Dokumentuaren akzioak
Eklektiko eta gazte dator Maitaldia
Irailaren 9tik 18ra 31 konpainia aldizkatuko dira Miarritzeko dantza jaialdian
Eskas hori esplikatu du dantza munduko egoera
ekonomiko «biziki zailagatik». Dena dela, sos gutxiagorekin bada ere,
interesak bat baino gehiago dauzka jaialdiaren 21. ekitaldiak,
Malandainen iduriko. Batetik, oraindik ezezagunak eta, beraz, merkeagoak
baina laster erreferentzia bilakatuko diren konpainiaren bisita.
Zuzendari artistikoarentzat, dantzari gazteei «baldintza oneko taula
gainak eskaintzea ere bada jaialdi baten betekizuna».
Lagundu
beharreko gazte horien artean, Sos Danse kolektiboa dago. Sofie Dubs eta
Sole Medinak osatua, hasi berriak dira baina ezagutzekoak, Maitaldikoen
iritziz. Espazio publikoa adierazpen espazio ere badela aldarrikatzen
du kolektiboak. Beste gazte bat aipatzekoa aurten berean bere konpainia
sortu duen Fabian Thome dantzaria da. Donibane Lohizunen sortua,
flamenkoaren munduan dantzari gisa ezagutua, hizkuntza propioa lantzeko
gogoak bere konpainia sortzera bultzatu zuen. Miarritzera Desde el sofá sorkuntza
ekarriko du. Malaindainek segurtatu du taula gaina pizteko gaitasuna
duen horietakoa dela, bere «karisma harrigarriarekin».
Sostengatu
beharreko beste konpainia bat Sebastien Perraultena da, zuzendari
artistikoak dioenaz. Perrault «zerbait erraitekoa» duen gazte bat dela
deritzo Malandainek. Dantzari horrek Caïn ikusgarria ekarriko du jaialdira.
Perraultek
ez du lehen aldia jaialdian, baina Malandainentzat inportantea da
fidelitate bat erakustea gustukoak dituzten dantzariei. Eta,
Perraultenaren gisara, konpainia bat baino gehiago dira aurten aitzineko
urteetan jadanik etorriak diren horietakoak. Horien artean Vilcanota
konpainia dago. «Dantza munduan arraroa da irria. Eta hauekin ahotik
ezin utzizko momentu bat pasatzeko aukera» badagoela azpimarratu du
Eloixa Ospitalek, jaialdia antolatzen duen Biarritz Culture elkarteko
ordezkariak. Malandainek gehitu du aitzineko bisitan, justuki, ikusle
guti bildu zela bere emanaldira eta pena izan zela. Aldi honetan gehiago
etortzea espero du. Jaialdiaren beste fidelen artean, Boli Kostako
Georges Momboye koreografo eta dantzaria dago. Aldi honetan, bere
dantzariekin batera David Drouard koreografoarekin lan egin dute
Chantier konpainiaren baitan. Miarritzen l'Anneau de Salomon
eskainiko dute. Ariadone konpainia ere bada Maitaldiaren usaiako
bisitaria. Baina aldi honetan haurrentzako ikusgarri bat du prestatua, Chez Ikkyû izenekoa.
Esanguratsu,
fidel edo gazte ezezagun, orotara 31 konpainia dira etorriko jaialdira,
eta, usaian bezala, estilo guztien ordezkari. Neoklasikoak izanen ditu
bere saioak. Dela Ballet d'Europerekin, edo, nolaz ez, Malandainen
Biarritz Balletarekin. Lucifer sorkuntzaren ondoan, L'Amour Sorcier eta Boléro-a
emanen ditu Lapurdiko konpainiak. Flamenkoak Israel Galvan izanen du.
Hip hopak, Pierre Rigal. Ikusleak sakonki inarrosiko dituen
antzerki-dantza nahasketa den Yann Lheureuxeren Reach our soul ere izanen da. Euskaldunen artean, Maritzuli eta Dantza Hirian egitasmoan aurten saridunak.
Fabian Thome dantzariaren «karisma harrigarria» ikusteko aukera emanen du aurten Maitaldiak. / MARTA VIDANES
Dokumentuaren akzioak