Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Egungo dantzaren egoera Gipuzkoan

Dokumentuaren akzioak

Egungo dantzaren egoera Gipuzkoan

Aintzane Legorburu, Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteko kidea

Egilea
Aintzane Legorburu
Komunikabidea
Argia
Mota
Iritzia
Data
2001/06/03

Aurtengo Dantzaren Nazioarteko Eguneko manifestuan zera esaten zen: "(...) oinez ikasten ariko bagina bezala da...", dantzaren garapen geldo baina etengabeari buruz ari zelarik. Gure kasuan, berriz, oraindik amaren sabelean gaudela esango nuke.



Argi dago dantza munduan murgilduta gabiltzanon lana eta gogoa nahikoak ez direla eta instituzioen konpromisoa ezinbestekoa dela. Kultura suspertzeaz ari gara, arte espresio bakoitzari berea emanez, kasu honetan dantzari. Zer eman?



BATETIK, gure ikasleek 14-15 urterekin etxetik urrun joan behar izan ez dezaten, dantza titulazio ofizial bat lortzea ahalbidetuko dien Dantza Eskola ofizial baten proiektua aurrera eramatea.



Bestetik, urte osorako dantza programazio iraunkor bat eskaintzea, dantza estilo desberdinetako konpainiak ikusteko aukera emango diguna, hau da, dantza garaikidea, dantza klasikoa eta antzerkia eta dantza bateratzen dituzten konpainiak esaterako.



Kasu horretan ere lan handia egin beharra dago, egun Gipuzkoan eskaintzen den dantza programazioari begiratuz gero, positibotzat jotzen dugu, baina jakin badakigu eskaintza zabaldu beharra dagoela, Donostian bertan bai eta herrietan ere.



DANTZA programazioa ez da eszenatoki eta leku zehatz batera mugatu behar, gaur egun gertatzen den bezala, baizik eta beste antzoki, kultur etxe edota toki gehiagotara iritsi behar du, bere adierazpide guztien bitartez.



Eskaintza zabaltzeaz ari garenean ez ditugu, aurretik esan dudan bezala, dantza estilo guztietako eta maila desberdinetako dantza konpainiak ahaztu behar. Hala eginez gero, dantzaren esparrua mugatzen ariko baikinake eta horrek ez luke ondorio onik ekarriko arte espresio honen garapenean. Aipatutakoari buruz adibide bat jartzearren hor daukagu Kursaala, eta zehazki honi buruz bertakoa den dantzari ospetsu batek zioena errepikatu besterik ez dut egingo: "(...) Kursaala, dantzari dagokionez, sukaldaririk gabeko jatetxe bat bezalakoa da...". Hau irakurri ondoren, jadanik badakigu, dantzari honek lan egiten duen konpainiak adibidez ez duela emanaldirik eskainiko Donostian, maila handiko konpainia denez beraiek programatzen dituzten koreografiak aurkezteko leku aproposik ez dagoelako eta hasiera batean Kursaala maila handiko ikuskizunetarako lekua zela uste bagenuen, orain, kanpo itxura besterik ez dela jakin dugu.



BUKATZEKO esan nahi nuke, Gipuzkoako Dantza Profesionalaren Elkarteko kideok dantza gizarteratu nahi dugula eta gure kasuan dantzaren bultzada horretan parte hartu nahian gabiltzala, guztiontzat -dantzarientzat eta dantzarekin zerikusirik ez dutenentzat ere- onuragarri izango baita. Hemendik aurrerakoa, artikulu honetan adierazi dudan bezalaxe, beste batzuen esku geratzen da.

Dokumentuaren akzioak