Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Elkarren antipodetan

Dokumentuaren akzioak

Elkarren antipodetan

'Lorca, Dali, Buñuel. Aborigenak' / 'Txoriak'

Lekuak: Bilboko Pabiloi 6 aretoa eta Guggenheim museoko ataria. Datak: Martxoaren 11n eta 12an.
Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2017/03/14
Lotura
Berria

Espainiako hiru artista handiren bizitza txirikordatuak dira Lorca, Dali, Buñuel. Aborigenak antzezlaneko gai nagusia, eta izenburuak dakarren azpititulu bitxia hiruren jatorri komunetik omen dator, beren burua errealitatearen antipodetako aborigenak jotzen baitzuten.

Bilboko Pabilioi 6ra hurbildu gara aurtengo Loraldia jaialdiaren lan hau ikustera, eta sorpresa txiki bat hartu dugu ikustean obrak baduela bere gaztelaniazko bertsioa ere, baina ez da harritzekoa, hiru hilabetez gaztelaniaz entseatu ostean. Hala ere, laugarren hilabetean euskaraz jardun dute, hizkuntza horretan estreinatu baita Loraldia festibalaren barruan. Meritu handia inondik inora, batez ere kontuan izanda Lorcaren jatorrizko testuek daukaten zailtasuna eta esaldi artifiziotsuen ugaritasun ikaragarria.

Aurtengo Loraldiaren edizioan lau aldiz agertuko da Patxo Telleriaren izena emanaldietako fitxa teknikoetan, eta obra honetan Lorca euskaratzearen ohorea egokitu zaio. Euskararen erabileran, txukun eta gogotsu aritu dira antzezleak —beste arlo guztietan ere bai—, baina argi dago haietariko batzuek ez dutela inoiz zaindu asalchen eta bisichen bezalako ebakera itsusiak.

Bestetik, inork ez du sinatu Lorcaren jatorrizko testu zatien muntaketa, joste lan hori erabakigarria izan arren eszenaratze honen planteamenduan. Suposatzekoa da Felipe Loza izan dela lan horren arduraduna, harenak izan baitira dramaturgia eta zuzendaritza, baina ezin dugu segurtasun osoz esan. Hain zuzen ere, dramaturgia hiperdinamikoa izan da muntaiaren ezaugarri nagusia, eta arlo horretan nabarmenduko ditugu koreografia ugariak, gai birziklatuekin egindako atrezzo irudimentsua, irudi proiektatuen kalitatea, espainiar abestiei emandako garrantzia —zuzenean jotako pianoa lagun— eta, beste ezeren gainetik, Lorcaren pertsonaia heldua bere bizitzako hiru arotako doble banarekin batera agertu izana. Hala ere, esandako baliabideak santu baten pazientzia ere ahitu arte errepikatu dira, eta nire irudipena da dantza, kantu eta interpretazio orduetako emaitzen erakustaldia egin nahi izan dutela.

Gutariko edonork dakienez, oso gai ezaguna da hiru sortzaileena. Nik dakidala behintzat, metraje luzeko film bat, liburu potolo bat eta antzezlan bat egin dira haien inguruan, eta oraingoa aurrekoen bide biografiko beretik ibili da, ekarpen berezirik egin gabe baina homosexualitateak batzuengan sortzen duen morboa neurrigabe nabarmenduz. Horri gehitzen badiogu emanaldiaren eskandaluzko luzera —arratsaldeko zortzietan sartu ginen eta ia gaueko hamaikak zirela irten— ulertuko dugu hurrengo baterako birpentsatu behar direla horrelako lanek Loraldian hartu behar duten presentzia.

Lan horren antipodetara joanda, Dantzaz konpainiaren Txoriak ikusi dugu jaialdiaren lehen igandean Guggenheim barruko atarian, ikusle asko eta asko beren-beregi bertaratuak zirela. Josu Mujikaren koreografia honi buruzko iruzkina Lekeitioko Isuntza hondartzan estreinatu zenean egin nuen, 2014an, baina uste dut museoko hormen artean eman izanak Loraldiaren xede nagusia betetzen duela. Horrek esan nahi du nazioarteko ikusleen aurrean eman dela gure Dantza Konpainia Nazionala izan beharko zenaren lan eder bat, eta proiekzio-puntu garrantzitsu batean jarri direla Sarrionandiaren eta Atxagaren pentsamendu poetikoa, Mikel Laboaren ahots paregabea eta Iñaki Salvadorren musika bikaina.

Dokumentuaren akzioak