Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka EliralE dantza konpainiak "H." azken lana estreinatuko du, bihar, Saran

Dokumentuaren akzioak

EliralE dantza konpainiak "H." azken lana estreinatuko du, bihar, Saran

"Gure hutsuneek betetzen gaituztelako H.-k gure gizatasunaz hitz egiten digu", hitz horiekin azaldu du Pantxika Telleria koreografoak ostiralean estreinatuko duten lanaren muina. Ur Apalategiren "Beste Bizitza" eleberrian eta Amaia Hennebutte-Millarden "Himalayajavakaputazidiburrina" ipuinean oinarritu da koreografoa ostiralean Saran aurkeztuko den lana sortzeko.
Komunikabidea
Kazeta.info
Mota
Albistea
Data
2013/01/17
Lotura
Kazeta.info

Bi obra literariok osatu dute EliralE konpainiaren azken dantzaren oinarria. Biak Pantxika Telleria koreografoaren ingurumenaren parte dira: "Amaiaren liburuko haurraren istorioa eta Urek idatzi duen lana digeritzeko zailak dira eta horregatik landu ditut".

Ur Apalategiren "Beste bizitza" obra bikotearen inguruan mintzatzen da, mugak eta baliabideak erakutsiz zoritxarraren aitzinean. Telleriak honakoa adierazi du lan honi buruz: "Gure bikote bizitzako momentu bat deskribatzen du, eta nik berriz pilota berbidali diot. Bizitzako momentu zailenak gainditu egin behar dira bizitza politagoa izan dadin".

Amaia Hennebutte-Millarden idatziari buruz, koreografoak honakoa aipatu du: "Amaiak aipatzen duen gizatasunean ikusten da beti elkarrekin bagara ere beti bakarrik gaudela, eta hori da elkartzen gaituen bakarra".

Hennebutte-Millarden ipuinak, bi urtez gordeta izan eta gero, "bigarren bizitza" bat izan du "H."-ri esker, Telleriak erabiliko zuela-eta, argitaratu egin baita. "Domaia iruditu zitzaidan liburuari buruzko espektakulua izatea eta euskarririk ez. Pantxikak plakarretik ateratzea eskatu zidan eta Paxkal Indok, editatu eta publikatu egin du, erraza ez bazen ere", azaldu du idazleak.

Kristof Hiriart musikaria
"Esperientziak gure taldean mugimendu anitz aldatu ditu, kartak aldatu ditu. Aski galduak izan gara, eta behingoz erditze ez erraz baten aitzinean ginen. Elkarlan luzea izan da, kide guztien ekarpenekin osatua". Kristof Hiriart musikariaren kasua jarri du adibide koreografoak: "Haize berria ekarri digu, eta etorkizunean ere berarekin kolaboratzen jarraituko dugu".

Kolaborazio horren ondorioz musika melodiko oso gutxi du ikuskizunak. Soinu gehiena antzezleek beraiek egina dela azaldu zuen Jose Cazaubon dantzariak: "Musikaren gehiengoa guk sortzen dugu, gure pauso, arnasa, gorputz edo kantuekin. Oso aldakorra da, musikarik gabe dantzatzen dugu elkarrekin goazen edo ez entzuten" .

Dantzariak telefono kabina baten tamainako hiru kutxei helduta mugitzen dira agertokian, ikusleria inguruan dutela. Arka moduko horiek ikuskizunean duten esanahiaren interpretazioa "H."-k taldean eragin duen sormen aniztasunaren ispilu da. Kutxek irudikatzen dutena definitzeko momentuan kide bakoitzak bere "`H'-utsunearen" isla eman zuen: ateak, kaiolak, pasadizioak mugak, presondegiak, bideak, norberaren mugak... "Barnetasuna, kanpoan dagoenarekin aurkitu, nahi duguna eta eramaten duguna", azaldu zuen Joselu Berasategi dantzariak bere "H."-ri buruz.

Lan honi ikusleriak egingo dion harrerari buruz ere iritzi ezberdinak daude taldean, baina Hego Lapurdi hiri elkargoak antolatu dituen zazpi emanaldietan hasiko da erantzuna argitzen. "Haurrek nola erantzuten duten ikusi beharko dugu", adierazi du Telleriak.

Dokumentuaren akzioak