Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ekialde urruneko folklorea Iruñean

Dokumentuaren akzioak

Ekialde urruneko folklorea Iruñean

Damaskoko Derviche dantzariek zabalduko dituzte, gaur, Nafarroako Jaialdiak, erritual mistiko bat antzeztuz.

Egilea
Haritz Urra
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Iruñea
Mota
Albistea
Data
2001/07/26

Gaur hasiko dira Nafarroako Jaialdietako ekitaldiak, Iruñeko Gotorlekuan. Besteak beste, kontzertuak, hitzaldiak eta haurrentzako antzerkiak eskainiko dituzte. Gaur izanen diren ekitaldi aipagarrienak arrakasta handia izan duen Damaskoko Derviche dantzarien errituala —sarrera guztiak salduta daude— eta Michel Khleifi-ren Noce en Galilée filmaren emanaldia dira.



Iruñean egingo dira Nafarroako Jaialdiak, eta gaur hasi eta abuztuaren 5ean bukatuko dira. Emanaldiak Vianako Printzea erakundeak antolatu ditu, eta munduko hainbat herritako errealitate sozio-kulturalak ezagutaraztea dute helburu. Hala, ekialdeko herrietako leku urrunetako folklorea eta kulturaren adierazle anitz, musika-emanaldi eta bestelako jarduerak egongo dira ikusgai.



Damaskoko dantzariak

Gaueko 22:30ean, Damaskoko Derviche dantzariek erritual mistiko bat antzeztuko dute, kontzertuen zikloari hasiera emanez. Damaskoko Derviche dantzariek tradizio handiko dantzak dantzatuko dituzte. Haiekin batera, ikuskizuna musikaz alaitzeko, Ensemble Al-Kindi musika taldeak joko du Sheikh Hamza Shakkur errezitatzaileak Korana ozen irakurtzen duen bitartean, dantzaren erritmoa ezarriz.



Dervicheen inguruko liturgia lotura sakonak ditu erlijioarekin. Haien dantzak, jiratu bitartean borobil bat osatuz, kosmosaren irudikapena du jatorri, zeinaren arabera planetek Jainkoaren inguruan bira egiten dute.



Film palestinar bat ikusgai

Noce en Galilée Palestinako filma pantailaratuko dute gaur Armen aretoan. Filma aurkezteko, Michel Khleifi zuzendariak hitzaldia emango du filmak tratatzen dituen gaien inguruan, eta, bidenabar, eta Palestinaren egungo egoera salatuko du. Hitzaldia arratsaldeko 19:00etan izango da, eta filma 22:00etan emango dute.



Khleifik jasotako sarien artean 1987ko Urrezko Maskorra da bat. Noce en Galilée filmarengatik emana, hain zuzen.



‘EKIALDEA HURBILAGO’



Ekialdeko kultura ezagutzeko aukera

Ekialdea hurbilago

lelopean, hasiera eman die Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuak aurtengo Nafarroako Jaialdiei.



Jaialdietako egitarauak ekintza kultural anitz planteatzen ditu, bai arratsaldea pasatzeko bai ekialde zabaleko kulturen mundueko liturgietan murgiltzeko; norberak nahi eran. Hitzaldien zikloetan ere ekialdeko hainbat herritako egoera politikoari buruzko informazioa ere jaso ahalko du bisitariak.



Jaialdiak kontzertuak, herrialdeetako gastronomia tipikoko platerak dastatzeko taberna eta haurrendako antzerkiak eskaintzen ditu, besteak beste. Gotorlekuan jarriko den agertokian —makroagertokian, alegia— antzeztuko da Damaskoko Derviche dantzarien kontzertua gaur.



Mediateka bat ere ezartzea aurreikusi dute, ordenagailuz betetako areto bat, alegia, Interneten nabigatu nahi dutenentzako. Labean egonen da hori.



Mediatekan bisitariek ekialdeko zenbait herritako kulturei buruzko web orri batzuen zerrenda edukiko dute eskura. Gaur bertan, Isabel Muñoz argazkilariak La lucha turca izenburu duen erakusketa irekiko du. Ekitaldi horien bidez, Nafarroako Gobernuak zenbait herritako kulturaren berri ematea du helburu.

ERRITUALA



Dervicheek erritual mistiko bat dantzatzen dute. Erlijioarekin lotura sakonak dituzte dantzaldi horiek

Dokumentuaren akzioak