Dokumentuaren akzioak
«Elkar zainduz gozatzea dugu helburu; dantzatu, mugitu eta aktibatzea»
Herri mugimenduak izurritean eginiko lana aitortzea eta haren energia pizgarri izatea helburu, Que no nos quiten lo bailao! egitasmoa egingo dute bihar Gasteizen. Bittor Abasolo (Gasteiz, 1991) eta Izaro Arbe (Gasteiz, 1993) dira antolatzaileetako bi.
Lehenengo eta behin: nondik dator hau sortzeko ideia?
BITTOR ABASOLO: Udazkenean hasi ginen gaiari buelta batzuk ematen, batik bat herri mugimenduan aritzen garenok, ez baikara kolektibo bat. Nabaritzen genuen kalean eta herri mugimenduan, orokorrean, tristezia eta frustrazioa zeudela, eta izurriteak eragindako egoera luzatzen ari zela. Gure kezketatik abiatu ginen.
IZARO ARBE: Ideia garatuz joan gara pixkanaka, eta inprobisatu egin dugu, jakin gabe zer utziko ziguten egiten eta zer ez. Horrela eman diogu forma egitasmoari.
Eta zein helburu ezarri dituzue?
B.A.: Hiru puntu aipatuko genituzke. Batetik, herri mugimenduak krisi honetan orain arte egindako lanaren aitortza egin nahi genuen. Bestetik, gobernuek eta bestelako instituzioek egindako kudeaketa kritikatu nahi genuen, beste behin kapitala lehenetsi dutelako. Azkenik, aldarrikatu nahi dugu gai garela egun bat jartzeko guretzat, kaleetan elkartzeko, eta gozatzeko, osasuna lehenetsita. Dantzatzen duen herria ez da inoiz hilko.
I.A.: Azpimarratu nahi dugu ez dugula egoeraren larritasuna ukatzen, eta krisi honek sortutako ondorioak konpontzen saiatzen garen herritarrak garela.
Que no nos quiten lo bailao! leloa hautatu duzue. Zergatik?
B.A.: Garai batean hasi ziren esaten ezin zela abestu, ezin zela dantzatu, eta dantzatzea zerbait errebeldea edo iraultzailea zela zirudien. Alde batetik, hori aldarrikatu nahi genuen, eta, bestetik, esamoldeak erreferentzia egiten dio orain arte herri mugimenduak eta herritarrek lortutakoari. Ikusi dugu birusaren ondorioz atzerapauso batzuk egon direla, eta gobernuek aukera baliatu dutela lorpen horiek indargabetzeko, baina aitortza bat egin nahi dugu: eutsi diezaiogun orain arte lortutakoari, eta joan gaitezen harago.
Instituzioek arduragabekeriaz jokatu dutela ere salatu duzue.
B.A.: Herritarren eskuetan utzi dute ia guztia, eta, zenbaitetan, haiek bihurtu dituzte errudun. Areago, sektore jakin batzuetan zentratu dira, hala nola gazteetan eta etorkinetan. Ikusi dugu nola ekonomia eta kapitala jarri dituzten bizitzaren aurretik beste behin, eta horri egin nahi genion kritika. Kaleak hustu diren honetan, kaleak berreskuratzeko deia egin nahi genuen.
Biharko mobilizazioa izango da horretarako bide bat.
I.A.: Manifestazioa izango da ekintza indartsuena. San Anton plazatik abiatuko da 13:00etan, musikarekin, dantzarekin eta beste hainbeste sorpresarekin. Baina egun osoan zortzi gune ere egongo dira, gune bakoitzean sektore bat baino gehiago biltzeko asmoz. Hain zuzen, adierazi nahi dugu jolas egiten, okupatzen, ereiten, antzezten eta elkartasuna adierazten duen herria, errebeldea eta ahazten ez duena, ez dela inoiz hilko. Eta kaleak bizikletaz ere hartuko dira, gune guztietan barrena buelta bat emateko.
Bideo bat eta abesti bat ere egin dituzue; baita dantza bat ere.
I.A.: Bai, eta oihartzuna izan du, espero baino handiagoa. Gainera, bideoko eta abestiko ideia oso gasteiztarra da, umore patateroa. Eta badu antzekotasun bat orain arte egindako ekinaldiekin ere, besteak beste, Gora Gasteiz-ekin.
B.A.: Kantak, gainera, ondo jasotzen ditu gehiengoak dauzkan sentsazioak, baita jendearen ideiak, gogoak eta nahiak ere, eta jende askorekin konektatu du. Dantza bat ere prestatu dugu, eta abestiarekin batera egitea da asmoa, baina badakigu Gasteizen behintzat ez dugula egiten dantza askorik. Jendea animatu dadin nahi dugu. Dantzatzea, mugitzea, eta, batez ere, aktibatzea nahi dugu: elkar zainduz gozatzea dugu helburu, herri mugimendua oraindik ere osasuntsu dagoelako, eta zeregin asko ditugulako.
Gerora izango al du jarraipenik?
I.A.: Gure asmoa da energia pixka bat ematea herri mugimenduari, elkarrekin ospatzeko eta gozatzeko, eta hemendik aurrera ere lanean jarraitzea. Ez dakigu zer sortuko den, baina interesgarria iruditzen zaigu horrelako egun bat antolatzea. Dinamika hor dago, eta ideiak ere hor daude.
B.A.: Erakutsi nahi genuen gu ere, herri mugimendu moduan, gai garela gauzak egiteko, inork ezer esan gabe, eta ari garela gauzak egiten, elkar zainduz eta gozatuz. Ideia garrantzitsua da hori.
Dokumentuaren akzioak