Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Eleuterio Tapiak bi bihotzekin funtzionatzen zuen; bata trikitiarentzat, eta, bestea, herri kirolentzat»

Dokumentuaren akzioak

«Eleuterio Tapiak bi bihotzekin funtzionatzen zuen; bata trikitiarentzat, eta, bestea, herri kirolentzat»

Juan Tapia eta Joxean Agirre «Eleuterio Tapia. Bera zen festa» liburuaz

Asteasuko Mutegia baserrian jaioa, Eleuterio Tapia (1926-1988) memoria kolektibotik liburu batera ekarri dute. Apartekoa zen, trikitian eta herri kiroletan.
Egilea
Amagoia Mujika Telleria
Komunikabidea
Naiz
Mota
Elkarrizketa
Data
2018/12/01
Lotura
Naiz

Eleuterio Tapia Amenabar 1926ko irailaren 26an jaio zen Asteasuko Mutegia baserrian eta 1988ko irailaren 18an hil zen. Apartekoa izan zen, bai trikiti munduan eta baita herri kiroletan ere. Puntako segalaria zen eta kirolari asko entrenatzen ere jardun zuen. Horregatik ez ezik, berezkoa zuen jendetasunagatik, trikitia ulertzeko zuen modu profesionalagatik eta bide asko irekitzen aritu zelako pasatu da memoria kolektibora. Memoriak, baina, zirrikituak izaten ditu eta Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak beharrezko ikusi du Eleuterio Tapiaren bizitza liburu batean ondo jasoa uztea. Joxean Agirre idazle eta kazetariari egin dio enkargua eta emaitza gaur aurkeztuko dute, Asteasun. “Eleuterio Tapia. Bera zen festa” liburuak garai baten kronika bizia jaso du.

1201_tapia1

Mutegia baserrian, dena hasi zen tokian, elkartu gara Joxean Agirre liburuaren egilearekin eta Juan Tapiarekin eta Anastasia Arzallusekin, hurrenez hurren Eleuterioren semea eta alarguna. Aspaldi joan zen Eleuterio, baina Mutegian segitzen du.

Aitari buruzko liburua eskuan, nola sentitzen zarete?

[Juan Tapia] Sekulako poza hartu nuen aitari buruzko liburua ateratzeko erabakia hartu zutenean. Uste dut behar zuela, bere garaian gizon garrantzitsua izan zelako. Aitaren bizitza eta ibilerak jasota geratzea oso garrantzitsua da niretzat. Gainera, oso-oso pozik nago emaitzarekin, uste dut Joxeanek oso egoki jaso duela guk kontatutako guztia. Oso lan samurra iruditzen zait, benetan gustura nago.

[Joxean Agirre] Egia da erraza izan dela. Lagunak egin gara, konektatu egin dugu eta niretzat oso erraza izan da. Eleuterioren ingurukoekin hitz egitera joan eta maila handiko jendearekin topo egin dut; seme-alabak, alarguna, anai-arrebak, herri kirolen munduan berekin ibilitakoak... Denekin luze hitz egiteko gogoa ematen zuen.

Eleuterio Tapia trikitilaria eta segalaria zen.

[J.T.] Bai, aita segalaria zen batez ere. Soinua izugarri maite zuen, horren zalantzarik ez daukat, baina bere benetako pasioa kirola zen, herri kirolen mundua. Baina bera, kirolari bezala, segalaria zen.

[J. A.] Hori, adibidez, oso puntu garrantzitsua da; zer zen gehiago, bata edo bestea? Luisek, Eleuterioaren anaiak, esaten du biak maite zituela. Juanek, berriz, garbi dauka aukera eman baliote, sega aukeratuko zuela. Baina bizitzaz ikuspegi praktikoa zuen, trikitiari buruzko ikuspegi profesionala zuen eta hortik dirua ateratzen zela ikusten zuen. Eskolak ematen ere aitzindaria izan zen, Elgetarekin batera, ikusi zuelako hor bazegoela bizimodua ateratzeko modu bat. Aparte, sekulako abilidadea zuen soinuarekin eta ikasleekin ere ona izango zen seguru.

Kirolari bezala ere gaitasun bereziak zituen.

[J.T.] Bai, bitxia da behin, apustu bat egin zuela-eta, medikuarengana joan zela osasunez nola zegoen ikusteko. Mediku hark esan zion ez zegoela behar adina prestatuta, baina gaitasun handia zuela kirolerako. Pultsazio bikainak zituen. Ez zen oso handia, baina gihartsua zen eta kirolerako asko balio zuen. Nire irudipena da iritsi zen tokira iritsi zela bere buruarekin oso exijentea zelako. Segan zebilela, bazekien ahal zuen guztia egin behar zuela gora iristeko, eta hala egiten zuen.

Lehiakorra zelako.

[J.T.] Zeharo.

[J.A.] Eleuterio Tapiari buruzko liburuaren enkargua jaso nuenean, nik nekiena zen bi gauzak izan zela, trikitilaria eta segalaria. Orduan pentsatu nuen liburua bi partetan egin beharko genuela. Juanekin elkartu eta lehen egunean bertan konturatu ginen ez zegoela bereizketarik Eleuterioren figuran, baserri munduko kultura hartan dena zela abiadura, izerdia, dantza, sasoia... bere jotzeko modua ere erdi kirolekoa zela. Bere diskoa entzuten hasita, ez zegoen metronomorik eta ezer, baina oso-oso azkar jotzen zuen. «Hori dantzan egin daiteke?», pentsatu izan dut askotan.

[J.T.] Orduko joera hori zen. Txapelketa batean Sakabik berak galdetu zion: «Kontua zer da, zeinek azkarrago jo?». Arin jo behar zen, azkar... toki askotan dantzariek ere trikitilari jakinak eskatzen zituzten, luzitzeko.

Eskolak ematen zituen, Usurbilgo Kale Zaharrean eta etxean bertan, Mutegian. Berak trikitia lana bezala ikusten zuen.

[J.T.] Bai, hori zen bere ikuspegia. Fabrika batean ere hasi zen, baina hura ez zen beretzat. Niri askotan esaten zidan behi pare batekin eta trikiti eskolak emanez aterako nuela bizimodua aurrera. 1975. urtetik aurrera, modu serioagoan hasi zen eskolak ematen. Nik beti ezagutu izan dut etxean bere ikasleen joan-etorria. Eta bera ere joaten zen etxe batzuetara eskolak ematera.

Aitak bazuen aurrera begirako ikuspegi bat. Ni eta anaia behartu egin gintuen solfeoa ikastera. Berak pena zeukan, ez zekielako partitura bat irakurtzen. Eta gu solfeoa ikastera behartu gintuen. Bazeukan intuizio berezia.

Kanpotik begiratuta, kontrakoak diren bi mutur sumatzen dira bere izaeran. Musikaren sentsibilitatea eta herri kirolen gogortasuna.

[J.T.] Aitak moldatzeko gaitasun izugarria zeukan. Jenio bizikoa zen, baina ikasle batekin zegoenean, sekulako pazientzia izaten zuen. Adibidez, etxeko egongelan ikasle bat bazegoen, sukaldetik babarrun ale eskukada bat eramaten zuen. Mahaiaren gainean jarri eta esaten zion, «pieza hau jotzen duan bakoitzean, kendu ezak ale bat sorta horretatik. Horiek denak bukatu arte, ez altxa hemendik». Bazekien segalariak nola entrenatu, gogorretik askotan. Eta bazekien ikasleekin askoz era samurragoan aritzen. Transformatu egiten zen, intuizioz.

[J.A.] Nik uste dut Eleuteriok bi bihotzekin funtzionatzen zuela: bata trikitiarentzat zuen, bestea herri kirolentzat.

Mendiko erromeriak eta txapelketa garaiak bizi izan zituen. Trikitiaren aro modernora etorri zen. Baina ez zuen grabaziorik utzi.

[J.T.] Nik aitarekin harreman handia izan nuen, orduak eta orduak ematen genituen elkarrekin. Berak bazekien adinean aurrera zihoala eta grabaketek errespetua ematen zioten. «Grabaketak hor geratzen dituk eta benetakoa ez den nire irudia geratuko duk», esaten zidan. Nolabait, bazekien bere urte onenak pasatuak zirela eta ez zuen grabaziorik utzi nahi, nahiago zuen jendeak bera gogoratzea, oroimenean geratzea, eta ez grabatuta. Arrate Irratitik askotan deitzen zuten etxera eta esaten zioten grabatzera joateko. Nik hartzen nuen askotan telefonoa. Aitari esan eta beti hurrengorako uzten zuen.

[J.A.] Bere anaia Juanitok grabazioak egiten zituen eta berari ere sortu zitzaion orduan grabatzeko gogoa.

Baina bere diskorik ez da iritsi gaurdaino.

[J.T.] Diskoa grabatzera zihoan, Landakandarekin. Dena prestatuta zeukan, piezak prestatuta, letra batzuk egiten aritu zen... eta Bartzelonara joatekoak ziren. Joan bezperatan, sekulako istripua izan zuen segadorarekin eta hatza zauritu zuen. Luze egon zen hatza sendatzen. Eta geroztik, ja ez zuen grabaziorik egin nahi izan. Baina dena prest-prest zeukan Bartzelonara grabatzera joateko, eta istripua gertatu.

Txapelketako grabazioak badaude eta baita Loiola Irratiko baten bat, baina diskorik ez.

Juanito Tapia aipatu duzue, Eleuterioren anaia. Oso gazterik hil zen auto istripu batean.

[J.T.] Osaba Juanitok ikaragarri jotzen zuen soinua. Bazuen ukitu oso berezia, bere-berea, kopiatzen ezinezkoa zena. Fama izugarria zeukan Juanitok. Horrez gain, txantxa zale amorratua zen. Kirolean gure aita ibili zen batez ere, baina Juanito ere korrika izugarria omen zen.

[J.A.] Liburua egiteko Juanitoren bi semeekin egon nintzen eta sekulako ilusioa egin zien. Familia guztiak izan zuen auto istripu larria eta Juanito bera eta semeetako bat hil ziren. Gogorra izan zen hura. Juanitoren bi semeak ere izugarri kirolariak dira, gaitasun hori jaso dute.

Liburuan kontatzen denez, Eleuterio Tapiak ohitura zuen gaixorik zeuden senideengana joan, ondoan jarri eta soinua jotzeko.

[J.A.] Bada eszena bat oso polita liburuan. Juanitori sugeak koska egin zion eta ohean egon behar izan zuen luze. Eleuteriok ohe ondoan jarri eta soinua jotzen zion. Horrela zeudela, koplatako doinu bat jotzeko eskatu zion Eleuteriori, eta honi atera ez. Orduan Juanitok berak soinua hartu eta goitik behera jo zuen doinu hori. Hori baino lehen Eleuteriok ez omen zion uzten soinua jotzen. Geroztik, nahi zuenean bere soinua hartzeko baimena eman zion.

Zer da musika Mutegia baserrian?

[J.T.] Guri musika betidanik gustatu izan zaigu, baina errespetuz tratatu izan dugu beti etxean. Nik musika barrutik sentitzen nuen, baina errespetua ematen zidan. Askok pentsatuko zuen Mutegian beti zela musika eta parranda eta ez zen horrela, musika beti serio hartzen genuen. Egitekotan, ondo egin behar zela sentitzen genuen. Baina egia da, era berean, musikak festa zekarrela. Etxeko sukaldean edozein unetan izaten zen festa hori; aita soinua jotzen, arrebak kantuan...

Plazaz plaza sekulako ibilia egin zuen. Edozein herritako festetara joan eta hurrengo urterako hitzordua eginda etortzen zen.

[J.T.] Garai hartan ez zen gaur adinako trikitilaririk, oso bakanak ziren trikitilariak. Aitak bazuen estatus bat. Toki askotan garaiko trikitilari onena nahi zuten eta Eleuterio eramaten zuten. Toki batzuetan, gainera, aitak libre noiz zeukan arabera jartzen zituzten festetako egunak. Horraino iristen ziren toki batzuetan.

[J.A.] Trikitilari bikaina zen, baina ez zuten horregatik bakarrik deitzen. Oholtzatik jaisten zenean, jendearekin egoten zekien, batekin eta bestearekin hizketan, pasadizoak kontatzen... Jendetasun berezi bat zuen eta horregatik ere deitzen zioten.

[J.T.] Aurreko batean Donostiako txistulari batek aitaren pasadizo bat kontatu zidan. Soinua jotzen hasi eta inor dantzan ez zela hasten ikusita, bera hasi omen zen dantzan, soinua jotzen zuen bitartean. Egia da aitak bazuela jendearekin konektatzeko gaitasun berezia. Berak beti esaten zidan, soinua jotzen hasi aurretik plazara begiratzeko, ea zer jende klase zegoen. Eta gero ere adi egoteko, zein abestirekin mugitzen zen gehiago jendea. Jendeak dantza egiten ez bazuen, igoal txiste bat kontatzen zuen edo bertsoren bat bota. Bazekien momentu bakoitzean zer egin behar zuen. Soinu jotzaile ona zen baina, gainera, bazekien momentu bakoitzean zer eskaini plazari.

Herri kirolen munduan oso ezaguna zen. Norbaitek apustua egiten zuenean, Mutegira joaten omen zen Eleuteriorengana, egindako apustua ondo eginda ote zegoen.

[J.A.] Bai, alabek kontatzen dute baserri kanpoaldean askotan egoten zirela aita noiz etorriko zain, halako apustua egin eta haren iritzia jakiteko. Intuizio oso ona omen zuen eta normalean asmatu egiten zuen nork irabaziko zuen.

[J.T.] Bazeukan fama bat. Eta kirolari batekin joaten zenean, hark normalean lan ona egiten zuen. Pisu hori bazeukan. Aita joaten bazen, errespetua jartzen zuen eta ja apustua desorekatu egiten zen bere presentziarekin bakarrik. Behin diru mordoa eskaini omen zioten apustu bat gal zezan. Aitak, ordea, ez zekien galtzen ezta karta jokoan ere.

Haurra nintzela, Mutegian apustua egiten zutenak prestatzen aritzen zen aita. Beti bazen norbait. Entrenamendua hasterako, aitak esaten zidan, «Juan, emaiok buelta korrika baserriari». Eta nik buelta ematerako hiruzpalau ateratzen ziren korrika, ezkutuan entrenamendua ikustera etorritako arerioak. Gure etxean mundu bat zen beti.

1983. urtean Guardia Zibilak atxilo eraman eta bost egun oso gogor pasatu zituen Intxaurrondon. Geroztik ez omen zen bera izan.

[J.T.] Atxilotu zutenean ni ez nengoen etxean, soldadu nengoen. Gure aita ez zen batere politikoa. Bozkatu beti egiten zuen, baina ez zigun esaten nori. Akordatzen naiz alderdiek etxera bidaltzen zituzten hiru bat sobre hartu eta joaten zela bozkatzera. «Ez duzue jakingo nori ematen diodan», esaten zigun txantxetan.

Intxaurrondon pasa zuena ez zuen inoiz kontatzen, baina badakigu latza izan zela. Aita ez zen gehiago lehengora bueltatu. Gero gaixotu egin zen eta makal eman zituen azken urteak.

Atxilotu eta gero, egun batean “Interviú” aldizkarikoak etorri ziren etxera, aitarekin hitz egin nahi zutela. Bera sukaldean zegoen, sartu nintzen eta aipatu nion nola etorri ziren, eta ez zuela hitz egin nahi esan zidan. Etorri bezala joan ziren, baina argitaratu zuten aitaren atxiloketaren albiste hura. Horretan, aitak esan zidan berak bizirik zen artean ez zuela gertaera horri buruz ezer esatea nahi. Hiltzen zenean, nahi genuena egiteko. Oso-oso gaizki pasatu zuen eta beldurtuta zegoen.

Gero “akats” bat izan zela esan zuten.

ANASTASIA ARZALLUS, Eleuterio Tapiaren alarguna

«Beste batekin motoan ibiltzen zen, hura gidatzen eta Eleuterio atzeraka begira soinua jotzen»

«Soinu jotzen ezagutu nuen, Errezilen. Hilean behin arratsaldetan soinua izaten zen, trikitilari sonatuak etortzen ziren. Behin Eleuterio etorri zen. Asteasukoa zela eta oso mutil polita zela, hala entzun nuen. Ni dantzaria nintzen, soinua entzun orduko dantzan hasten nintzen. Orain ere, soinua entzunez gero, nolako grina. Eta ezin dantzan egin orain. Begia elkarri bota genion, baina orduan nire ama hil zen eta bi urtean lutoan egon behar izan nuen, erromeriara joan gabe. Ama oso momentu zelebrean hil zen. Aita eta biak aritu ziren soroan babarruna biltzen. Aitak zestoan zekartzan bildutako babarrunak eta amak mantalean. Aita ganbarara ailegatu, babarrunak zabaldu eta ama falta zela konturatu zen. Joan zen haren bila eta nobedadea eginda –zorabiatuta– zegoen etxera ailegatu baino lehenago. Urria bukaeran gertatu zen hori eta gaixo egon zen hilabetez ohean. Abenduan hil zen. Kanpoko medikua ere ekarri genuen, baina bihotza gaizki zeukan-eta...». Anastasia Arzallusek 90 urte dauzka eta memoria bizkorra, detailetan dotoretua.

Lutoko bi urte horiek pasata elkartu ziren berriz Eleuterio eta Anastasia. «Nire aitak oso maitea zuen Eleuterio. Etxera laguntzen zidan, aitak eta hirurok afaltzen genuen, eta bizikleta hartu eta Errezildik Asteasura bueltatzen zen. Pentsa». Eleuterio Tapia, bidea laua zegoen tokian, bizikletaren eskulekua askatu eta bizikletaren gainean soinua jotzen aritzen zen. «Eta gogoratzen naiz nola ibiltzen zen beste batekin motoan, hura gidatzen eta Eleuterio atzeraka begira soinua jotzen. Alaia zen, oso alaia».

Eleuterio hamabost senideko familia bateko kide zen. Anastasia Mutegira ezkondu zenean, musika oso presente zegoen etxea topatu zuen. «Eleuterioren amak ahoko soinua jotzen zuen. Akordatzen naiz nire bi alaba zaharrenak dantzan aritzen zirela amamak soinua jotzen zuenean. Ahoko soinua puskatu egin zitzaion eta Eleuteriok oparitu zion ezpainetako soinu berria. A ze poza hartu zuena!».

Anastasiak 24 urte zituen ezkondu zirenean, eta, Eleuteriok, 26. Justu aste honetan bete dira 66 urte ezkondu zirenetik, Anastasiak azkar gogoratu duenez.

Mutegira ezkondu zenean, hamabost senideetan zazpi bizi ziren baserrian. «Ezkondu gabeko zazpi senide zeuden orduan Mutegian, baina bakoitza bere martxara. Batzuk soldadu, besteak morroi, neskame baten bat... Asteburuan elkartzen ziren denak Mutegian eta hemen izaten zen buila. Batzuetan, onaldia genuenean, aitona bertsotan hasten zen eta semeetako batek erantzuten zion. Umore ona izaten genuen».

Jende asko dagoen tokian, lan asko izaten da. «Bai, lana ere pilatzen zen. Garai hartan ez zen labadorarik izaten eta eskuz garbitzen genuen arropa. Ba al dakizu zenbat arropa elkartzen zen hemen? Egia da, hala ere, ez genuela arropa orain adina aldatzen. Gauzak asko aldatu dira».

Eleuterio Tapiak denbora asko ematen zuen etxetik kanpo, han eta hemen soinua jotzen. «Egunak ere pasatzen zituen etxetik kanpo. Kotxerik ere ez genuen eta ahal bezala moldatzen zen. Bizikletan ez dakit noraino, han norbaiten kotxean segitu bidea... horrela ibiltzen zen. Eta ni baserrian, seme-alabekin eta baserriko lanekin. Beti izaten nuen nork lagundu, baina hemen lana pilatzen zen».

Hamabost urtera arte eskolan ibili zen Anastasia. «Gure aitak eskola pixka bat zuen eta gustatzen zitzaion seme-alabei ere eskola pixka bat ematea. Garrantzia ematen zion horri. Hemeretzi urte nituela ama hil zen eta etxekoandre ni izan nintzen. Baina egia da baserriko kanpoko lanetan ez nengoela oso ohituta Mutegira etorri nintzenean. Behiak jezten ere ez nekien eta hemen ikasi nuen. Baina, makinarekin, eskuz ez nituen behiak jezten». Eleuterio Tapiak, berriz, behiak eskuz jezten zituen, hatzak indartzeko ariketa bikaina zela esaten baitzuen.

Ezkondu zirenean, tarte batean utzi egin zituen trikitiaren ibilerak. «Orduan horrela izaten zen. Ezkondu eta utzi egin zuten trikitilari askok. Emaztearekin egon behar, formaldu egin behar... Eleuteriok ere utzi egin zuen, baina orduan haurrak hasi ziren etortzen eta dirua behar zen etxean. Eta berriz hasi zen, txanponak etxera ekartzeko. Bere aitak esaten zion ‘motel, motel, joan dirua irabaztera, guk egingo ditugu hemengo lanak’.

Etxetik kanpo asko ibiliagatik, Eleuterio Tapia ez omen zen parrandazalea. «Zintzoa zen. Ez zuen edaten, ezta erretzen ere. Kanpoan irabazten zuen dirua zintzo-zintzo ekartzen zuen etxera. Hogei duro irabaztera ere edozein tokira joaten zen bizikletan».

Mutegia, Eleuterioren alaben hitzetan, «intimitate gutxiko baserria zen». Izan ere, Eleuterio famatua zen herri kirolen munduan eta apustutan aritutako kirolari asko Mutegira gerturatzen ziren Eleuteriorekin entrenatzera. «Beti baten bat bazen hemen. Apustua egin eta Eleuteriorengana etortzen ziren, haren iritzia jakiteko eta prestaketan laguntzeko».

Trikiti eskolak ematen ere aritzen zen Eleuterio. Etxeko alabei, baina, ez zien erakutsi nahi izan. «Alaba txikiena burutsua zen, kantatzen ere oso ona. Aitari eskatzen zion soinua jotzen erakusteko eta aitak, ezetz. Gero soinua jotzen plazaz plaza ibiliko zela, parrandan eta mutil artean, eta ez ziola erakutsiko. Gero, Usurbilgo Kale Zaharren, emakume bati soinu jotzen erakusten hasi zen, ikastolako andereño bati. Eta orduan alabak kargu hartzen zion; ‘zer, aita, niri erakutsi nahi ez eta orain emakumeei soinu jotzen erakusten hasi al zara?’».

Jendetasuna eta jenioa, horiek omen Eleuterio Tapiaren nortasunean gaina hartzen zuten tasunak. «Feriara joaten zenean, beti inguruan jendearen korroa eginda ibiltzen zen. Nire aitak esaten zuen Eleuteriorekin ezin zela ezer ikusi ferian, beti baten batekin hizketan gelditzen zela. Gero, haserretzen zenean, jenio bizikoa zen».

Joxean Agirre: «Trikitilari bikaina zen, baina ez zuten horregatik bakarrik deitzen. Oholtzatik jaisten zenean, jendearekin egoten zekien, batekin eta bestearekin hizketan, pasadizoak kontatzen... Jendetasun berezi bat zuen eta horregatik ere deitzen zioten»

Juan Tapia: «Egia da aitak bazuela jendearekin konektatzeko gaitasun berezia. Berak beti esaten zidan, soinua jotzen hasi aurretik plazara begiratzeko, ea zer jende klase zegoen. Soinu jotzaile ona zen, baina, gainera, bazekien momentu bakoitzean zer eskaini plazari»

Juan Tapia: «Aitak moldatzeko gaitasun izugarria zeukan. Jenio bizikoa zen, baina ikasle batekin zegoenean, sekulako pazientzia izaten zuen»

Dokumentuaren akzioak