Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Elkarri laguntzeko sortuak

Dokumentuaren akzioak

Elkarri laguntzeko sortuak

Erdi Aroan sortu ziren lehen kofradiak. Elkarri babesa emateko anaidiak dira. XIX. mendean desagertzen hasi arren, oraindik batzuek tinko diraute, eta berriak ere badira.

Egilea
Ibai Maruri
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2009/11/07

Behe Erdi Aroan agertu ziren elkarteok, eta poliki sekulako indarra hartu zuten. Gizarte egituraketan egundoko garrantzia izan zuten. Garmendiak adibide bat jartzen du horren lekuko: «Gizarte Segurantza, aseguruak eta horrelakoak kontu modernoa dira. Garai hartan ez zegoen horrelakorik, ez eta antzekorik ere. Kofradiek betetzen zuten elkarri laguntzeko zeregin hori». Kideetakoren bat gaixotzen bazen, kofradiak laguntzen zion hari eta haren familiari. Hala ere, Garmendiak argitu du laguntza hori ez zela oso handia, ekonomikoki ez baitzuten aparteko indarrik. «Nahiz eta kofradiak apalak izan, funtzio hori betetzen zuten euren txikitasunean».

Herri txikietan kofradiak gaur egungo elkarte gastronomikoen modukoak ziren. Urteko ospakizun eta jai garrantzitsuenak antolatzen zituzten. Santu bat zuten zaindaritzat, eta haren egunez urtero festa egiten zuten. Herri handi eta hirietan lanbideei lotutakoak zirela dio: arotzak San Joseren babespean, jostunak Santa Luzia zaindari zutela, zapatariek San Krispinen omenez... Urtean behin bilera nagusia egiten zuten. Lehendakari edo kofradiaburuak, idazkariak, diruzainak eta hainbat karguk osatzen zuten erakundearen administrazioa.

Lanbide guztiek zuten euren kofradia. Gainera, eskola funtzioa ere betetzen zuten. Aprendizak izaten zituzten. Profesionalek egiten zuten maisu lana, eta askotan ikasleak euren etxeetan hartzen zituzten. Irakasteaz gain, jana eta ohea ere ematen zieten. «Horren lekuko dira makina bat kontratu». Lanbidea haiek arautzen zuten.

Herri txikietan, berriz, horrelako zerbait eratzea ezinezkoa zen. Hori hala, lanbide desberdineko herritarrak biltzen ziren; gizarte maila bertsuko herritarren topagunea zen. «Seguruena arotz bakarra izango zen herrian. Nola sortuko zuen berak bakarrik arotzen kofradia?». Nekazariek ere eurena izaten zuten, San Isidroren babespean.

Desagertu edo itxuraldatu

XIX. mendean hasi ziren indarra galtzen. Garmendiaren esanetan, lantegi handien sorrerak zeresana izan zuen horretan, batez ere gremioei lotutako kofradien kasuan. «Orduan desagertu ziren gehienak, eta desagertu ez zirenak izenarekin geratu ziren, baina gizarte eginkizun hura erabat galdu zuten. Gaur egun, tradizioaren parte baino ez dira, elkargune bat». Tolosan, kasurako, duela gutxi San Krispin eguna ospatu zutela gogoratu du. Zaindariaren egunez, meza, batzarra eta afaria izan zituzten kofradiakideek. «Gutxi batzuen lanari esker mantendu da ohitura hori. Gehiago da sinbologia kontua. Garai batean egoitza ere bazuten», dio.

Beheraldi horren arrazoia zein izan zen Garmendiak argi dauka: «Herriak sentitzen duenean, debekatu arren, mantendu egingo da. Tinko. Hor dago inauterien adibidea. Elizak gogor egin zuen aurka, gobernuak debekatu egin zituen. Baina, hala ere, leku askotan eutsi egiten zitzaien. Herriak beharrik ez badu, ordea, desagertu egingo da, debeku beharrik gabe».

Lanbideei lotutako kofradia haien aztarnak badira oraindik. Ezagunenak eta garrantzitsuenak Euskal Herriko kostaldean aurkituko ditugu. XVII. mendean ez zegoen kofradiarik ez zeukan euskal porturik, eta gaur egun ere arrantza profesionalean jarduten duten guztiek daukate eurena. Jatorria aspaldikoagoa da: XIII. eta XIV. mendeetan Hondarribian, Donostian, Deban, Lekeition, Bermeon eta Plentzian, kasurako, itsasgizon eta marinelen elkarteak sortu zituzten. Eta XVII. mendean sektorean izan zen krisi latzak eragin zuen hara eta hona hedatzea. Haien helburua arrantzaleek krisiaren ondorioak gutxiago pairatzea zen.

Azken urteetan haiekin zerikusi gutxi duten kofradia eredu berri bat ugaldu da: gastronomiari lotutakoak. 1950eko hamarkadan agertu ziren aurreneko biak, Lapurdin. Bat Baionako Urdaiazpikoaren Kofradia da, eta bestea Miarritzeko Operne kirol taldeak itsaskiaren inguruan sortutakoa. Orduz geroztik asko ugaritu dira Euskal Herri osoan.

Sarako usoaren kofradiak, Hendaiako angularenak, Donostiako Euskal Gastronomiaren Kofradiak eta Bidasoako izokinarenak federazioa sortzea erabaki zuten 1988an. Elkartzeko urrats horrekin, kofradietako bakoitzak bere aldetik egiten duen lanari indarra eman nahi zaio. Elkarri lagundu, azken batean.

Udalerrien ernamuina diren elizateak sortu aurretik, Euskal Herria kofradietan antolatuta zegoen. Auzoa kudeatzeko egitura administratiboak ziren.

Auzotarrek agintea hartuta

I. Maruri.

Iurreta

Kofradietan banatutako herri gutxi geratzen dira gaur egun Euskal Herrian. Baina garai batean hori zen administrazio egitura garrantzitsuenetako bat. Baserri inguruko beharrizanei erantzuteko sortu ziren. «Lehenengo aipamenak 1200. eta 1300. urteen artekoak dira», dio Juan Zamalloak. Iurretako kofradien lehendakaria da bera. Hain zuzen ere, herri hori da egitura hauek bizirik mantendu dituzten bakarrenetakoa. Bizkaian, Arratia inguruan, Mungian eta Markina-Xemeinen ere garai bateko kofradien oinordekoak daude egun, orduko ahalmen administratiboa galduta.

Baselizen inguruetan biltzen ziren. Kofradia osatzen zuten auzoetako baserri bakoitzak ordezkaria zuen bileretan. Han erabakitzen zen guztia. Arazoak aurkezten ziren, eta konponbidea bilatzen zitzaien. Kofradiaburua ere aukeratzen zuten. «Bideak konpondu, basoak mantendu eta horrelako lanak egiten zituzten». Herrigunerik gabeko Iurreta ezagutu duela dio, nahiz eta 73 urte baino ez dituen. «Orain 50 urtetik honako kontua da hori». 1704an, kasurako, Iurreta 78 baserri zirela dio Zamalloak.

San Marko, Santa Maña, San Fausto, Orozketa, Iurreta eta Goiuri dira udalerria osatzen duten sei kofradiak. Horietako bakoitzak auzune bat baino gehiago izan ditzake. «Auzunea eta kofradia gauza bera direla diote askok, baina ez! Esate baterako Orozketako kofradiak San Andres, Santa Polonia eta Santiago auzoak hartzen ditu», argitu du.

Demografiaren etengabeko hazkundeak eta gizartearen zein ekonomiaren gorabeherek administrazio egiturak aldatu beharra ekarri zuen. Halaber, administrazioaren eraginkortasuna ere bilatzen zuten, eta elkarrekin arazoei hobeto aurre egingo zitzaiela pentsatu zuten. Hala agertu ziren elizateak, geroragoko udalen aitzindariak. Hala bada, gaur egungo udalerriak sortu aurreko lurralde antolaketa modu naturala ziren kofradiak.

Nahiz eta gaur egun halakorik ia ez dagoen, garai baten lur sail gehienak publikoak ziren. Alegia, kofradiak izaten ziren haien jabeak. Hain zuzen ere, lur horiek kudeatzea eta zaintzea ziren erakunde horien egiteko nagusietakoak. Poliki-poliki, baina, pribatizatuz joan ziren.

Iurretako kofradiek gaur egun baso sailak dituzte. «Diru arazoak tarteko zirela, 1856an Udalak baso zatiak saldu zizkien kofradiei. Hala, bakoitzak sail bana jaso zuen. Orain denak bat eginda daude, banaka kudeatzea ezinezkoa litzatekeelako». Baso horietako egurra salduta lortzen zuten dirua.

Oztopoak gaindituz

Zamalloak argi utzi nahi du diru hori ez dela inoiz baserriak eta jabego pribatua konpontzeko erabili. «Talde ondasunak konpontzeko eta auzo osoaren beharrizanetarako erabiltzen zen». Bideak konpondu, argindar sarea hedatu, telefono linea jarri, ura etxeetaraino eraman... Lan horietan guztietan kofradien finantzaketa egon da Iurretan.

Herria Durangoren menpe geratu zen 1926an. Orduan ere kofradiek bizirik jarraitu zuten, eta basoetako sailak eurenak izaten jarraitu zuten. Horren harira arazorik izan zuten Durangoko udal frankistarekin. Zamalloaren esanetan, alkateak gutuna bidali zion Bizkaiko gobernadore zibilari, esanez jaberik gabeko baso sailak zeudela herrian. Kofradiek jabetza agiriak aurkeztu zituzten. Bi aldeen arteko tirabirak hogei urte iraun zuen. Azkenean, lortu zuten akordioa. 1975ean Durangoko Udalak kofradien izaera onartu zuen, eta haien jabegokoak ziren lur sail publikoak kudeatzeko eskubidea aitortu zien.

Gaur egun diru gutxi dutela dio Zamalloak. Basoa landatu zutenetik ez da behar beste denbora igaro, eta 15 urte barru-edo egurra saldu ahal izango dutela uste dute. Dena den, argi dauka gaur egun haien diru ekarpenak laguntza moduan ulertu behar direla. Kasurako, azkenekoz egurra saldu zutenean lortutako dirua Santa Mañako kofradiarentzat asko izan zitekeen, berrehun biztanle baino ez dituelako. Iurretako erdiguneak osatzen duen kofradiak, berriz, ia 3.000.

Sei kofradien kudeaketa komunaz arduratzen da Zamalloa. Kofradietako bakoitzak bere kudeaketa bereizia ere badu. Sei kofradiaburuek eta haien ordezkoek aukeratzen dute, lau urtean behin, presidentea. «Nik ia ez daukat aginterik», dio Zamalloak. Batzar orokorretara deitu eta horietan berdinketa egonez gero, bere botoarekin hautsi: horixe da haren egiteko nagusia.

Urtero eman behar dute kontuen berri, bai kofradia bakoitzarena, bai guztien orokorra. «Jendea batzea oso zaila ikusten genuen. Hala sortu zen Kofradia Eguna. Iraileko bigarren igandean ospatzen dugu». Leixiar zelaian biltzen dira. Hildakoen omenezko mezaren ostean egiten dira bilerak. Jai giroan igarotzen dute eguna, dantza emanaldi, bertso saio, bazkari, erromeria eta guzti.

Kofradiek urtero egiten zituzten ospakizunetan dantzak sekulako garrantzia zuen. Hori aintzat hartuta, dantzari lotutako kofradia dute Beasainen.

Dantza, kofradiaren bihotza

I. M.

Bilbo

Ez da ohiko kofradia, baina horietan oinarritzen da. «Gure inguruan Ordizian geneukan Santanazaleen kofradia, Beasainen bertan San Martin santuaren kofradia, eta horrekin ikusten da dantzak kofradiekin bazuela lotura, dantza erabiltzen zutelako beraien ospakizunetarako », dio Mikel Sarriegik, Beasaingo Aurtzaka dantza taldekoak. «Guk dantzari eman diogu lehentasuna, ez dugu beste helbururik».

Kofradia forma eman diote, baina formalki ez dauka elkarte izaerarik. Kofradia izateak akta liburu bat izateko aukera ematen die, ospakizunak jasotzeko. Azken batean, kofradia sortzeko abiapuntua urtean behin dantzaren inguruan jai egun bat ospatzeko aitzakia dela dio. Hala sortu zuten Igartzako dantza kofradia Beasainen, 2007an. Urtero ospatzen dute harrezkero Kofradia Eguna.

Arraten (Eibar, Gipuzkoa) sortu zen horren antzeko lehen kofradia, eta hori izan zen Aurtzakoentzat inspirazio iturri. Halaber, Beasainen bertan, orain bost urte dantza taldearen 25. urteurrena ospatu zuten. Egun hartan ia hirurehun dantzari ohi bildu zituzten. «Horien artean bazegoen tartean behin ospakizunen bat egiteko gogoa. Dantza taldean aktibo jarraitu ezin zuen jendea, baina dantzari lotuta jarraitu nahi zutenak». Hala, dantza taldetik harago egongo zen zerbait sortu behar zuten. Beraz, Beasainen bertan dantzari izandako edonork parte har dezake kofradia horretan, eta ez dute inor konprometitzen dantza taldearen funtzionamendu barruan egon behar izatera.

Herrian dantza tradizio handia dutela dio. Umeen ezpata dantza, kasurako. «Eta aparte badaukagu dokumentatuta orain berrehun urte bazela ohitura inguruko herrietakoekin batera ezpata dantza dantzatzekoa, bisitari garrantzitsuei harrera egiteko». Horren inguruan protokolo oso bat dago jasota. Hori berreraiki nahi zuten, eta, horretarako, Igartzako multzo historikoa Kofradia Eguneko eszenatoki modura erabiltzea bururatu zitzaien. Igartzako kofradiaren atzetik antzeko beste elkarte batzuk ere sortu dira.

 

Dokumentuaren akzioak