Dokumentuaren akzioak
«Ekintza naif bat da folklorean eredu berriak sortzea inolako oinarririk gabe»
Juan Antonio Urbeltz, Folklore aditua
Juan Antonio Urbeltzek (Iruñea, 1940) egun osoa emango luke hizketan folkloreak biltzen dituen dantzen eta bestelako osagaien benetako esanahiaren inguruan. Pasioz eta xehetasunez betiere. Ingalaterran azken 200 urteotan folklore adituen artean eztabaidagai den «nolabaiteko misterio» bati erantzuna eman diola uste du; hango morris dantzen jatorriarekin asmatu duelakoan dago. Oinarriek, izan ere, lehentasuna dute, Urbeltzen arabera, garaikidetasuna eta abangoardia ez baititu ulertzen funtsik gabe.
Danzas morris, origen y metáforas kaleratu berri duzu. Izenburuak, akaso, ez die askorik argituko irakurle anitzi hizpidearen inguruan. Zertaz aritu zara?
Europako dantza zeremonialen inguruan azalpen berri bat eman dut liburuan. Azken 200 urteotan Ingalaterrako adituak eztabaidan izan dira, moriskoen dantzak zergatik ote dituzten han, morris hitzak mairua esan nahi baitu.
Zer-nolako azalpenak eman izan dira orain arte?
Gurutzadak eta bestelako teoria erabat okerrak aipatu izan dira, harik eta 1907an Cecil Sharpek gakoarekin asmatu zuela iragarri zuen arte. Euskal Herrian Ingalaterrako dantzen parekoak aurkitu zituela esan zuen. Makilak, zapiak, txintxarriak, ezpatak... Haiek ere halakoekin aritzen dira. Sharpek uste zuen euskaldunok bagenuela nolabaiteko harremana islamarekin, eta morris dantzen jatorria hori zela uste zuen.
Zuk beste zerbait diozu, ordea...
Jakina, azalpen hori okerra delako. Dantza horietako mairua, islamaren aurrekoa baita, milurteko askotakoa. Europa osoko kulturetan islatua dago mairua, jenio txikien munduan, maitagarrien ipuinetan. Neolitotik gizakiak aurre egin behar izan dio mundu horri, intsektuen mundua baita. Gizakia uraren ondoan bizi izan da beti, intsektuen lekuetan, eta haien izurriteei aurre egin behar izan die. Morris dantzak izurrite horiek uxatzeko egiten zituzten, gure ezpata dantza eta Europako beste dantza askoren antzera.
Dantza horien guztien artean bistako parekotasunak ba al dira?
Bai, Ingalaterran fool pertsonaia ateratzen da morris dantzetan, baita zaldi txiki bat ere gonekin, gure boboa eta zaldiko-maldikoaren parekoak. Fool-a eltxoaren metafora da, eta zalditxoa larrapotearena.
Zaldi gonaduna inauteri dantza askotan azaltzen da, Lantzekoan, maskaradetan... Gaiarekin zerikusia dauka horrek?
Erabatekoa. Itun Zaharrean jada larrapoteari, izurrite handienari, zaldiaren bidez erreparatzen zitzaion. Europako ia hizkuntza guztiek zaldi hitzarekin lotutako terminoak dituzte larrapotea adierazteko. Euskaraz, esate baterako, zaldia larrean putinka aritzea da larraputinka edo larrapotea, gaztelaniazko langosta alegia. Inauterietan mozorrotu egiten gara, hau da, zomorrotu edo intsektu bihurtu. Ilustrazioak emankortasunaren kontzeptuarekin azaldu nahi izan du landa guneetako folklorea, baina modu okerrez. Nekazariak ez dira sekula emankortasunaren atzetik joan, jakin badakitelako zorigaiztoa edozein unetan irits daitekeela. Nekazariek islatu nahi zutena zorigaiztoa da. Ezbeharra uxatzeko festa da folklorearen zati hori, larrapotearen izurritea uxatzeko ekintza.
Ingalaterran jaso al duzu inolako erantzunik?
Mundu britainiarrari erronka handia jarri diogu, luze jo duen arazo bati erantzuna eman diogulako. Orain arte, isiltasuna jaso dut, hori beti gertatzen da honelako kasuetan. Kontuan hartu behar da morris dantzak Ingalaterran Erreginaren instituzioa bezainbeste daudela sustraiturik haien kulturan, baina erantzun positiboa espero dut, Kanadako Renoko unibertsitatearekin elkarlanean liburua ingelesera itzultzen hasi baikara.
Ikerketaren bidez, folklorearen oinarrira, funtsera bideratzen duzu zure ahalegina. Nola ikusten duzu egungo panorama Euskal Herrian, oinarri nahikorik ba al dute gure folklorearen bide eta forma berriek?
Folklorea gaurkotu daiteke, baina arazoa da ideia hori azalekoa dela, eszenaratzean eragiten duelako. Zuk Aida ikusgarri bat munta dezakezu, baina konposizioa ez da aldatzen. Eta hori da arazoa, funtsa galtzen dugula forma berriak bilatu nahian.
Zein da, hortaz, bidea euskal folklorearen abangoardian aritzeko?
Ezin da aurrera egin atzera begiratu gabe. Ekintza naif bat da eredu berriak sortzea inolako oinarririk gabe. Formak garaikide bihur daitezke, noski, baina zertaz ari garen jakinda betiere, oinarriak ulertuz, egiten ari garenaren esanahia alda ez dezagun. Guk ez genuen sortu Irradaka, Pas de Basque, Alakiketan eta beste batzuk gure gozamenerako bakarrik. Duela 40 urte hau basamortu bat zen euskal folklorearen ezagupenari dagokionez. Gure kulturako hainbat osagai berez behar zuten tokian kokatzeko lanak izan dira muntaia horiek.
Gaur egungo dantza sorkuntzan nahikoa erreparatzen al zaie oinarriei?
Batzuek ez diete askorik erreparatzen. Autosatisfazioa dagoela uste dut, kultura tradizionalaren abangoardia atzeragoardian baitago hain zuzen. Zer eta nola berreskuratu behar den jakin behar dugu. Gure kulturari, eta europarrari, oro har, erreparatu behar diogu zeregin horretan; hortik ateraz gero...
Dokumentuaren akzioak