Dokumentuaren akzioak
'El Caserio' zartzuela maiatzaren 6an ikusi ahalko da Idiazabalen
Sasibil abesbatzak, Urretxu-Zumarragako Irrintzi dantza taldeak eta Sotto Vocce orkestrak eskainiko dute, Zelaan
Sasibil
abesbatza, Sotto Vocce orkestra eta Urretxu-Zumarragako Irrintzi dantza
taldeak egingo dute emanaldia. Guztira 80 lagunek parte hartuko dute.
Horrela eman zuten aditzera atzo Pilarreneko ganbaran egindako
aurkezpen ekitaldian Antton Irizar Idiazabalgo alkateak, Aitor Uria
Sasibil abesbatzako zuzendariak eta Amaia Zabaleta eta Iker Rodriguez
Irrintzi dantza taldeko kideek.
Urtarrilean, Iparragirre herri eskolaren 25. urteurreneko ospakizunen
barruan, Euskal Herriko Gazte Orkestraren emanaldia antolatu zuten
Idiazabalen. Irizarrek aipatu zuenez «bertan lortutako arrakastak
bultzatu gaitu herri eskola eta Udala zartzuela antolatzera». Are
gehiago, Udaleko Kultura Batzordeak Idiazabalen ez ohikoak diren
musikak idiazabaldarrei gerturatzeko Beste Musikak izeneko zikloa antolatu duela gaineratu zuen alkateak. «Zikloari hasiera emateko zartzuela generoa aukeratu dugu».
Giro herrikoia bilduz
Zartzuela herrialde ezberdinetako giro herrikoia eta kultura jasotzen duen genero musikala da. Hitza, musika, antzerkia eta dantza uztartzen dira bertan.Sasibil abesbatzako zuzendari Aitor Uriak esan zuenez «El Caserio lanak Arrigorri izeneko Euskal Herriko alegiazko lurralde baten giroa azaltzen du. Bertan baserria familiakoen artean geratu dadin bi ilobak ezkontarazi nahi dituen gizon baten historia kontatzen du, beste historia batzuekin uztartuta».
El Caserio-n
lirika mailan ahots eta musikari ezagunek parte hartzen dute. Helena
Gallardo (Placido Domingo Saria), Jesus Lavid tenorea (Pedro Lavirgen
Saria), Juan Carlos Barona (Madrilen bi urtez El fatasma de la ópera abestutakoa)
eta Jorge Paez (Compañia Lirica Nacionaleko baritono bakarlaria), Sotto
Voce Orkestra, Lirica Sasibil abesbatza (bere baitan Teatro Barakaldo
lehen saria duena) eta Jose Luis Egiluz (sarritan Bilboko orkestra
zuzentzen duena).
Urretxu-Zumarragako Irrintzi dantza taldeak, berriz, bi dantza eskainiko ditu zartzuelan. Mutilek Zumarragako Ezpatadantza dantzatuko dute, eta neskek, berriz, Erreginetan izenekoa.
Iker Rodriguezek, Zumarragako Ezpatadantzaren jatorriari dagokionean,
azaldu zuen Zumarragako udaletxean aurkitu diren lehen datuak 1630.
urtean kokatzen direla. «Dena den, autore dezentek diote jatorria
oraindik antzinagokoa dela».
Zumarragan bi aldiz soilik dantzatzen dute Ezpatandantza: Santa Isabel
egunean Antiguako ermitan, eta Andre Mari egunean Zumarrarragako
parrokian. Ezpatadantza luzea da, eta zartzuelan zati txiki bat
dantzatuko dute soilik, kaleko Ezpatadantza, alegia.
Neskek egingo duten dantza nafarra da jatorriz. Zortzi neskak parte hartuko dute. Bi erregina aukeratuko dituzte eta zuriz jantzi. Musikaren laguntzarik gabe egingo dute dantza, eurek abestuz eta panderoa joz.
Dokumentuaren akzioak