Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Elkarlanean-ek Faustin Bentaberriren jauziak eta Etorki taldearen kantuak kaleratu ditu

Dokumentuaren akzioak

Elkarlanean-ek Faustin Bentaberriren jauziak eta Etorki taldearen kantuak kaleratu ditu

Egilea
Nora Arbelbide
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Baiona
Mota
Albistea
Data
2001/12/11

Azpizigilu berriaren abiapuntuak dira hiru konpaktuak, hain zuzen. Sail berri bat hasi dute.

Izan ere, Oro izena eman diote molde guzietako musikak baitituzte ekoitziko zigiluaren pean. Beti, Ipar Euskal Herriko eskaera bereziari erantzuten entseatuko dira, Peio Ospital Elkarlanean-eko musika saileko kideak esplikatu zuenez. Helburu horretan sartzen da garbiki Faustin Bentaberri, Anaban deitu diskoa, Hiriburuko (Lapurdi) Leinua txarangak grabatu duena.

«Iparraldean euskal dantzek gero eta jende gehiago interesatzen dituzte. Disko baten ateratzea egokia atzematen genuen. Hegoaldean oraino ezagutzen ez den galdera horri erantzun nahi genion».

Konpaktu horren egiteko, Faustin Bentaberri kabalkadak sortu eta hainbat musika zati asmatu dituen garaztarraren eres zatiak bildu dituzte.

Bentaberriren jauziak molde berezian jarriak

Bilketaz gain, Leinua Txarangak molde berri batean jarri ditu jauziak. «Batetik, egin dugun instrumentu nahasketa bereziaren bidez, eta, bestetik, ezohikoa den moldaketa bati lotu gatzaizkio», esplikatu zuen Patrick Larraldek, txaranga zuzendu duen musikariak. Horri esker, Mutxikoak, Euskaldunak, Sorginak, Lapurtarrak, Ainhoarrak eta beste zortzi jauziek soinu berri batekin entzuten ahal dira diskoan.

Betiere herri kulturaren sailean baina gehiago kantuari begira, Etorkiren konpaktua kaleratu du Elkarlanean-ek. 1954tik 1984a arte kantuz ari izan zen abesbatzak grabatu bi biniliozko diskoetatik dituzte kantuak hartu, berriz grabatu gabe.

Euskalduna naiz eta, Goizian argi hastian, Ardo gorri naparra eta beste hainbat kantu entzun daitezke Etorki abesabatzaren ahotik. Artean zati bereziak ere badaude. Euskal Urrats zatia, organoa eta txistua elkarrekin jotzen dutena, adibidez. Garaiko hamalau kantuak etorkizunean ere entzuteko aukera eman nahi izan dute konpaktuarekin, hain zuzen.

Bestalde, nolaz ez, Eguberri garai hauetan Eguberriko euskal kantuei leku bat eman diete. Hainbat boz miresgarri bildu dituzte, hain zuzen, Eguberriko Euskal Kantak konpaktuan. Andra Mari abesbatzaren Oi Betleem, Txomin Artola eta Amaia Zubiriaren Aintza zeruan, Enrike Zelaia eta Xirula Mirularen musika zatiak entzun daitezke, besteak beste.

Dokumentuaren akzioak