Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka EHUk euskal kultura ikertuko duen Mikel Laboa katedra jarri du abian

Dokumentuaren akzioak

EHUk euskal kultura ikertuko duen Mikel Laboa katedra jarri du abian

Gipuzkoako Aldundiak 555.000 euroko laguntza emango dio Euskal Herriko Unibertsitateari euskal kultura ikertu eta nazioartean sustatu dezan. Ildo nagusia Mikel Laboa izango da gure folklorean izan duen garrantziagatik eta euskal kultura eredu bat delako, baina berarekin elkalanean aritutako sortzaileak ere aztertuko dituzte. Era berean, disziplina desberdinetako egungo eragileen arteko lankidetza ere bultzatuko dute sorkuntza abersatsagoa lortzeko.
Egilea
Nagore Belastegi
Komunikabidea
Gara
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2013/03/19
Lotura
Gara

Mikel Laboa Katedra martxan jarri du Euskal Herriko Unibertsitateak euskal kultura eta hondarea ikertzeko asmoz. Sortzaile hori hautatu dute aztergaiarekin harreman handia duen gizona izan zelako. Hala, Laboak birizik zegoenean hasi zuen euskal arteak sustatzeko bidea jarraituko du unibertsitateak, batez ere gutxi aztertu diren gaiei garrantzia ematen, alegia, musika, dantza eta bertsolaritza.

Juan Kruz Igerabide dugu Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundutako ikerketa-bide honen zuzendaria. Honek, atzo goizean Donostiako unibertsitateko kanpusean egindako aurkezpenean azaldu zuen lehenengo urte honetan gehien bat ikerketa Mikel Laboaren figuran beran eta bere inguruan aritu ziren sortzaileetan zentratuko direla. «Ezinezkoa izango da dena ikertzea baina ahal duguna egingo dugu», aipatu du. Ikerlari talde bat osatuko dute eta kultur eragile desberinekin elkarlanean arituko dira arte espresio desberdinen arteko harremanak sustatzeko, adibidez, Kukai dantza taldearekin, Etxepare institutuarekin edota Eresbil musika gordailuarekin. Era berean, master amaierako proiektuak zein tesiak aurrera eramateko bekak eskainiko dituzte, eta baita sorkuntza bultzatu ere.

Azken helburua Euskal Herritik kanpo Mikel Laboaren lana, eta bide batez beste euskal sortzaileena, ezagutzera ematea bada ere, bidean katedrak bestelako xedeak ditu. Esaterako, aurten kantu-sormen lehiaketa bat jarriko dute abian, baita katedraren inguruko webgunea informazio osatuarekin ere. Udazkenera begira, kantautorearen inguruko jardunaldiak eta erakusketa bat egingo dute, baita argitalpen monografiko bat prestatu ere 2014ean kaleratuko dena.

Marisol Bastida, Laboaren alarguna, ere aurpezkenean izan zen. «Unea ez da erraza, baina gasturik gabe ez dago aktibitaterik, eta aktibitate hau funtsezkoa da arteak bizitza ematen digulako eta krisi garaian ere bizitza dagoelako», aipatu zuen hunkituta. Honek azaldu zuen bere senarra zenak hiru arlotan lana egin zuela batez ere: kanta zaharrak berreskuratu, poema garaikideak musikalizatu eta bere kabuz esperimentatzea.

Laboaren pausoak jarraituz

Aldundiaren izenean Martin Garitano diputatu nagusia izan zen aurkezpenean. Honek adierazi zuen katedran egingo den lana Laboak berak hasitakoaren jarraipena izango dela euskal kulturaren arlo guztien sustatzaile moduan. Garitanoren esanetan, Laboak hizkuntzaren mugak gainditu zituen maitatzen zuen hura bultzatzeko bidean. Katedra hau garrantzitsua dela uste dutelako, Dipuztazioak 555.000 euro bideratuko ditu funtsa honetarako, eta inbertsio moduan ikusten duela azaldu zuen euskal kultura «ekonomia bizkortzeko tresna» ere badelako, eta Laboak, finean, «Euskal Herriaren soinu banda» egin zuelako.

EHUtik Iñaki Goirizelaia errektoreak eta Amaia Maseda errektoreordeak hartu dute parte atzo goizeko ekitaldian. Lehenak, Aldundiari eskerrak eman zizkion bere laguntzagatik oinarrizkoa ikusten baitu. Era berean, abeslariak 2000. urtean unibertsitateko urrezko domina jaso zuenean esandakoa gogora ekarri zuen: «iraganeko oroitzapenek bertara eraman zutela esan zuen, eta bere oroitzapenengatik sortu dugu katedra hau».

Unibertsitatearen omenaldi bat abeslariari

Goirizelaia errektoreak azpimarratu nahi izan zuen laboak Euskal Herriko Unibertsitatearekin zuen harremana. 2008an abeslaria hil eta gero, harreman hori eten beharrean indartu egin da eta anitzak dira bere izenean martxan jarri izan diren ekimenak. Bizkaiko kanpusean egin dituzten obren ostean plaza bati abeslariaren izena jarri diote.

2010ean, ordea, bera omentzeko adierazpen artistikoko lehiaketa bat egin zuen unibertsitateak eta 76 lan jaso zituen. Sariak disziplina anitzetan banatu zituzten: euskaraz zein gaztelerazko idazkera testuentzat, arte plastiko eta ikusentzunezkoentzat, eta bere abestien bertsioak egin zituztenentzat. Horrez gain, aipamen berezia egin zioten irakasleek eta ikasleek batera egindako argazkiz osatutako liburuari. EHU eta Laboaren harreman horren eredu da ere bai katedra berri hau, zeinek abeslariaren espiritua bizirik mantentzen saiatuko den. N.B.

p038_f01.jpg

Dokumentuaren akzioak