Dokumentuaren akzioak
Ehun talde inguru atzoko Dantzari Egunean
Guztiak, inguruko herrietan ibili zirenak zein Laudion bertan dantza egindakoak, Zumalakarregi ibilibidean elkartu ziren eta elkarrekin desfilatuz joan ziren Ellakuriko futbol zelaira, han eguneko ekitaldi nagusiari hasiera emateko. Hiru ordu pasa iraun zuen ekitaldi nagusi horretan bost bat mila dantzarik hartu zuten parte. Guztiek elkarrekin "Agintariena" dantza eginez zabaldu zen jaialdia. Lurraldeka aritu ziren taldeak ondoren. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko taldeek hartu zuten parte txandaka jaialdi handi horretan. Antolatzaileek talde bakoitzari hamar minutu uzten badizkiote ere, neurri hori gainditu egiten dute lurraldekako ekitaldiok eta atzo ere hiru ordu pasako emanaldia egin zen. Arabako taldeak izan ziren ekitaldi nagusiari hasiera eman ziotenak eta beste lurraldeetako ordezkariek beren emanaldiak bukatu zituztenean, talde guztiek "Biasteriko jota" egin zuten elkarrekin. Ekitaldi nagusia ikustera bildu zen jendearen artean gonbidatu berezi bat izan zen atzo, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria, Laudioko semea baita. Ekitaldiaren buruan herriko batzokira joan zen bazkaritara eta bazkari horretara gonbidaturik zeuden Euskal Dantzarien Biltzarreko zuzendaritzako hainbat kide.
Atzoko Dantzari Eguna, ordea, ez zen eguerdiko ekitaldiarekin bukatu. Arratsaldez, 17.30etik aurrera, Lamuza plazan bildu ziren berriro erromerian parte hartzeko, herriko plaza obratan dagoelako. Erromeria horretan lurralde bakoitzetik Laudiora joandako txistulari edo dultzainariek jo zuten lehenik eta Sorbeltz taldea zengoen programaturik ondoren. Dantzari Egunak tradizio handia dauka dagoeneko. Orain dela hogeita hamar urte hasi ziren antolatzen eta urtean-urtean lurraldez aldatzeko ohitura dute. Iazkoa Bizkaiak antolatu zuen. Sopuertako dantza taldea izan izan zen egun handi horren antolakuntzaren kargu egin zena. Laudiok bazuen esperientziarik egun honen antolakuntzan, orain dela sei urte ere beren esku egon baitzen ardura hori. Badirudi autengo Dantzari Egunaren antolakuntzan ez direla gauza guztiak nahi bezala atera. Hasiera batean Aretako (Laudio ondoko herriko taldea) egin zen lan horren kargu, baina egun horretako egitaraua osatzeko orduan diferentzia batzuk sortu ziren taldearen eta Euskal Dantzarien Biltzarraren zuzendaritzaren artean eta atzoko desfilean zein ekialdi nagusian Aretako eta Laudioko dantzariak biltzen dituen talde honek beste guztiekin batean parte hartu bazuen ere, ez dute antolakuntzan kolaboratu nahi izan.
Egunkari honek haserrearen arrazoiez galdegin zielarik, "Guk Dantzari Egun irekiago bat antolatu nahi genuen. Guk hasiera batean aurkeztu genuen egitarautik ideia batzuk onartu dituzte: dantza taldeak Aiara bailarako herrietara zabaldu dira eta hori positibotzat jotzen dugu, baina gure beste ekintza asko ez zituzten onartu, hala nola, egunaren inguruan antolatu nahi genituen hitzaldi, erakusketa eta gisakoak, eta antolakuntza gure gain ez hartzea erabaki genuen", esan zuen taldeko kide batek eta egunotako batean beren jarrera prentsaren bidez argituko zutela agindu zuen.
Esan bezala, atzoko Dantzari Egunak bailara mailako hedapena izan zuen bai goizez eta bai arratsaldez, Amurrion, esate baterako, jaialdi bat egiteko asmoa baitzuten 17.30etatik aurrera. Eta gauza bera egin behar zuten Arabako taldeek Laudioko Gardea auzoan, jaialdiaren bukaeran Oskorrik kantaldia emanez.
Badirudi, hogeita hamargarren edizioaren buruan Dantzari Egunak sendotzea lortu duela, partaide kopuruari dagokionez bederen.
Aurtengo edizioak zortzi milioi pezeta inguruko aurrekontua izan du eta Laudioko Udala, Vital Kutxa eta Arabako Foru Aldundia izan dira antolatzaileei diru-laguntzak luzatu dizkietenak.
Dokumentuaren akzioak