Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ehun urte herria batzen, kirolaren eta kulturaren bidez

Dokumentuaren akzioak

Ehun urte herria batzen, kirolaren eta kulturaren bidez

Eibarko Klub Deportiboa mendeurrena ospatzen ari da gaur. 1924an sortutako elkarte honetako mendi, atletismo eta txirrindularitza batzordeei beste hamar gehitu zaizkie urteen poderioz. Kirol zein kultura arloan zabaldu du bere aktibitatea, klubaren beraren nortasunaren parte den aniztasuna islatuz.
Egilea
Amaia U. LASAGABASTER
Komunikabidea
Naiz
Tokia
Eibar
Mota
Albistea
Data
2024/01/30
Lotura
Naiz

 Ezkerreko orrialdean, Iñaki Osoro Deportiboko presidentea, 1954ko ikurrarekin. Eskuman, elkarteko lagunek atzo Urko mendiko igoeran egindako mendeurrenaren ospakizunen hasiera, eta txirrindulariak Ipuruako belodromoan, 1963an.

Ezkerreko orrialdean, Iñaki Osoro Deportiboko presidentea, 1954ko ikurrarekin. Eskuman, elkarteko lagunek atzo Urko mendiko igoeran egindako mendeurrenaren ospakizunen hasiera, eta txirrindulariak Ipuruako belodromoan, 1963an. (Jon URBE | FOKU / A.U.L / JUANITO TXOKO - KLUB DEPORTIBOKO ARTXIBOA)

GARA ez da gaur urteak betetzen dituen bakarra. Urtarrilaren azken-aurreko eguna aukeratu zuen eibartar talde batek ere, Eibarko Klub Deportiboa sortzeko. Ehun urte igaro dira eta gure egunkariaren lehen alean tartea izan zuen elkartea gure orrietara itzuli da egun berezia honetan.

Mende betean gauza asko aldatu dira, baina Iñaki Osoro «Depor»eko presidenteak dioen bezala, esentziak eta izateko arrazoiak bere horretan diraute. «Deportiboa aterki bat da. Herrian zerbait egin nahi duen edonorentzat aterki bat izan da beti. Jende asko dator esaten “hau egin nahi dugu”. Klubaren filosofiarekin bat badator, aurrera. Lanerako prest zaudete? Ba, aurrera, goazen».

Ez da zaila bat egitea, izena «Deportibo» izan arren; kirol jarduerarekin batera, elkarteak jarduera zabala egiten baitu kulturaren esparruan ere. «Askoren ustez, kultura eta kirola kontrajarriak dira, baina hemen era oso naturalean sortu zen kultur jarduera. 50. hamarkada izango zen mendikoak eta espeleologiakoak hasi zirenean Aranzadirekin harremanetan, ikerketa egiten, antropologia... Eta hortik euskara, euskal kultura, mendikoek antolatzen zituzten hitzaldiak...», esan du Osorok, «esperantoko klaseak eta guzti eman» direla gogoratuz.

Hiru besterik ez ziren batzordeak Klub Deportiboa sortu zenean: mendia, atletismoa eta txirrindularitza. Baina hasierako urte haietan ere arrakasta handia izan zuten medikuek eskainitako hitzaldiek, besteak beste, aurrerago etorriko zenaren oinarria jarriz. Urteekin, beste hamar batzorde gehitu dira: pilota, espeleologia, eskia, urpeko ekintzak, xakea, squash, kultura, argazkilaritza, artxiboa eta Kezka dantza taldea. Elkartearen beraren nortasunaren parte den aniztasuna. Angel Treviño presidente izandakoak orain dela 25 urte GARAn gomutatzen zuen bezala, «Deportiboa sortu zen garaian, alderdi politikoek indar dezente zuten herrian, bakoitzak bere biltokia edo kirol taldeak zituen. Eta kluba herri osoa batzeko asmoarekin sortu zen». «Beti izan da horrela», dio Osorok, Treviñoren hitzekin bat eginez. «Klub oso anitza izan da. Pentsa 50. hamarkadan, adibidez, zein zen egoera. Baina hemen era guztietako jendea elkartzen zen, egun gertatzen den bezala».

Aniztasun horrek herriaren bizitza eta elkartea bera aberastu du. «Nik 14 urte inguru nituen sartu nintzenean -gogoratu du Osorok-, mendian hasi nintzen. Eta elkartzen ginen 80 urtekoak, gu, 40koak... Gazteok asko ikasten genuen nagusiengandik, eta beraiek ere bai. Guk geuk gaur esaten duguna esango zuten, “nora doaz gazte hauek”. Baina elkarrekin geunden, elkarrengandik ikasten. Bizitza ulertzeko forma desberdinak, sentsibilitate desberdinak... Eta gauza asko partekatuz, aktibitate fisikoa, espazioa... asmo berberekin: gure zaletasunak garatzea, herriari aktibitate fisikoa edo kulturala, askotan bat egiten dutela, egitea eta erraztea... Horregatik ere, era guztietako ekimen sozialak aurrera eraman dituen elkartea da. Inoiz ez da izan bakarrik kirol elkarte bat, eta gaur egun gauza bera gertatzen da».

ERRONKAK ETA OZTOPOAK

Ordezkatuta sentitu ohi dira eibartarrak, horri esker. Izan ere, hainbat etxetan ohitura izan da seme-alaba jaio eta Deportiboko bazkide egitea. Gaur egun joera zertxobait aldatu eta askok ohitura mantentzen badute ere, «badaude gehiago beren kabuz apuntatzen direnak, gazteak edo nagusiak direnean, aktibitate bat gustuko dutenean».

Hala ere, bazkide kopurua -egun 2.700 inguru, Eibarko biztanleriaren %10- nahiko egonkor mantendu da azken hamarkadetan. Bazkide «aktiboen» kopurua ere ez da nolanahikoa. «Jardueren arabera doa, baina badaude 500-600 pertsona modu batean edo bestean inplikatzen direnak. Mendiko lizentzia ateratzera 600 bat badatoz, eta, guztira, lizentzia rekreatibo eta konpetitiboen artean 800en bueltan ibiliko gara. Mendian, atletismoan, pilotan, urpekaritzan ere asko, itsasorik ez badaukagu ere...». Eta 200 bat lagun dira une honetan «astero-astero denbora dedikatzen diotenak Deporri. Monitore lanetan, formakuntzan, mendi-irteerak antolatzen, lizentziekin...». Gizartea gero eta indibidualistagoa omen den arren, Deporren ez dute belaunaldi erreleboaren kezka. «Erronka izan daiteke, baina baikorra naiz. Zuzendaritzan gauden 18etatik dozena erdi 30 urtetik beherakoak dira».

Osororen kezka, izan ere, beste kontu batek sortzen du. «Beste elkarteetan ere horrela ibili dira. Kluben profesionalizazioaz ari naiz. Klubera jendea beti sartu da aktibitatea gustukoa duelako eta hura praktikatu nahi duelako, eta bere esperientzia edo ezagutza edo laguntza partekatu. Baina gaur egun administrazioak sekulako lana eskatzen du, nik uste dut enpresa profesional bati eta boluntarioz osatutako klub bati lan eta papeleo berdin-berdina eskatzen zaiola. Eta horrek atzera botatzen du jendea, eta ulertu daiteke. Azkenean, lanetik irteten zara, iluntzeko zazpietan etorri eta, dantza egin beharrean edo asteburuko mendi irteera prestatu beharrean edo argazkilaritza ikastaro baten parte hartu beharrean, bulego lanetan ematen dituzu bi ordu. Kudeaketa hori bai dela erronka, lan asko exijitzen baitu», nabarmendu du.

ALTXORRAK ARTXIBOAN

Ez da izango lanak Deportiboko jendea ikaratzen duelako, 1924tik igarotako ehun urte hauetan denetatik eta asko egin dute, askotan mugak gaindituz, eta ez bakarrik herrikoak. Arrateko Igoerak, Bolunburu Oroitzarreak, Espainiako Txirrindularitza txapelketak, Indalecio Ojanguren argazki lehiaketak edota Euskal Jaiak.

Puntako protagonistak ekarri izan dituzte Eibarrera, eta kasu askotan baita nazioarteko ospea lortu ere. Lau hamarkadetan argitaratutako Kezka aldizkaria, Arantzazuko Santutegitik gertu jarritako eski-arrastrea, Euskal Herriko zenbait menditan jarritako kutxatilak, Eibar inguruetako herriak...

Zerrenda amaigabea da, eta aktibitate hori guztia batu, ordenatu eta zabaltzeko ardura hartu du elkarteak azken hiru urteetan, neurri batean digitalizatzen ere ari den artxiboarekin. «Altxor mordo bat dago, hemen zegoena. Adibidez, ehun urte hauetako akta guzti-guztiak, eta baita jende askok etxetik ekarri duena ere. Lan handia egiten ari gara, baina asmoa ez da hemen gordetzea, zabaltzea baizik, nahi duenak ikusteko. Internetera etengabe artxiboak igotzen ari gara (deporeibar.artxiboa.eus), eta uste dut benetan gomendagarria dela begiradatxo bat botatzea. Gauza zoragarriak daude», azaldu du Osorok. «Juanito Txokoren eta Juan Luis Atxaren familiak beren argazki bildumak eman dizkigute. Eta Indalecio Ojangurenen familiak utzitako bi album ere baditugu, bere mendi ibilerenak. Gauza harrigarriak topatuko dituzu. Indalecio bera, gerra aurrean, bizikletaz ez dakit noraino joan, mendira igo eta bizikletaz itzuli. Garai hartako bizikletan! Mota horietako dokumentuak altxorrak dira».

Indalecio Ojanguren bera Deportiboko presidentea izan zen, Juan San Martin edo Gregorio Santa Cruz bezala. Zerrenda luzea, izen ezagunez eta ez hain ezagunez betea... eta emakume barik. Hori da «gure erronka nagusietakoa», bihar hasiko den bigarren mendeari begira, onartu du Osorok. «Nire ustez, hurrengo presidenteak emakumea izan behar du bai ala bai. Ordua delako eta, gainera, emakumeak elkartean izan duen garrantzia aitortzeko ere. Egun bazkideetako herena inguru dira, aktibitateetan ere asko daude, gehiengoa dira dantzan eta atletismoan, adibidez. Baina historian zehar asko egon dira lan egiten, idazkariak, batzordeetako presidenteak, kirola egiten... Emakumeak lan asko egin du Deportiboan, eta hori goraipatu eta eskertu beharra dago».

EGUN HANDIA

Bigarren mende horretan lehen emakume presidentea helduko ote den ikusi aurretik, lehenengoa agurtu behar da. Eta horretarako egitarau zabala egin du Klub Deportiboak; atzotik hasita, iluntzean 300 bat lagunek Arrajolatik Urko mendira doan bidea argiztu baitzuten, 100 zenbakia margotuz.

Gaur egun osoko jaia ospatuko dute, 8.00etan mendi irteerarekin hasiz eta 20.30ean azken 50 urteotan Deporren egoitza izan den Toribio Etxebarria kaleko lokalean izan den luntxarekin amaituz. Bien bitartean, ikasleekin topaketak, bideo emanaldia, kirol erronka solidarioak -batutakoa Zaporeak elkarterentzat izango da- eta sokadantza, besteak beste.

Eta urtean zehar, mende honetan Deportiboko kideek Euskal Herriko mendietan jarritako kutxatilak eta iturriak txukundu eta berrituko dituzte.

Dokumentuaren akzioak