Dokumentuaren akzioak
'Elizabeth I, The Last Dance' berrituta ekarriko du Lindsay Kempek Donostiara
Ikuskizun hau Viktoria Eugenian estreinatuko du haren konpainiak ekainaren 28an
Lindsay Kemp berak (Liverpool, Ingalaterra, 1938) jokatuko du Elizabeth erreginaren rola. Kempen arabera, Elizabeth erreginak bere burua «gizonaren rola betetzen duen emakumetzat» zuela, eta «genero arteko muga hori gainditzea» izan zen rol hori betetzera bultzatu zuen motibo bat. Kempek aitortzen duenez, Elizabeth erregina miresteko arrazoia bere haurtzaroan aurkitzen du, South Shieldsen bizi zirela amak Errol Flynn eta Bette Davisek protagonizatzen zuten The Private Lifes of Elizabeth and Essex filma ikustera eraman zuenean. «Oso behartsua zen Ingalaterrako iparrekialdean bizi nintzen, guda garaian zer esanik ez, eta film hartan agertzen ziren jantzi eta bitxiek txundituta utzi ninduten». Kempek argi zuen nola iritsi zitekeen horrelakoa izatera. «Nire bizitza grisa atzean utzi nahi nuen eta mundu horretan bizitzeko banekien interpretatu egin behar nuela. Eta hemen nago». Kempek bere konpainia sortu zuen pasa den mendeko 60. hamarkadan. Paradoxikoki, konpainia horri ospe handiena eman dioten pertsonak Kate Bush jantzien arduraduna eta David Bowie -aktore izan zen- izan dira. 1972an honen Ziggy Stardust kontzertuen antzerki zuzendaria izan zen Kemp.
Elizabeth I, The Last Dance bi urtez egon da tauletatik kanpo eta denbora horretan Kempek obraren inguruan hausnartzeko beta eduki du. Aldaketak egin ditu antzezlanean, eszena batzuk kenduz eta beste batzuk sartuz. Erreginak atseden hartu duen bitartean, Kemp opera egiten aritu da baina berriro ere agertokietan Elizabethen papera egiteko grina piztu zitzaion. «Erregina fisikoki ez zegoen eszenatokian baina bere oinek egoteko gogoa zuten» dio Kempek. Izenburuari dagokionez, ingelesek duten berezko umore horrekin, Kempek dio «espero dut nire azkeneko dantza ez izatea Donostiakoa».
«EMAKUME TXUNDIGARRIA». Elizabeth I, The Last Dance-n erreginaren azken egunak agertzen dira. Kempen arabera, Elizabeth I-ak «heriotzatik urruntzeko dantza egiten zuen». Autoreak berak ikuskizuna «ohiz kanpokotzat» jotzen du. Obraren lehen eskenan, ordea, erregina gelditua agertzen da, heriotzaren atarian, dantzan egin ezinik. Flash back-en bitartez bere bizitzako hainbat pasarte agertzen dira.
Elizabeth I.a 45 urtez egon zen agintean. Maitale asko izan zituen, horien artean Robert Dudley Leicestergo Kondea edo erregina baino 30 urte gazteago zen Robert Devereaux Essexko kondea. Ezkongabe estatusak birginitate aura bat eraiki zuen erreginaren inguruan, eta garaian Gloriana izenez ezagutzen zuten. Bere bizitza pertsonalaz gain, garaiko gerren eszenak agertzen dira obran, beste film batzuetako irudiak ekartzen dituztelarik gogora. «Espainiako Armada Garaitezinarekin izandako afera diplomatikoen eszenak», dio Kempek ironiaz, «piraten filmen antza daukate».
Nahiz eta erreginaren agindupean gudetan parte hartu, aktore ingelesak dio «gerran baino, kulturan eta soinekoetan xahutzen zuen dirua. Horrek txunditzen nau gehienbat».
TALDE ESPERIENTZIADUNA. Lindsay Kempez gain, beste hainbat aktorek parte hartzen dute obran. Essexko kondearen rola betetzen du Tom Wardek eta Leicesterko dukearena, berriz, David Haughtonek. 1974tik aurrera Lindsay Kempek taularatu dituen obra guztietan bere izena agertzen da. Aktore bezala 60tik pelikula baino gehiagotan hartu du parte eta zuzendari lanetan ere ibilbide oparoa egin du.
Jantziak, berriz, Sandy Powellen ardurapean egongo dira. Powellek bi Oscar sari irabazi ditu: 1999an Shakespeare in Love filmarengatik eta 2005an Aviator-engatik. Beste lautan egon da hautagaien artean. Musika Carlos Mirandak sortu du. Esperientzia handiko musikagile honek 20 urte baino gehiago daramatza Kempekin kolaboratzen. Elizabeth I, The Last Dance honetarako saltsa eta errunbak ere konposatu ditu, ohiko musikaz gain.
Linsday Kemp and Company-k ekainaren 28an eta 29an eskainiko du Elizabeth I, The Last Dance Kempen arabera «munduko antzokirik ederrenetakoa» den Donostiako Viktoria Eugenian. Larunbateko saioa 20:00etan eta igandekoa, berriz, 19:30ean.
Dokumentuaren akzioak