbi bat erakutsi gabe. Fundazioa pribatua da, eta hori oso garrantzitsua da. Azken izendapenen kontua, adibidez, legez kanpokoa da. Jorge Oteizak fundazio bat egin zuen, eta kideak zeintzuk ziren esan zuen, eta, estatutuetan esaten denez, norbaitek uko egin edo hiltzean alda daiteke; ezin da besterik egin. Haren borondatea errespetatzea da kontua, eta ez Oteizaren museoa eta fundazioa Nafarroako Gobernuaren Kultura Sailaren eranskin bihurtzea. Egoera benetan surrealista bihurtu da.
Ikuskizun berrirako asmoak?
Lau ideia ditut buruan. Gauza oso desberdinak egiteko ez, egiten ditugun gauzen kolorea pixka bat aldatzeko. Ez dut dantza edo sormen katalogo bat egiteko helbururik. Hori bai, zerbaitek balio dezakeela ikusten badut, gauzatu egin nahi dut.
Dokumentuaren akzioak