Dokumentuaren akzioak
«Ekintza puntualak nahi beste dira, baina non dago kultur politika?»
Bota?
Bai, zu hasi galdezka eta jarraituko dut nik.
Kazetaritza ikasia zu! Ezagutzen duzu galdetzailearen lanbidea!
Bai, bai.
Zer duzu zailago, galderak egitea, ala haiek erantzutea?
Arraioa! Galdera onak egitea ez da gauza erraza! Erantzuteari dagokionez, behin eta berriz errepikatzen ditugu erantzunak, askotan galdera berdintsuak egiten dizkigute eta. Eman dezagun ikuskizun berri bat estreinatzera goazela. Batean hemen, bestean han, diskurtsoa egituratua dugu, eduki jakin baten inguruan ari gara, eta, kasu horretan, galderei erantzutea ez da zaila. Bestalde, tamalez, gaur egungo kazetaritza hain da epe laburrekoa, ez baitugu sakontzeko aukerarik ere.
Zer momentu bizi du zure barruak?
Oraintxe, intentsitate handiko momentua. Bestondo handi eta eder batekin nator. Asteburuan [Inauteriak], Erritu ikuskizuna aurkeztu dugu Bartzelonako Mercat de les flors antzokian. Eta Mercat de les flors tenplutxo bat da dantza garaikidearen esparruan; bai Bartzelonan, bai espainiar estatuan –erreferentzia nagusia duzu–, eta Europan, berriz, erreferentzietako bat. Guk, berriz, hantxe aurkeztu dugu gure azken sorkuntza, hiru egunez, eta hiru saioetan ere bete-beterik egon da antzokia, sarrera guztiak salduta. Izugarrizko lan ona egin dugu, eta ikusleak ere izugarri ondo bereganatu du gure eskaintza.
Agintarien jarrera
«Errenteriako alkate eta alkate ohia etorri izan dira Kukairen ikuskizunak ikustera, baina ez agintari modura, nor bere izenean baizik, sarrera ordainduta. Oso jarrera positiboa iruditzen zait. “Esan besterik ez zenuen, eskuratuko nizukeen gonbidapena!”. “Ez, ez, jaieguna dut gaur, eta gogoz eta plazerez etorri naiz”. Ondo iruditzen zait. Era berean, joera horixe bera du oraingo Kultura sailburuak ere. Oso maiz ikusten dut kultur ekitaldietan. Berdin-berdin etorriko da estreinaldiren batera, gonbidatuta, edota bestelako saio batera; bat-batean azaldu eta agurtuko zaitu. Bi kasu dira, baina pentsa zenbat herri ibiltzen ditugun,
eta zenbat emanaldi!».
Leku askotan bezala...
Baina Mercat de les florseko ikuslea punta-puntako proposamenak jasotzera ohituta dago, eta, hala ere, zutik, bibaka eta txaloka hartu du Erritu. Beraz, hunkituta! Ikuskizun honek, bestalde, tokiko jendearengana hurbiltzen gaitu, lekuan lekuko abesbatza batekin egiten baitugu lan: hogei bat emakumeko abesbatzarekin, hain zuzen. Horrek esan nahi du aurretik izanak garela dena delako tokian, harremanak egin ditugula. Bartzelonako kasuan, zoragarria izan
da. Palau de la Músicako koruarekin egin dugu lan, hogeita hamabost neska gazte kantari... Bizipen ederrak bizi izan ditugu, bata bestearen atzetik.
Hargatik zure bestondoa.
Bai, eta gainera, gure lanak dakarren aje horietako bat ere izan genuen, zeren larunbateko emanaldian dantzarietako batek zuntz haustura izan baitzuen eta harekin ospitalean eman genuen larunbat gaua. Igande goiza, berriz, ordezko dantzaria prestatzen igaro genuen. Tentsio handiko uneak izan ziren, baina, azkenean, ikusleak zutik, txaloka! Eta, azkeneko eguna zenez, irteeran, abesbatzak eta dantzariok korridore bat osatu genuen, jendea erditik igarotzeko, koruak El rossinyol [Rossinyol, que vas a França, rossinyol / Encomana’m a la mare, rossinyol / D’un bell boscatge, rossinyol...] kantatzen zuen bitartean. Hunkigarria! Mercat de les florsen egon, eta, gainera, horrela atera! El rossinyol! Esan zidan koruko zuzendariak ere: «Ohituta gaude jendea gu zoriontzen, askotan zoriontzen gaitu, baina, eskerrak eman? Oso gutxitan!». Eta horixe gertatu zitzaigun, jendeak eskerrak eman zizkigula. Goizeko ordu bat eta erdietan iritsi
ginen Errenteriako etxera. Gaur goizean, jaiki eta lanera, betiko moduan! Bateko kudeaketa, besteko sorkuntza... fronte guztiak zabalik!
Bartzelonan Erriturekin, Gauekoakekin Euskal Herrian...
Gauekoaken oso murgilduta egon naiz azken boladan, azkeneko sorkuntza, inplikazio zuzen-zuzena dut bertan, emanaldiak ere bata bestearen ondotik etorri
dira. Tartean, berriz, Erritu egin dugu Bartzelonan, maiatzean, Kirol legez / Fairplay egin behar dugu Donostian; 2021-22an egingo dugun beste emankizun bat ere prestatzen ari gara... fronte guztiak! Kukai proiektu bat da, baina horren barruan hainbat adar ditugu.
Dantzari zaitugu, eta koreografia zuzendari, eta bulegari... Nola asmatzen duzu lan guztiok zeure baitan biltzen?
Ez ditut lan guztiok nik bakarrik egiten, baditut lankideak. Egia da dantzatzen ari zarenean, horretan ari zarela, dantzan. Horrek prestaketa jakin bat eskatzen du,
eta emanaldi eguneko errutina. Gure lana emanaldiko ordubete hori baino gehiago da. Eman dezagun Gasteizen dugula emanaldia, iluntzeko zortzietan. Bada,
ordu bi eta erdietan Errenteriatik irteten ariko gara Arkaitz (Miner) eta biok. Iritsi, eta bera muntaketaz arduratuko da. Ni, arropaz. Beroketak egingo ditut, kontzentratuko naiz... Eskerrak dantzari, dantza egiteak laguntzen dit. Bestela, makineria edo zurrunbilo horrek harrapatuko nindukeen. Bilerak, esaterako, nahi
beste dira, eta, bestalde, bulegoko lana hor da beti, etorkizuneko proiektuak ere bai, entsegu gela, dantzari aktibo izatea, koreografo edo zuzendari lana... Dan
tzari izan ahal izateko, ordea, aurreko horiek guztiak egin behar dituzu, baina lan batean eta bestean inplikazioa neurtuta, zurrunbiloak ez zaitzan irentsi. Jakin egin behar da isolatzen, zurrunbilotik irteten eta entsegu gelara sartzen.
Eta nola isolatu, hamaika lan eta eginkizun dituzula?
Begira, Gauekoaken, adibidez, zera gertatu zait: inoiz ez diot dantza egiteari utzi, baina gure azken lan sendoenetan ez naiz oholtza gainean egon, proiektuaren zuzendari jardun dut, egitura muntatzen, gauza guztiak antolatzen, ikuskizunaren bira abiarazten. Hori egin ondoren, «umea» zaintzea dagokit, bateko entsegu
eta besteko zuzenketak. 42 urte ditut, eta, momentu batean, pentsatu ere egin nuen: «Beharbada, ez diat gehiago dantza egin beharrik. Beharbada, beste rol
bat hartu behar diat». Baina, hurrengo batean, bestela pentsatzen dut: «Arraioa, Jon! 6 urterekin hasi hintzen dantzan, 42 urte dituk, eta dantza duk bizian jarraikortasunez egin duan gauza bakarra. Zer hinteke dantza gabe?».
Eta, erantzuna?
Beldurra ez bada ere, errespetua. «Gabezia sumatuko duk!». Eta, beste alde batetik: «Gehien maite izan duan hori egun batetik bestera uztea ere!». Dantza
ez litzateke bukatuko, beste era batera jarraituko nuke, baina sentsazioa guztiz bestelakoa da: agertoki baten gainean sentitzen dena ez dago ezerekin konpa
ratzerik. Orduantxe hasi nintzen Gauekoak pentsatzen. Eta, egia da, asko eman dit ikuskizun honek: sasoia berreskuratu behar izan dut, lan errutinari eutsi
behar izan diot, hala fisiko nola teknikoa, koreografoen aginduetara jardun dut dantzari, keinuak zuzendu dizkidate, mugimenduak... Asko lagundu dit horrek, lan artistikoan zentratzen, besteak beste, eta gustura nago. On handia egin dio nire barruari.
«Agertoki gainean sentitzen dena ez dago ezerekin konparatzerik», esan diguzu. Zer sentitzen da, bada, hor goian?
Oso gauza berezia da, agertokian beste inon ez da hori sentitzen. Ez da urduritasuna ere... Ez naiz aditua, baina diote endorfina horiek momentu horretan beste inoiz ez direla ateratzen. Ez dakit, bada! Eman dezagun, Gauekoaken ema-naldi bat, orain lan horretan ari gara eta. Luzapenak egiten, eta konturatu zara: «Ez dakit, bada, gaur gorputza ez dago bere onenean!». Egun guztiak ez dira berdinak, are gehiago, ezberdinak dira! Izan liteke kezka, izan liteke estresa, edo urduritasuna, motibazioa... hainbat faktore! «Adi gaur, Jon, gorpu tzak lan ona egin dezan!». Eta da oihala jaso, agertokian oinez hasi... eta, adios!, transformatu egin da gorputza.
Onerako transformatu, esan nahi duzu?
Bai, guztiz onerako! Zenbaitetan, terapeutikoa da emanaldia! Batean katarroa, bestean eztarriko mina... saioa egin, emanaldiak eragiten dizun bidaia egin,
bestelako mundu batera!, izerdia bota, fisikoki guztiz kontzentratuta egon... eta emanaldi bukaeran, arraioa!: nekatuta, hustuta, baina primeran!, sendatuta!
Zer gertatu den ez dakit. Zeure buruarekin konektatu duzu, kideekin ere bai. Esaterako, agertokian zaudela, kideekiko konexioa ikaragarria da. Gure dantzariek urte mordoa daramate elkarrekin eta, hainbat emanalditan, haien arteko sinkronia markatik fuerakoa da. Haien arteko sintonia hori ezin da bizitzako beste arlo batean gertatu. Konplizitatea totala da. Harreman intimoenetan ere ez da horrelakorik gertatzen. «Goazen!» esaten diogu elkarri, eta, benetan, bagoaz!
Kalean ere egiten duzue dantzan. Kalea antzoki da?
Antzokian jarduten dugu gehienbat eta nagusiki, baina kalean ere nahi izaten dugu, uste baitugu oso inportantea dela dantza kalean erakustea, antzokietara joateko ohiturarik ez duen jendeari. Batzuetan, kalean pizten da lilura, gustatu zaion zerbait ikusi du ikusleak eta, beharbada, antzokira joateko arrazoia izango du. Gainerakoan, oso ezberdinak dira antzokia eta kalea. Antzokian babestuago zaude, erosoago, kamerinoa duzu, zorua, argia... Kalean, batean plaza, bestean enparantza; hemen telefonoak, han zarata, tabernetako terrazak, haurrak, txakurrak, autoak, motoak... eta ezin isiltasuna eskatu, espazioa publikoa baita! Aldi berean, ordea, kaleak gertutasuna eskaintzen du, ikusleak ikusten ditugu, haien aurpegiak, haien txaloa, haien nekea, asperdura, badoazela, badatozenak... feedbacka ezin zuzenagoa da. Kaleak freskotasun handia ematen du. Antzokian bestelakoa da kodea.
Zer du dantzak, nondik datorkio erakarmen handi hori?
Dantzak jendea biltzeko indarra dauka, bai, baina, kontrara, arte jardueren artean sozializazio maila txikiena du. Bitxia da: gizon-emakumea dantzari da jaiotzen
denetik. Berdin dio zer dantza mota, tradizionala, modernoa, reggaetona edo taberna-zuloan goizeko seietako saioa: dantzari gara, harremanetarako, libertitzeko... denok egin dugu dantza, era batera nahiz bestera. Baina, gero, gizarte aurreratua, omen, den horrek kendu egiten digu dantza. Adierazpide modu
honen transmisioa etenda dago gure gizartean. Aldiz, gurea bezain gizarte «ez aurreratuetan», bizi-bizirik dago. Komatxo artean diozu «ez aurreratuak». Afrikan, demagun. Etiopian izan ginen duela bizpahiru urte, eta bertatik bertara ikusi genuen. Emanaldia egin genuen eta, ondoren, korroan geunden, berriketan. Bertakoak, berriz, mahai baten inguruan ikusi genituen, dantza, jauzika. Sekulako poza eragin zigun. «Haiekin batera sartu behar diat dantzan!», esan nion neure
buruari. Eta, sartu, eta hura zirrara! Ikaragarria izan zen. Gure gizartean, berriz, dantza modu hori etenda dago guztiz. Hala ere, jendeak dantza deskubritzen duenean, lotura izugarria sortzen zaio, ez du utzi nahi izaten. Dantzak egundoko ekarpena egiten digu gizakioi, hala arlo fisikoan nola sozialean, ongizate maila
handitzen digu.
Zergatik eten da, noiz, non, dantzaren transmisioa?
Hori da, esate baterako, gure gizarte ustez moderno eta aurreratuaren kerietako bat. Hiru ume ditut, eta haiekin ikui dut: haur hezkuntzan direnean, oso
modu espontaneoan espresatzen dira, kantatzen dute, borobilean jarri eta kantatzen dute, marrazten dute... Lehen hezkuntzan, ematen du gauza «serioagoak» egiten hasi behar dutela: nork bere mahaia izango du, hasteko. Non dago pertsona? Non dago kideekin dantza, kantua edo marrazkia partekatzeko espazioa? Inauteriak datozenean, berriz, mozorrotu eta dantzara atera behar ditugu. «Ez dute dantza egin nahi!», esango dizute orduan. Ez da nahi izatea, edo ez nahi izatea, gizakiak bere barrua libreki adierazteko hainbat bide ditu, baina itxi egiten dizkiogu. Ekintzaileen furia hori bezala. Ekintzaileak behar omen ditugu. Nola izango da inor ekintzaile, mahaiari lotuta eduki badugu eskolan hasi denetik unibertsitatetik irten den arte! Ezin ekintzailerik izan! Gu geu gara geure testuinguru; gauzei bidea ireki behar diegu. Jai dugu bestela. Horren barruan dago, nire ustez, beste porrot bat guztiz absolutua: transmisioaren etena, batetik, eta tipifikazio absurdo bat, bestetik.
Zein duzu tipifikazio absurdo hori? Zertaz ari zara?
Dantza, emakumezkoena. Futbola, gizonezkoena. Erizaina, emakumezkoa. Ingeniaria, gizonezkoa. Zer arraio da hau, ordea? Zertan ari gara? Zer gizarte egin nahi dugu? Hain moderno eta aurreratuak gu, duela hogeita hamabost urte baino okerrago gaude: bai dantzari dagokionean, bai kulturari dagokionean, eta, oro har, gizarteari dagokionean. Sei urte nituela hasi nintzen dantzan, Errenteriako [Ereintza] dantza taldean, modurik umil eta xumeenean. Arkaitzekin [Miner] batera, adibidez. Hantxe ezagutu nituen orain nire lagunartea osatzen dutenak. Hogeita hamabost urte igaro dira, guraso gara, sei-zortzi urte dituzte gure neska-mutikoek, eta entzuna diet lagunen umeei: «Ez naiz dantzara joango; ikastolan esaten didate dantza nesken gauza dela». Eta zenbatetan, dantza talde edota abesbatza batean, hamar neska eta bi mutil! Zer arraio ari gara? Makillaje hutsa! Genero berdintasuna hitzetik eta hortzera bai, baina diskurtsoa ez dago sustraituta, gizarteak ez du kontzeptua barneratu. Orain dela berrogei urte gertatzen ez zirenak gertatzen ari dira orain, teorian aurreratu dugun eremuetan, gainera. Zer pentsa ematen du!
Ikuslearen harrera
«Askotan joaten naiz, edo ahal dudanetan, behintzat, hara eta hona, ikuskizunak ikustera. Ez naiz ikusle sobera beroa, emanaldia gustatu baldin bazait txalo joko dut, baina gutxitan altxatuko naiz aulkitik, nire inguruan ere inor ez delako altxatzen, bibaka hasten. Gurean horrela jokatzen dugu. Bartzelonan, aldiz, ikusleak zutik, bibaka eta txaloka hartu zuten gure aktuazioa. Dena dela, gerta liteke emanaldia asko gustatu izatea, hura bukatu eta gero trago bat hartzera joan eta barruko hunkidura ondokoekin partekatzea. Publikoa oso ezberdina da leku batean eta bestean, Euskal Herrian bertan ere! Batzuk beroago dira, besteak neurtuago; batzuk isil-isilik egongo dira saio osoan zehar, eta bukaeran txalo beroa joko dizute; beste batzuek, tarteka ere txalo joko dizute. Erreakzio ezberdinak. Nork bere erritualaren arabera jokatzen du».
Zer toki du kulturak gure gizartean?
Hortxe dago koska, nire ustez. Askotan galdetzen didate kazetariek: «Zer leku du dantzak gaurko kulturan?». Eta bestelakoa da galdera: «Zer leku du kulturak
gaur eguneroko bizimoduan?». Bestela, papurrak nola banatu ari gara galdetzen, edo planteatzen. Dantza, zinema, musika... kideak gara, arte jarduerak dira
guztiak, eta haien arteko banaketa lausoa da, oso. Zein filmetan ez dago musikarik, dantzarik? Zein dantza ikuskizunetan ez dago irudirik, musika konposiziorik?
Uste dut akats larria dela kultura kontsumoko edo aisialdiko produktu bakarrik kontsideratzea. Bai, hori ere bada, baina ez hori bakarrik. Herri guztietan behar dira azpiegiturak, osasun sistema, hezkuntza... baina kultura behar dugula? Kulturak gure bizimoduaren parte izan behar duela ez dago garbi. Askotan esaten du Cesc Gelabert koreografo katalanak: «Ez ditzagun geure buruak engaina! Gu eta gure ikuskizunak gaur egun ez dira artelanak. Gure lehiakideak hanburgesa, Coca Cola, garagardoa, kubata...dira». Tristea da, ez? Hori baino gehiago izan beharko luke kulturak, baina, herri honetan ez dago kultur politikarik.
Ez dago?
Gobernatzen gaituztenek ez dute gure herriaren kultur politikarik. Oposizioan daudenek ere ez. Haiei ere galdetuko nieke: «Kulturak zer rol jokatzen du zuk irudikatzen duzun gizarte alternatibo horretan?». Ekintza puntualak nahi beste dira, baina ez naiz ari ekitaldi honetaz edo hartaz, auditorio honetaz edo hartaz,
kultur politikaz baizik: non dago kultur politika? Ekitaldiak eta auditorioak huskeria dira, gakoa da zer garen herri bezala, zer kontatu nahi dugun. Nork hitz egingo du guri buruz? Zein lengoaia erabiliko du? Nola aktibatu edo egituratuko da gizartea kultur esparrutik abiatuta? Sakon egin behar dugu gogoeta.
Errenterian, hasteko, Musika eta Dantza Kontserbatorioa duzue.
Eskola jakin bateko ikasle izan ginen. Jende jakin batek apustu serioa egin zuen dantzaren alde, eta gu, Kukai, baina ez gu bakarrik, horren fruitu gara. Testuinguru bat dago, aktibismo bat, herri mugimenduetatik eratorritako korronteetatik gatoz, geroko batean ibilbide artistiko eta profesional bihurtu badira ere. Apustua egin zen, Musika eta Dantza Kontserbatorioa abiarazi, ibilbidea garatzeko aukerak jarri zituzten, eta horra emaitzak.
Baina testuingururik gabe ez dago ezer. Esan nahi dut, Errenterian testuinguru hori sortu zutela, eta zuk zeuk euskal dantza egitetik munduko dantzetara jauzi egin duzula.
Faktore askoren batura izan da hori. 1997an, erabat euskal dantzak egiten zituen talde bateko kidea nintzen. Zazpi herrialdeetako dantzak egiten genituen, udan nazioarteko jaialdiren batera joaten ginen, aurresku txapelketetan parte hartzen nuen, eta zazpi aldiz ere irabazi nuen. Gaur egun absurdoa iruditzen zait bata bestearen kontra dantzan lehiatzea, baina garai hartan buru-belarri ibiltzen nintzen prestatzen. Txapelketetan parte hartzen genuen lau lagun hitz egiten hasi
eta: «Zerbait muntatu genezake!». Oso gauza inozoa egin genuen, baina niretzat benetako eskola izan zen, eta aldaketaren bidea erakutsi zidan. Oso ikuskizun
folklorikoa asmatu genuen: Upeletan erronka. Lau dantzari, bi bertsolari eta bi musikari ginen, eta horixe bera sekulako aldaketa zen, ordu arte ni berrogei laguneko taldean dantza egina bainintzen!
Zer ondorio izan zuen zure baitan ikuskizun hark?
Berrogeita hamar emanaldi egin genituen! Kontratatu egiten gintuzten! Ordaindu egiten ziguten! «Hemen zirkuitu bat zegok! Jendeak ordaindu egin dik gu ikusteagatik!». Garai berean, Biarritzeko koreografia zentroa ireki zuten, Thierry Malandain iritsi zen Biarritzeko balletera. Ni kazetari ari nintzen, eta askotan
joaten nintzen hura ikustera. «Posible ote da nik ikasi dudan dantzarekin horrelako ikuskizunik egitea?». Ematen zuen euskal dantza beti eremu amateur
eta herrikoian ibili zela, baina, hala ere, galdera sortu zitzaidan: «Eta, zergatik ez, bada?». Saiakerak egin dira lehen ere, eta hor dira Juan Antonio Urbeltz, Fili-
pe Oihanburu, Agirre lehendakariaren garaiko Eresoinka hura... Kazetari ari nintzen, baina baita irakasle ere, Errenteriako Musika eta Dantza Kontserbatorioan. Alegia, testuingurua: hamasei urteko lau ikasle nituen, Alain Maya, Urko Mitxelena, Ibon Huarte eta Eneko Gil. Haiek hamasei urte, nik hogeita lau urte nituen! Baina, ordurako, Upeletan erronkako eskarmentua nuen, eta lau gazteok ere gogoz ikusten nituen. Eta egin genuen ikuskizun bat. Eta beste bat gero. Mireia Gabilondo ere ezagutu nuen, Vanesa Castaño eta Nerea Vesga ere bildu zitzaizkigun, Kukai izena asmatu genuen, eta bidean abiatu ginen. Eta bidean, dudarik gabe, intuizioz, ikusten eta ikasten hasi ginen, diskurtso bat eraikitzen, proiektua egituratzen...
Kukai «80ko hamarkadan Ereintza, Anjel Mari Elkano buru, gidatu zuen taldeak egindako lanaren emaitza gara. Katiuskak jantzita ere joanda nago ni txikitan dantzara! Orain, elastikoa eta ballet oinetakoekin egiten dut dantza. Bidean, konturatu naiz euskal dantza ez dela gauza itxia, harremana duela bestelako dantzekin. Baionako kontserbatorioan dantza ikasi nuen urtebetez. Donostiako akademia batean ere ikasi nuen. Batean zein bestean, begirada zabaldu nuen. Errenterian, lehen Musika Eskola zena Musika eta Dantza Kontserbatorio bihurtu zuten, eta ni irakasle izan nintzen bertan; biolina, pianoa, balleta, orkestra edota euskal dantza irakasten dutenekin batera. Horrelaxe etorri da Kukai. Deiadarra izeneko ikuskizun bat egin genuen Euskal Telebistan, gustatu zitzaien, eta, hurrena, beste bat eskatu ziguten. Ikuskizunak bazuen izenik, baina taldeak ez. Nork bere proposamena egin zuen, eta Alainek asmatutako izena onartu genuen: Kukai».
Dantzari profesional zara, baina erdizka kasik. Diren eta ez diren lanak egiten dituzu, esan dugunez...
Eta iruditzen zait geroan ere horrelaxe izango dela. Horrek, bestalde, garbi adierazten du zertan den gure herriko kulturaren egoera. Hala ere, Kukain bederatzi
lagunek egiten dute lan egunero. Dantza eta irakaskuntza uztartzen dituzte, eta ondo iruditzen zait, oso inportantea delako maila horretako jendeak transmititu dezakeena. Dantzari profesional dira, aktiboan daude, eta, gainera, irakasle dira. Ezinbestekoa iruditzen zait horrelako irakasleak egotea. Gutxitan gerta tzen da horrelakorik, sistemak nahiago baitu geldirik dagoen irakaslea, dantzari aktibo ari den irakaslea baino. Haiek problema gutxiago eragiten dituzte hauek baino. Panorama zein den ikusita, eskertuta gaude. Egoerak bestelakoa beharko luke. Beharbada, kudeaketan hiru lagunek jardun beharrean, zazpik jardun beharko lukete. Baina arte jardueretan ari garen guztioi gertatzen zaigula esango nuke: musika talde, antzerki konpainia, idazleak.
Dokumentuaren akzioak