Dokumentuaren akzioak
Ehun lagun Añorgan dantzan
Arkaitz Añorgako Dantzariak taldeak 80 urteko ibilbidea du eta Euskadiko zaharrenetarikoa da. Dantzarien arteko giro paregabea da bere arrakastaren giltza
Ibilbide luzea du taldeak, beraz, eta historian zehar izen ezberdinak izan ditu: lehen urteetan, Añorgako Dantzariak izena hartu zuen; 80ko hamarkadan, izen propioak erabiltzea modan jarri zenean, Arkaitz izena jarri zioten eta, azkenean, izen biak elkartu eta Arkaitz Añorgako Dantzariak izenarekin gelditu da.
Neguan, astean behin entseatzen dute taldekideek, auzoko zinema zaharrean, eta hori kontatzen diguten bitartean, bide batez, instalazioek berritze lan handia behar dutela aldarrikatzen dute. Helduak larunbat goizetan elkartzen dira. Gehienak unibertsitateko ikasleak dira eta asko Donostiatik kanpo bizi dira astean zehar.
Entseguak bi ordukoak izaten dira eta, amaitu ondoren, auzoko tabernetara joaten dira. Dantza egitea eta lagunartean ondo pasatzea bat datozela argi dute taldekideek.
Añorgako dantza taldean helduak eta haurrak bi taldetan banatuta daude: helduen taldean 60 gizon-emakume, eta dantza eskolan, berriz, zazpitik hamar urtera bitarteko 40 haur.
Partehartzaile kopurua ona den arren, belaunaldi berrietan mutil gutxi daudela azaldu dute taldekideek. "Haurrak lau taldetan banatuta daude eta, horietatik hiru, neskatoz osaturikoak dira. Bestean, zazpi mutil daude bakarrik. Futbola dela eta, ez da erraza mutilak dantzara erakartzea. Zenbaitetan, eskolatara joan izan nahiz mutilei erakustaldi txiki bat egitera. Duela urte batzuk, mutil batzuk animatzea lortu genuen eta horietako batzuk gurekin dantzatzen jarraitzen dute gaur egun".
EUSKAL DANTZA
Tradizioari eustea
Euskal dantza tradizionala aberatsa da oso eta añorgatarrek leku askotako dantzak eskaini ohi dituzte: Gipuzkoakoak, Nafarroakoak, Zuberoakoak, Behe Nafarroa, Lapurdikoak… Hainbeste dira, non zenbatu ere ez dituzten egin.
Tradizioari eusteko asmoz, herrietan bertan ikasitako pausoak mantendu egiten dituzte. Baina taldean badira proposamen berrietara hurbildu nahi direnak ere. Horiek, hain zuzen, Juan Antonio Urbeltz koreografo ospetsuaren taldean sartu dira.
Ezkontzetan eta herrietako festetan eskaintzen dituzte emanaldi gehienak. Añorga, Donostia, Eibar, Baiona… Udan ez zaie konpromisorik falta. Eta horiek dira, hain zuzen, taldearen finantzaketa iturri nagusiak. "Urtean hamar ezkontza inguru egiten ditugu eta, dantza talde gehienek bezala, hortik ateratzen dugu diru gehiena".
Baina taldearen beharrak ugariak dira eta horiei aurre egiteko hileroko kuota jartzea pentsatzen ari dira. Arroparena da beharrik nagusiena, dantza bakoitzak janzkera jakin bat eskatzen duelako: "Urtero dantza berriren bat ikasten dugu eta arropa berria behar izaten dugu. Esate baterako, Otxagiko dantzak ikasten hasi gara eta jantziak baditugu ere, osagarri batzuk falta zaizkigu. Orain arte, Lasarteko eta Eibarko dantza taldeekin jantziak trukatu izan ditugu baina arropa propioa izan nahi dugu, hori betiko gelditzen delako".
Joan den Santo Tomas egunean txistorra postuarekin irabazi zuten dirua, esate baterako, arropa erosteko erabiliko dute ziurrenik. Bestela, bidai batean inbertituko dute. Duela urte batzuk, sarritan joaten ziren dantzatzera Euskaditik kanpo eta ohitura hori berreskuratu egin nahi dute.
Iazko udan, Kataluniako dantza jaialdi batean parte hartu zuten. Oso esperientzia polita izan zen eta bidaien ohitura berreskuratzeko ateak zabaldu zituen: "Leku askotako dantza taldeak bildu ginen: Euskadikoak, Katmandukoak, Sardiniakoak, eta abar. Jaialdiak lau egun iraun zituen eta, tartean, dantza lehiaketa bat antolatu zuten. Talde bakoitzak hamar minutuko saioa prestatu behar zuen eta arauak nahiko zorrotzak ziren. Oso polita izan zen eta, gainera, lehenengo saria lortu genuen. Orain, proposamen ezberdinak jaso ditugu hainbat lekutatik, Portugaletik, adibidez. Nonbaitera joango gara, baina oraindik ez dugu erabaki nora".
Arkaitz Añorgako Dantzariak taldeko kideak.
Dokumentuaren akzioak