Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Eguzkia lagun, animoa alai eta hankak arin zituen jendez bete zen Errenteria atzo

Dokumentuaren akzioak

Eguzkia lagun, animoa alai eta hankak arin zituen jendez bete zen Errenteria atzo

Erromeria eguna

Egilea
A. J.
Komunikabidea
Gara
Tokia
Errenteria-Orereta
Mota
Albistea
Data
2003/07/13

Errenteriako plaza eta kaleek musikaz eta dantzaz gozatzeko prest zegoen lagun andana hartu zuten atzo, egun osoan, eta giro ederrean ospatu zen Erromeria Eguna. Euskal Herri osoko musikari eta dantzaren zaleak bildu ziren herrira, eta atzoko bero galantak ez zituen kikildu beso, hanka eta gerriak mugitzerakoan.



Trikitilariak, dultzaineroak edo albokariak lanean hasten zirenen bakoitzean, arin-arina, fandangoa edo beste dantzatan aritzeko prest zeuden inguruko lagunak. Herri bazkarian 500 lagun izan ziren, eta kaleetan, ezin esan. Antolatzaileak oso pozik daude festaren V. ekitaldiak eman zuenarekin.



Erromeria Eguna antolatzen duen Ereintza dantza taldekoak «oso pozik» zeuden atzo arratsaldean, aurtengo ekitaldian, eta eguraldia lagun, izugarrizko jende pila bildu zelako Errenterian, erromeriatan parte hartzeko gogotsu, gainera. Juantxo Mayaren esanean, «jendez gainezka dago herria, dantzaren zaleak pozik asko eta alai etorri dira eta hori igertzen da, jendea oso kontent dago eta hori ikusi egiten da», azaldu zion GARAri.



Hala zen, goizetik hasita baserritar jantziak ikus zitezkeen Oreretan gora eta behera, kolore, oihal eta mota askotakoak, eta asko betaurreko beltzez atonduak, eguzkia ez baitzen txantxetakoa. Guztiek alkandora bustita amaitu zuten, atzoko bero lamagatik eta kalejiran, fandangoan zein arin-arinean aritzeagatik botatako izerdiaren ondorioz. Bero gehiena, dena den, Zubietako joaldunek sufritu zuten, beren jantziekin eta joareei eraginez egun osoan atzera eta aurrera. «'Zatoz dantzara plazara' leloa guztiz bete da», esan zuen Mayak, izan ere, adin guztietako dantzariak egon ziren Oreretan dantzan.



Trikitilariak, dultzaineroak, albokariak, txarangak eta dantzariak Esmalteria plazatik atera ziren 11.30 aldera, talde txikitan banatuta, kalejiran, ordu batean Zumardian elkartzeko. Plaza eta guneetara iritsitakoan dantzaren zaleek kalejira utzi eta hainbat pieza biribilean dantzatzen zituzten, eta talde gonbidatuek erakustaldi txikiak egiten zituzten. Irungo Txorimalo taldeko gaztetxoenek, esaterako, trikitia, kanabera eta panderoa jotzen duten abilezia agerian utzi zuten Foru plazan, eta 60 urtetik gorako dantzariek oraindik hankak, besoak eta gerriak arinak dituztela erakutsi zuten.



Irrintzi artean eta jai giroan joan zen goiza, eta arratsaldea beste horrenbeste. Antolatzaileek herri bazkarira joan ziren 500 lagunak gogoz kontra mugiarazi zituzten, «oso animatua izaten da bazkari hori eta inork ez du utzi nahi», esan zuen Juantxo Mayak, baina seietan erromeria nagusiari hasiera eman zitzaion Zumardian, eta beste bi gune txikiagoetan.



Jende asko itzaletan geratzen zen, begira, «eguzkitan izugarrizko beroa egiten baitu», baina Patxi Perez lapurtarrak Zumardia dantzan jarri zuen. Bere ikasleak ere han ziren, jakina. Goizean begira aritu ziren, ikasitakoak alderatzen edo, baina arratsaldean besteekin batera dantzara animatu ziren. Gauean jai giroak La Font de la Carota eta Trikizio taldeekin jarraitu zuen.



«Parte-hartzea eta giroa izugarriak dira»

A.J.



ERRENTERIA-ORERETA



Kataluniako La Font de la Carota musika taldeko kideak txundituta zeuden Erromeria Egunaren giroarekin. Gaueko dantzaldian jotzera etorri ziren, antolatzaileek gonbidatuta, eta goizetik kalejiran ibili ziren, beste musikariekin batera, jende artean. Ezin zuten sinetsi Oreretan zegoen giro aparta. «Sinetsezina da, parte-hartzea izugarria da, jendea dantzan egitera animatzen da, han (Katalunian) ez da horrelakorik gertatzen. Badira jaiak, baina elkarteetako lau kate ateratzen gara, ez dago horrelako giro eta parte-hartzerik», zioen irribarretsu Angel Laguna musikariak.



La Font de la Carotakoek dantzarako folk musika egiten dute, tradizioa oinarri hartuta, eta hainbat lekutan egon dira beren musika eta dantzak erakusten, baina lehenengoz izan ziren gurean, atzo. Ez omen zuten inondik inora horrelakorik espero, eta penatan ziren ezin zirelako herriko jaietarako geratu. «Tamalez bihar goizean (gaurgatik) joan egin behar dugu, baina itzuli egin beharko genuke!», esan zuten.

Dokumentuaren akzioak