Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Egutegirik gabeko inauteriak

Dokumentuaren akzioak

Egutegirik gabeko inauteriak

Zubietako joaldunek iturendarrei urteroko bisita egin zieten atzo, eta gaur iturendarrak joango dira Zubietara.

Egilea
Alberto Barandiaran
Komunikabidea
Berria
Tokia
Ituren
Mota
Albistea
Data
2007/01/30

Inauteriek, atzo, jende andana bildu zuten berriro Malerrekako herrixkan. Argazkilari saldoa, politikariak ere bai, telebista kamerak. Denak herriko ostatuko ganbaran, gazteetako batek lehen pausoa eman eta jantziak soinean jartzen noiz hasiko zain. Baina inauteriak, Iturenen, errege gauean hasten dira. Eta amaitzen, autobusek eta argazkilariek eta politikariek herria utzi, eta iturendarrek erabakitzen dutenean. Hor egutegirik gabekoa baita inauteria.

Atzo, lasaitasun berezia zegoen herrian. Lasaitasun susmagarria. Kalean okina, egunkari guztiak etxeko ateetan jarrita. Mendian elurra, eta zeruan urdina. Plazako ostatuan, dozena erdi bat lagun. Salda eta txistorra pintxoak. Kafea pattarrarekin. Isiltasuna kikara lurrintsuen aurrean. Hotza.

Joare hotsak heldu dira kale batetik. Bi gazte, hamalau urte hor nonbait, badoaz apal, lasai, lotsati. Beste bi lagunek, hogei urte hor nonbait, harro erakusten diote atorra loreduna zeropeko giroari. Burua alderik alde zeharkatzen dieten labana jostagarriekin irri egin dute bazterrean zain dauden bi gizonek. Zain, gero eta jende gehiago zain, bide bazterrean.

Ehun bat lagunek betetzen dute herriko etxeko ganbara. Keak eta giza beroak dena hartzen du. Mahaian okela, arrautza frijituak, ardoa, kafea, pattarra. Aurreko egunetako nekearen hondarrak aurpegietan, baina intimitate giroa. Iturendarrak elkarrekin daude.

Kalean, gero eta auto gehiago. Foru Polizia zirkulazioa zuzentzen hasi da. Zeru urdina. Plaza betetzen hasia.

Barruan, giroa bero. Kantaren bat edo beste. Bromak. Puruak. Apustua badago, lehena nor altxatuko. Txikiak sartzen dira larruak eta ttuntturroak eskuetan. Baina gazteak eserita daude oraindik. Zubietan ibiliko dira ordu honetan. Eta Aurtitzen prest edukiko dute salda beroa eta ardoa.

Iturenen, lasai daude. Duela hiru aste hasi zen inauteria, errege gauean gazteenak joareak janzten hasi zirenean. Ez dago presarik. Baina bisitariak iritsi dira, eta politikariak eta argazkilariak ere bai. Eta telebista kamerak. Eta lehena altxatu eta larruak hartu eta soka hartu eta joareak hartu eta azpiko gona lehendabizi, eta urteroko zeremonia. Eta azalpenak, eta adierazpenak. Esanahiaz, tradizioaz. Baina gazteek eserita jarraitzen dute. Ordurik ez dago. Aurtitzetik etorri eta gero zubietarrekin betiko tokian elkartuko dira betiko moduan, ordutegirik gabe, egutegirik gabe. Egiten dutena egiten dutela. Beti izan da horrela.

Eta dena jendez betetzen hasten denean, asko etxeko ikuiluetan ezkutatzen dira, eta gordetako mozorroak ateratzen hasten dira. Eta gero plazan botako dute simaur guztia, sabelaldeak erakutsiko dituzte, neskak dantzatuko, eta orroak haizatuko. Kalean galduko dira eta, beti bezala zubietarrekin elkartu eta gero eta herrira itzultzen direnean, eta bisitariek herria uztean, orduan jarraituko dute inauterietan, gaur ere bai, eta bihar ere bai. Eta larunbatean berriro. Argazkirik gabe, ordutegirik gabe. Egutegirik gabe. Beti bezala.

############

Jose Maria Alvarez Argazkilaria

«Hau da egun handia iturendarrentzat»

alberto barandiaran

Ganbaran estu antzean zebilen atzo iturendar hau, herriko ostatuan pilatutako jendetzarekin deseroso nonbait. Nolanahi ere, jaia osasungarria dela azpimarratu du.

Zer dira zuretzat inauteriak?

Guretzat, joaldunentzat, joareekin ibiltzeko egun bat, besta egiteko egun bat eta herri guztiarekin disfrutatzeko egun bat.

Ez da egun hau bakarrik, hala ere.

Bai, bai, aurretik egun gehiago izaten dira, eta ondoren ere bai. Baina jendeak ezagutzen du hau, guretzat, iturendarrentzat, egun handia hau delako. Eta zubietarrentzat bihar izango da egun handia.

Txikitatik ospatu duzuen eguna?

Bai, ni beti hemen bizi izan naiz orain arte, eta era batera edo bertzera, adin guztietatik pasatuta. Oraindik zahartu ez gara egin, zahartzean ez dakigu nola biziko dugun, baina badago adin guztietako jendearentzat hemen lekua.

Baina adin batetik aurrera ez dute jarraitzen. Zergatik?

Normala. Denek behar dugu ohitura pixka bat, gorputzak handia eramaten du.

Hainbeste jende hemen inguruan, gustatzen zaizue?

Egia erran, joareak jartzeko orduan pixka bat deserosoa da, jende piloa dago. Saiatu behar dena da jartzen ari denari behintzat ez trabarik egiten. Jendeak libre utzi behar du tokia, leku nahiko ttikia geratu delako sabaia horretarako.

Eta bukatuko, noiz?

Bihar [gaur] Zubietara buelta, asteazkenean herritik buelta, eta larunbatean, kontu eguna. Bazkaria eta gero afaria ere bai.

Gazteak sartzen dira?

Ez dut inongo arazorik ikusten jendeak jarrai dezan.

Dokumentuaren akzioak