Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ekintzaile dotorea

Dokumentuaren akzioak

Ekintzaile dotorea

Bizitza guztian ekintzailea, langilea, erreferentzia, konprometitua eta gertukoa izan da Joxan Lizarribar, bai lanean, bai BERRIA taldearen gidaritzan eta baita harreman pertsonaletan ere.
Egilea
Jakes Goikoetxea
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2013/04/10
Lotura
Berria

BERRIA taldea lemazainik gabe geratu da. Atzo hil zen Joxan Lizarribar (Altzo, 1951) BERRIA Taldeko presidentea, duela zenbait astetik biriketan izandako gaitz baten ondorioz. Lizarribar sorreratik, 2003ko ekainetik, izan da BERRIA Taldeko lemazaina (2003an taldeak Euskarazko Komunikazio Taldea izena zuen, eta Lizarribar Administrazio Kontseiluko presidentea zen). «Kasualitatez», esaten zuen. Ezkondua zegoen eta hiru seme-alaba zituen.

Lanbidez Adunako (Gipuzkoa) Kelsen SA enpresako zuzendari nagusia zen. Aurretik hainbat urte egin zituen kudeatzaile eta komertzial-buru lanetan. Adreilu erregogorrak egiten ditu Kelsenek, altzairugintza sektoreko enpresetarako. Altzairua urtzeko labeetan erabiltzen dira adreilu erregogorrak. Mundu guztira esportatzen dituzte. Kelsenen aritu aurretik, urte asko egin zituen Krafften.

Liderra zen. Ardurak izan zituen parte hartu zuen leku gehienetan, bai enpresan, bai BERRIA Taldean eta baita parte hartzen zuen bestelako taldeetan ere. Gazte-gaztetatik. Nekane Oiarbidek Argia dantza taldean ezagutu zuen. Gogoan du «energia handiko pertsona» eta «erreferentzia» zela, «taldeko kide guztiak bere inguruan, babesean, hartzen zituen».

BERRIA sortu aurretik izan zuen lotura euskarazko egunkariarekin, 2000. urtetik parte hartu baitzuen Egunkaria SAko Administrazio Kontseiluan. Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean nezeserra prest zeukan, bera ere atxilotu egingo zutela uste baitzuen. Itxieraren berri jakin zuenean beldurra sentitu zuen. Hala onartu zuen, 2003ko otsailaren 26an Egunero-n argitaratutako Ametsa ostu nahi izan digute artikuluan. «Baina Egunkaria egunero egiten duen taldeak aurrera jarraitzeko erakusten zuen jarrera ikusteak eguna salbatu zidan». «Hauek bere etorkizuna zalantzan dutenean», zioen, «herri bezala gure normaltasuna salbatzeko prest baldin bazeuden, zer eskubide nuen nik suntsituta sentitzeko?».

Lizarribarrek nekez pentsatuko zuen guardia zibilek Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean bera izango zela Euskaldunon Egunkaria-ren oinordekoaren, BERRIAren, Administrazio Kontseiluko presidentea. Euskalgintza jarraitzen zuen, baina berak zioen moduan, «bazterretik». 2003tik aurrera bertatik bertara, barrutik, bizitzea erabaki zuen, Administrazio Kontseiluko presidente lanetan.

Administrazio Kontseiluko presidente izateko eskaintza onartu egin zuen. «Ezezkoa ematea ez zen batere erraza». Alde batetik, Euskaldunon Egunkaria-rekiko sentitzen zuen «konpromiso handiagatik»; bestetik, itxierak eragin zion «amorruagatik». Onartu egin zuen, «koherentziagatik». Ofizioa ere ikasi zuen. Hala ere, bere buruari askotan galdetzen zion zer arraio egiten zuen horretan lanean.

Ordain materialik gabeko lana zen; bestelako ordaina jaso zuen, ordea. Egunkaria-ren itxiera osteko eta BERRIA-ren sorrerako hilabeteak bere bizitzako «garai beteenetarikoa» izan zirela aitortu zuen, bai itxierari emandako erantzunagatik, bai proiektu berria hutsetik sortzeko, gorpuzteko eta sendotzeko lanagatik. Sortu eta urtebetera, pozik zegoen lortutakoarekin, nola produktuarekin, hala jasotako babesarekin: «Egunkari estandar, serio, europar, mendebaldar, normal bat gara». Urteetako perspektibarekin, egindakoaren neurria are handiagoa zela zioen. Independentzia eta zabaltasuna zituen administrazio kontseiluko lanaren oinarri. Ez zuen zalantzarik. BERRIA da produkturik «zabalena».

Larritasunak, kezkak

Ardurak larritasunak eta kezkak ere eragin zizkion. Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren urte luzeetako segidak eragindakoak batez ere. 2005eko Korrikan berak eraman zuen lekukoa, BERRIA-ren kilometroan, Bilboko kaleetan. Urte hartan, Korrikako arduradunek liburu batekin korrika egiteko eskatu zieten herritarrei. Lizarribarrek Egunkaria-ren itxieraren kronikarena eraman zuen, Lorea Agirreren Gezurra ari du.

Lizarribarrek euskarazko egunkariaren ardura hartu aurretik izan zuen lotura euskal kulturarekin. Hamasei urte zituenetik. Donostiako Argia dantza taldearen eta Juan Antonio Urbeltzen bitartez 1970eko hamarkadan harremana izan zuen Ez Dok Amairu taldearekin. Benito Lertxundi eta Joseangel Irigarai lagunak zituen, esaterako. Nekane Oiarbide izan zen Ez Dok Amairu taldearen idazkaria. «Joxean berehala konturatu zen mugimenduak zeukan garrantziaz, eta hura zela bere lekua», dio. «Lan egiteko gogoz».

Argia dantza taldean zebilela dantza eskolak ematen zizkien Hernaniko Urumea ikastolako haurrei. Tartean Bingen Zupiria Deia-ko zuzendariari eta Arantzazu Zugasti Noticias de Gipuzkoa-koari. Ordutik izan zuten harremana Lizarribarrekin. Lizarribarrek dantza eskolak emateari utzi behar izan zion, bidaiatzen hasi zenean. «Zorrotza». Hala definitu du Zugastik. «Haren jenioarekin tente ibiltzen ginen. Gauzak behar bezala egin nahi zituen». Zupiriak, dantzaz aparte, gogoan du ETAk EITBren egoitzan lehergailua zartarazi eta gero Lizarribar eta BERRIAko beste arduradun batzuk nola joan zitzaizkion elkartasuna adieraztera (Zupiria ETBko zuzendaria zen orduan). «Estimu handia izan nion beti».

«Kultura kontsumitzaile»

Hala ere, Lizarribarrek onartu izan zuen sortzailea baino gehiago, bera «kultura kontsumitzaile ona» zela. Irakurle eta zinemazale amorratua zen. Irentsi egiten zituen euskal literatura eta literatura anglosaxoia. Irakurtzea arnasa hartzea bezain beharrezko zuela esaten zuen. Asko gustatzen zitzaizkion balleta, opera eta musika klasikoa, eta Donostiako Musika Hamabostaldira joan ohi zen. Ez bera bakarrik, lagunekin baizik. «Bera arduratzen zen lagunoi sarrerak erosteaz», gogoratu du Oiarbidek.

Euskal Herriko sortzaileekin eta artistekin «harreman estua» zuen gaur egun ere. Harkaitz Canorekin, Mikel Urdangarinekin, Kirmen Uriberekin eta Ainhoa Artetarekin, esaterako. Lagun zituen, eta ahal zuen neurrian lagundu egin zien aurrera egiten.

Bidaiaria

Gizon jantzia zen eta munduko herrialde asko ezagutzen zituen. Altzotik mundura jauzi egin zuen. Gertukoen esanetan, Euskal Herrian jende gutxi izango da Lizarribarrek adina bidaiatu duenik, bost kontinenteetako herrialdeetara. Gaztetan Argia dantza taldearekin; gero, lanagatik; eta baita oporretan ere. Urte asko zeramatzan Ameriketako Estatu Batuetara, Argeliara, Argentinara, Australiara, Filipinetara, Indiara, Indonesiara, Iranera, Kanadara, Malaysiara, Singapurrera, Thailandiara, Txinara... bidaiatzen. Europara ere bai, jakina. Zipre kuttuna zuen. Krisiak herrialde exotiko horietako batzuk Euskal Herriko enpresentzat merkatu eta aukera bihurtu aurretik joaten zen Lizarribar haietara. Thailandiako armadaren estatu kolpeak bertan harrapatu zuen 2006ko irailean.

Bidaiek «dena erlatiboa» dela erakutsi zioten, esan zuen Euskadi irratiko Faktoria saioan 2007an egindako elkarrizketa batean. Euskaldun izaera ere indartu zioten, «kanpoan euskaldun izatea baita zure erreferentzia bakarra, ez zara beste ezer».

Jaime Otamendi Euskadi irratiko kazetari eta Lizarribarren lagunari deigarria egiten zitzaion Lizarribarrek munduan ibiltzeko zuen erraztasuna. Neurri batean Lizarribar «idealizatu» ere egin zuen, horregatik. «Elkartzen ginenean beti munduko kontuez aritzen ginen», dio. Munduan ibili bakarrik ez. Interesa zuen bisitatzen zituen herrialdeen egoera soziopolitikoaz. «Munduko leihoa zabaldu zidan eta herri arabiarren inguruan asko ikasi nuen berari esker». Jaime Otamendik 2003an ezagutu zuen Lizarribar: «Lagun batzuek gonbidatu zuten irratira, Iraken egona zen euskaldun bakanetakoa baitzen. Orduz geroztik harreman handia izan dugu. Aberastasun handia eman dit eta asko zor diot».

Harremanetarako erraza zen. Goxoa. Bai lanean, bai Administrazio Kontseiluan, bai Berriaren harreman instituzionaletan eta baita harreman pertsonaletan ere. Jaime Otamendik Lizarribarren harremanetarako erraztasunari lotutako bi dohain nabarmendu ditu: alde batetik, dotorezia, «zentzu guztietan, bai izaeran, apaintasunean eta formetan»; bestetik, esparru, belaunaldi eta kultura ezberdinekin ondo erlazionatzeko gaitasuna.

Horren erakusgarri da munduan zehar osatutako lagun sarea. «Horixe zuen gauza politenetakoa», goraipatu du Jaime Otamendik. «Gainera», gehitu du, «bere lagunen eta ezagunen sarea zure esku jartzen zuen».

Abertzalea zen, eta gaztetan baita Euzko Gaztediko (EGI) kide ere. 1976an EAJren mitin batean parte hartu zuen, Donostiako Anoeta frontoian, Xabier Arzallusekin eta Gerardo Bujandarekin batera.

Jende askorentzat Joxan Lizarribar ETBko Firin-faran programan egin zen ezagun, tertuliakide lanean.

Lizarribarren gorpua Errekaldeko beilatokian egongo da, bihar 13:15ak arte. Hileta elizkizuna bihar izango da, 19:00etan, Ibaetako Espiritu Santua elizan.

Joxan Lizarribar, 2003ko ekainean, BERRIA kaleratu aurreko egunetan. / JON URBE / ARGAZKI PRESS

Joxan Lizarribar, Juan Antonio Urbeltz, Imanol Tapia eta Fernando Aristizabal, 1978an, kantuan. / BERRIA

Dokumentuaren akzioak