Dokumentuaren akzioak
"Egungo gizarte eta politika arloko gaiak dantzatzen ditugu maiz"
Eneko Balerdi, dantzaria
Duela hiru urte joan zen Eneko Balerdi aiarra London Contemporary Dance School zentrora dantza garaikidea ikastera. Tolosako Leidor antzokiko XI. Dantzaren Nazioarteko Eguneko jaialdian izan zen igandean bere ikaskide den Marcella Cappelletirekin dantza saioa eskaintzen eta oso esperien-tzia ona izan zela adierazi du. Orain buru-belarri dago berriz ere Londreseko ikasketekin, nahiz eta etxekoen eta aurreko bizitzaren falta sentitu. Hala ere, esaera zaharrak azaltzen duen moduan, Balerdik argi dauka "gustuko lekuan aldaparik ez" dagoela.
Noiz eta nolatan hasi zinen dan-tzan? Zertan ari zinen dantzan hasi baino lehen?
Zubietan ikasketak egin ondoren Michelin enpresan egin nuen lan. Ondoren, 21 urterekin, lana utzi eta Londresera etorri nintzen dantza ikastera. Dantza garaikidea ari naiz ikasten duela hiru urte. Egungo gizartearekin bat garatuz doan arte espresioa da dantza. Egungo politika eta gizarte arloko gaiak lantzen ditugu askotan dantzaren bitartez, nahiz eta beste gai batzuk ere jorratzen ditugun.
Londresen zabiltza dantza ikasten. Zer da kanpoan ikasteak eskain-tzen dizuna?
Londres izan da Euskal Herritik kanpo bizi izan naizen lehen hiria dantzan hasi nintzenetik. Euskal Herrian urtebete pasatxo egin nituen dantza ikasketak. Garai hartan, lantoki batean ari nintzen lanean eta ez nuen dantzan hemen bezain beste egiten, denborarik ez nuelako. Unibertsitate mailako ikasketak egitea eskaini dit Londresek. Entrenamendu fisikoaz gain, arte ikasketak lantzen ditugu. Gainera, horrelako hiri batek, dan-tzaz gain, beste arteetan mugimendu itzela eskaintzen dizu. Oso aberasgarria da.
Zer eskaintzen dizu dantzan ari-tzeak?
Gaur egun dena eskaintzen dit. Hiru urte hauetan ez dut ez parranda, ez bidaia, ez bestelakorik egiteko denborarik izan. Ez lehen adina behintzat. Horiek ere ezinbestekoak dira. Ordea, dantzari eskaini diodan denbora guztiak, nire bizitzan ezinbestekoa bihurtu du. Gustuko dut eta gustuko lekuan aldaparik ez dio esaera zaharrak. Egun, dantzak eskaintzen didana gozatzen dut eta badut garaia dan-tzari eskaini diezaiokedana ematen hasteko.
Tolosako Leidorren dantzatu zenuen igandean. Zer sentitu zenuen?
Dantzaren Eguneko jaialdian dan-tzatzeko aukera izan genuen nire ikaskide italiarra den Marcella Cappelletik eta biok. Esperientzia aparta izan da. Neuk egin nien proposamena antolatzaileei eta onartu zutenean asko poztu ginen. Gainera, Euskal Herriko antzoki batean dantzatzen nuen lehenengo aldia zen kanpora atera nintzenetik. Aurretik ere ez nuen gauza gehiegirik egiteko aukera izan. Harrera ona izan du prestatu genuen lanak eta horrek pozten nau. Hiru urte hauetan dantzatutako saio guztiak izaten ditut gogoan eta hau ere ez dut ahaztuko.
Londresen ikasten ari zarena Euskal Herrian ikasteko aukera ba al duzue dantzariek?
Euskal Herrian batez ere balet ikasketak egiteko aukera izaten dute dantzan ikasi nahi dutenek. Garaikidean ez dago halako aukerarik oraindik. Londresen aldiz, teknikaz gain, dantzaren arte ikasketak egin ditzakezu Unibertsitatean. Ingalaterran, teknika fisikoaz gain, dantzarien sormena lantzen dugu jasotzen ditugun eskolekin.
Etxean izan zinen asteburuan. Familia eta lagunen falta sentituko zenuen hiru urte hauetan...
Gozokia eman eta segituan eskuetatik kendu dioten haur bat senti-tzen den moduan itzuli naiz Euskal Herritik. Etxekoak eta lagun gehienak ikusteko aukera izan dut Londresera itzuli baino lehen baina ez nahi adina gozatzeko. Aiara egiten dudan hurrengo bisitan izan beharko du kafea lasai hartzeko beta!
Zaila al da dantzatik bizitzea? Zeintzuk dira etorkizunera begira dituzun asmoak?
Artetik bizitzea zaila da, baina ez ezinezkoa. Irakaskuntzak lagun dezake horretan eta nik oso gustuko dut irakaskuntza lanetan ari-tzea. Laster hasiko naiz prestaketa lanetan. Dantzatzea, irakastea eta koreografiak sortzea dut gustukoen. Duela gutxi hasi naiz eta orain gehiago ikasteko gogoa daukat.
Zure herrian lan egitea gustatuko al litzaizuke?
Bai. Euskal Herrian bizi eta lan egin nahi dut prest sentitzen naizen bezain laster. Bestalde, Londresetik irten eta gainontzeko Europako hirietan zer dagoen ezagutzeko gogoa ere daukat. Hiru urte hauetan ez diot dantza egiteari utzi eta arnas pixka bat hartzea ere beharrezkoa da. Hainbat konpainietarako frogak ari naiz egiten azkenaldian eta uda ondoren erabakiko dut horietako zeinetara jo.
Dokumentuaren akzioak