Dokumentuaren akzioak
Ehun bat lagunek parte hartuko dute Irrintzik egingo duen dantza jaialdian
Zelai Arizti aretoan da ikuskizuna larunbatean; 19:30erako iragarrita bazegoen ere 19:00etan hasiko da.
Urretxuko eta Zumarragako kultur gidan 19:30erako iragarrita bazegoen
ere, jaialdia ordu erdi lehenago hasiko da, 19:00etan. Sarrerak
jasotzeko leihatila ordubete lehenago zabalduko dute. Ikuskizuna doan
izango da.
Irrintzi taldeko kide Alaitz Artolazabalen arabera Lapurdiko
kontradantzak dantzatuko dituzte aurten. «Horixe izango da berritasunik
nabarmenena erakutsiko ditugun dantzei dagokienez. Kontradantzen
aurretik mutilek makil dantza egingo dute sarrera gisa».
Aipatzekoa da, baita ere, Iker Rodrigezek Oskorriren
ezpatadantzarekin prestatutako koreografia. «Horretarako musikarien
laguntza izango dugu». Musikari gehienak urretxuarrak eta zumarragarrak
izango dira. Jaialdian ondoko musika tresnak entzun ahal izango dira:
txistua, danborila, trikitia, soinua, perkusioa, gitarra eta biolina.
«Musikarekin jaialdia aberasteko asmoa daukagu, eta horregatik musika
tresnen zerrenda zabaldu dugu aurten».
Sorpresa bat baino gehiago
Inauterietako dantzak ere erakutsiko dituzte, Altsasukoa eta
Abaltzisketako Txantxoena. Gainera, Axuri-beltza, Banakoa, Arku dantza
eta beste ere egingo dituzte.
Larunbateko jaialdian, dantza eta musika uztartzeaz gain,
ikus-entzunezkoentzat tartea ere egingo dute. «Emango ditugun irudiekin
lotutako sorpresaren bat edo beste egongo dela aurreratuko dut.
Gainera, Bertso Eskolako kideei hordagoa bota diegu, eta ezetzik esan
ez dutenez bertsoren bat edo beste entzuteko aukera ere izango dute
Zelai Ariztin biltzen direnek», jarraitu du Irrintziko kideak.
Urtero Zelai Arizti aretoa bete egiten da Irrintziren saioa
ikusteko, eta jendea kanpoan gera daiteke. «Aurretik Beloki
pilotalekuan egiten genuen jaialdia, baina zinema aretoa frontoia baino
egokiagoa da; frontoiak ikus-entzunekoak eskaintzeko aukerarik ez zigun
ematen, deserosoagoa zen ikusleentzat eta argiekin jokatzeko modurik ez
zigun uzten», azaldu du Artolazabalek.
Jaialdiarekin helburu bat baino gehiago bete nahi dituzte
dantza taldekoek. «Taldeko kide guztiok taulatu bera konpartitzea,
egiten dugun lana gizarteratzea eta, nola ez, inguruan ditugun gurasoei
eta laguntzaileei ikuskizuna eskaintzea». Irrintzi dantza taldeak lau
urtetik gorako haurrei eskolak eskaintzen dizkie, eta horrela taldea
handituz doa urtero.
Dokumentuaren akzioak